Eta Tourreko lehiaketa iritsi bitartean zer?

Dauphiné Libéré eta Luxenburgo 2009Asko dira dagoeneko Tourrerako kiniela egiteko zain direnak. Giroaz gozatu dugu, laugarren urtez Tropeleko lehiaketarekin bizitzeko aukerarekin. Hori kiniela egin duzuenok, ezagutzen baititut zenbait konturatzerako Giroa hasi zaienak eta horiei Tourreko lehiaketaren itxaronaldia luzeagoa gertatzen ari zaie.

Bitartean zer? Bada txirrindularitzaren egutegiak hurrengo egunetan eskainiko dizkigun ekitaldiei jarraipena egitea geratzen zaigu. Alde batetik txirrindularitza gustatzen zaigulako eta bestetik, zergatik ez, Tourrean kiniela on bat egiteko ahalik eta informazio gehiena biltzeko.

Asteazkenean Luxenburgoko Itzulia hasi zen. Parte hartzaileen artean Euskaltel-Euskadi aurkitzen da, Giroari muzin egin ondoren lasterketa honetan bueltatzen da berriro ere lehiaketara Amets Txurruka talde buru dutelarik. Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak izango dira lehiatzen arituko diren euskaldun bakarrak Luxenburgon.

Bost eguneko itzuli hau asteazkeneko prologoarekin hasi zen. Tourrean izaten den bezala, 2,7 kilometrotako erlojupeko motza, maillotaren jabea erabaki zuena. Prologo honetan Astana taldeak irabazi zuen Rast gaztearen lanari esker. Atzoko etapa, berriz, Mondorf-les-Bainsen amaitu zen esprintean eta Napolitano izan zen garailea. Eta gaurko etapan Andy Schleck izan da garailea Breschel eta Aitor Galdosen aurretik. Gaurko etaparen ondoren Rastek lasterketa lidergoa galdu du eta Bazayev taldekideak eskuratu. Oraingoz Astana taldea lasterketaren buru da baina oraindik bi etapetan gauzak alda daitezke. Euskaldunei dagokienez, Aitor Galdos da sailkapeneko gizonik aurreratua 6 segundora 4. postuan. Amets Txurruka 15. postuan da 22 segundotara. Igandea bitartean, beraz, Luxenburgora begira izango dugu begi bat badaezpada, txirrindulariak zein mailatan dabiltzan jakiteko, batez ere gure txirrindulariak.

Igandean esan bezala, Dauphiné Libéré hasiko da. Astebete iraungo duen lasterketa honetan Tourrean parte hartzen duten txirrindulari gehienak izaten dira. Garrantzitsuenak Evans, Contador, Valverde, Gesink,… bertan izango dira. Kasu honetan begi bakarra ez, bi begiak eta ederki irekita izango ditugu lasterketa horren nondik norakoak jakiteko. Gainera, ETB1ek ohi duen bezala, Fermin eta beste esatariekin lasterketa jarraitzeko aukera izango dugu.

Beranduago Suitzako Itzulia izango da, ekainaren 13tik 21ra hain justu. Oraindik urruti dago eta informazio gehiegirik ez dugunez gogoratu bakarrik egin nahi nuen. Aurrerago joango gara komentatzen.

Baina zerbait ahaztu zait, ez? Ez al duzue zerbait faltan botatzen? Ba bai. Orain urtebete Euskal Bizikletaz aritu zen Hibai adiskidea. Zerbait susmatzen genuen, baina ez genuen usteko 2008ko edizioa azkena izango zenik. Tropela Elkartekook Euskal Bizikleta gustora jarraitu ohi izan dugula esan dezakegu Efimkini lasterketako lider izan zenean egin genion elkarrizketa kasu. Garai horiek pasa dira eta Euskal Bizikleta ere historiaren parte bihurtu da. Hemendik aurrerako ekainak ezberdinak izango dira.