Gaur 9 urte luze betetzen ditugu

Gaur betetzen ditu Tropelak urtea, 9 hain zuzen ere. Bai, 10. denboraldia da aurtengoa baina bete ditugun urteak 9 dira. Baina hala ere ez al dira asko?

Pentsa zein lanpetuta gabiltzan post hau idazteko ere astirik hartu ezinda ibili garela. Baina ezin dugu gaur bezalako egun garrantzitsu bat, guretzat bederen, aipatu gabe aurrera egin.

Ez genekien zein argazki edo bideo jarri, eta azkenean hauxe aukeratu dugu. Bideo hau orain ia 9 urte izan zen grabatua orduko “Bertatik bertara” saiorako, ekainean hain zuzen ere. Ordurako webgunea martxan jarri genuen eta zalantzarik gabe bultzada handia eman zion ETBko saioak gure ekimenari. Oraindik gogoan dugu saioan agertu eta 2005ko Tourreko kinielen kopuruak nola hartu zuen abiada!! Arras gainditu ditugu urte hartan bildu genituen 2.800 kiniela – hala ere hura bai marka ikaragarria! -. Guri behintzat oroitzapen hunkigarriak ekartzen dizkigu bideo honek eta zuekin elkarbanatu nahi genuen.

Gauzak aldatzen joan dira urte hartatik eta gu ere saiatu gara aldaketetara moldatzen. Beharbada aldaketarik handienak aurtengoak izango dira, bai webgunean izandakoengatik baita Itzuilarekin elkarlanean webgune berriaren lanetan murgildu baikara. Eta guztia euskara, txirrindularitza eta teknologia berriak uztartzeko asmotan, hasieratik jarri genituen oinarriei eutsiz.

Eta ez ahaztu guzti hau posible izan dela zuengandik urte guzti hauetan zehar jaso dugun babesagatik. Erabiltzaileok izan zerete proiektu hau aurrea eramaten lagundu diguzuenak, lehiaketaz lehiaketa zuen kinielak eginez, hobekuntzak proposatuz, animoak emanez,… Eta batez ere gure familiei eskerrak, denbora luze honetan gurekin izan duten pazientzia eta eskainitako babes guztiagatik.

Jarrai dezagun Tropelaz gozatzen! Zorionak guztioi eta urte askotarako!!