Atzo goizean Lokatza Elkarteak aurtengo Gorlako igoerako “Radio Tour” internetez entzun ahal izango dela zabaldu zuen. Hau da, epaile eta lasterketa barruko ibilgailuen artean informazioa zabaltzeko eta lasterketaren egoera zein den jarraitzeko erabiltzen den irrati seinale hori edonork entzun ahal izango duela internet bidez. Inoiz halako seinalerik jarraitu ez duenak ez espero irrati saioen moduko ezer, aspergarria ere izan baitaiteke, seinalea galtzea ohikoa izaten delarik, soinu kaxkarra… baina dudarik gabe, lasterketaren informazioa momentuan jasotzeko biderik zuzenena da. Aurrerapauso bikaina eta txalotu beharreko ekimena teknologia berrien bitartez txirrindularitza jendearengana hurbiltzeko.

Iaz, beste ekimen bat aipatzearren, kadeteen Txuma Memorialean eta beste Bizkaiko zenbait probetan erabilitakoa ere aipatu nahiko genuke. GPS bitartez txirrindulari bakoitza uneoro non dagoen eta lasterketaren egoera edozein telefono mugikorretatik jarraitzeko beste sistema bat probatu zen, oraindik doitu beharrekoa, baina ekarpena bera txirrindulari zale orok txalotzeko modukoa da. Egia da Tourrak eta bestelako lasterketa handiek antzerako sistema erabiltzen dutela, beraz, zerbitzua bera ez da berria, baina bai teknologia, eskuragarriagoa baita. Pentsa, kadete mailako lasterketa batek erabiltzeko moduko sistema da. Asko dira ere beren sare sozial edota webguneen bitartez 23 urtez azpiko, jubenil edo eskoletako lasterketen zuzeneko informazioa ematen saiatzen direnak, bai testu bai irudi bidez, argazki zein bideo laburrak aireratuz.

Bitartean, baina, inguruko lasterketa handienak eta aurrekontu handienak dituztenak (zatirik handiena diru publikoa, hori gabe ez baitirateke bideragarriak), ez dira gai aurrerapen hauek gauzatzeko, alde batetik ez dakitelako eta bestetik, ezjakintasun horretan, ez dutelako nahi. Hori lehen eskutik esan diezazuekegu.

Tropela Elkartetik saiatu gara alor honetan bai Euskal Herriko Itzuliari, bai Donostiako Klasikoari eta baita Emakumeen Birari laguntzen. Itzuliako aurreko 4 edizioetan izan gara lanean, Klasikoaren 3tan (Van Avermaet moto batek bota zueneko hura barne) eta Birako azken bietan. Tropelaren asmoa bertako lasterketei dagokien mailako komunikazio eredu bat gauzatzea izan da, beti ere teknologia berrietan oinarrituz, euskara lehenetsiz eta nazioartekotasuna bermatuz. Antolatzaileen interesak, ordea, ez dira berdinak izan OCETArekin harremanak hautsi zirenean adierazi genuen bezala. Aurrerapausoak eman genituen baina orain atzeraka doazela sumatzen dugu. Bakarrak al gara hori antzematen?

Hilabete ez da izango Itzuliaren antolatzaileek webgune berria aurkeztu zutela. Webgune berriak “osagai moderno eta berriak bereganatzen” dituela esanez eman zuten ezagutzera. Ez gara diseinu kontuetan sartuko ez eta euskarazko zein ingelesezko edukietan dauden akats ugariez arituko, hizkuntza horietan informazioa irakurtzea nabarmen zailtzen badute ere. Aurkezpenean nabarmentzen dituzten berrikuntzak sarrerako atzera kontagailua, prentsa-gunea eta akreditazioak eskatzeko formularioak dira. Hauek badira webgune berriaz nabarmentzen dituzten berrikuntzak, garbi dago aurrerapen gutxiko proposamena dela.

Webgune berri honetan ez dago etapen ibilbideen GPS track-ik deskargatzeko aukerarik, ezta Google Maps edo antzeko mapa batean ibilbidea zehatz mehatz kontsultatzeko aukerarik ibilbidearen mapa argazki finko bat baita. Tropelak garaturiko webgunean Google Mapsen ibilbide zehatza aurkezten genuen, GPS track-ak jaisteko aukera zegoen (bide batez esan txirrindulari taldeek asko eskertzen duten informazioa dela) eta etapen profilak automatikoki kalkulatu eta bistaratzen zituen. Oraingoan, Cronoescalada webgune ezagunak lagundu behar izan die profilak prestatzen, irudi formatuan, ez baitu webguneak automatikoki horrelakorik egiten. Bide batez esan Cronoescaladak prestatutako profil horien inguruan zalaparta sortu zela, doan eginiko lanari egilearen sinadura ezabatu baitzieten egungo Itzuliaren komunikazio arduradunek.

Parte-hartzaileei dagokienez, ez dirudi taldeek egindako aurre izen-ematearekin aldaketen jarraipenik egiteko aukerarik izango denik. Gogoratu aurreko webgunean txirrindularien zerrenda dinamikoa zela eta egiten ziren izen aldatze guztiak “log” batean biltzen zirela. Ez dugu aurkitu erabiltzailearen beharren arabera pdf-ak sortzeko aukerarik ere, dela ibilbidearen inguruko informazioarekin, dela sailkapenekin besteak beste.

Arlo teknikoari begira jarrita, webgune berria responsive-a (mugikorretara egokitua) dela birritan esan dute Tropelak garatu zuena orain 4 urte hala izango ez balitz bezala. Ez hori bakarrik, Itzulia.eus bistaratzea Tropela.eus baino %30 motelagoa da eta 8 aldiz datu gehiago deskargatzen dira. Ez zaigu iruditzen webgunea doitzeaz kezkatu direnik.

Mesedez, ez esan webgune hau aurreratuagoa dela aurrekoarekin alderatuta, funtzionalitateei dagokionez oso antzerakoa denean eta aipatu moduan beste hainbat funtzionalitate egungoak ez dituenean.

Iaz, antolatzaile berriek ardura hartu zutenean, Tropelari analisia egin eta zein berrikuntza ikusten genituen beharrezko zerrendatzeko eskatu ziguten. Besteak beste, taldeentzat gune pribatua informazio osatuagoarekin beharrezkoa izan zitekeela adierazi genien, dela tracking sistema edo besterik ez bada Lokatzakoek Gorlan martxan jarriko duten antzerako zerbait. Are gehiago, 2014ko ediziotik eskatzen genuen “Radio Tourra” entzuteko aukera berriro ere mahai gainean jarri genuen, baina teknikoki ezinezkoa zela esan zitzaigun beste behin, eta zeharkako informazioekin (kideren bat kotxe batean sartuta mezuak bidaliz) edo telebistari begira egin behar izaten genituen lasterketen zuzeneko kontaketa webgunerako nahiz sare sozialetarako.

Emakumeen Bira ere laguntzen bagenbiltzan, musu-truk, webgunea zein Twitter kontua kudeatuz, 3 hizkuntzetan eta euskara lehenetsiz, prentsa oharrak idatzi eta zabalduz. Kontutan izan webgunea, sare sozialak eta gutxienez ingelesa ere komunikazio hizkuntza izatea direla Women´s World Tour lasterketa izateko baldintzetako batzuk. Horrenbestez pentsa dezakegu hein batean Tropelak ere lagundu duela Bira aurten World Tour izaten. Baina sorpresaz, eta egun batetik bestera aurrez ezer esan gabe, email bidez, aurrerantzean Tropelarekin ez dutela kontatzen jakinarazi digute. Ulertezinak izan zaizkigu bai erabakia, bai ezagutarazteko modua eta baita haustura gauzatzeko arrazoia edo aitzakia: Itzuliarekin eta Klasikoarekin batzeko elkarrizketetan omen dabiltza.

Honenbestez, Tropela Elkarteak pena handiz bertan behera utzi du Emakumeen Birarentzat garatu eta kudeatzen zuen webgunea, gainontzean genituen beste jarduerekin batera. Ondorioz, 2 hilabeteren faltan webgunerik gabe dago Emakumeen Bira antolakuntzak hala eskatuta.

Ulertezina zaigu inguruko txirrindularitza antolatzaile nagusiek egun eskuragarri diren teknologietan oinarritutako zerbitzu berriei eta orokorrean komunikazioari ematen dieten garrantzi eskasa. Txalotzekoa da bitarteko gutxien dituzten antolatzaileek teknologia berrien alde egindako apustua, baina kezkagarria erabat baliabide gehien dituztenek horretara bitartekorik ez bideratzea.

Tropelak bestela ere nahiko lan badu dituen egitekoak gauzatzen dakizuen moduan, baina pena, pena handia ematen digu azken 4-5 urteetan egin den esfortzu gehigarria bide bazterrera bota dutela ikusita, txirrindularien ur bidoi huts bat bailitzan. Akaso egunen batean norbaitek jasoko du bidoi hori, akaso.