Agur isila

Bruno NevesMunduan uneotan sasoirik onenean diren txirrindulariak Italian protagonista diren bitartean, ezbeharrak beste behin nazioarteko tropela astindu du. Riccò, Di Luca, Contador, Bennati eta gainerakoek orri asko bete dituzten honetan, Bruno Neves txirrindulari portugaldarrak bizia galdu zuen lehia betean zela izan zuen eroriko latz baten ostean.

Portugalgo Kopari dagokion Barreiros Magalhães-en oroimenezko lasterketa jokatzen ari zen bitartean gertatu zen istripua. Erorikoak eragin zizkion zaurien ondorioz hil zen erietxean.

Ez zen seguru asko nazioarte mailan oso txirrindulari ezaguna izango, baina 26 urte zituela profesional mailan 16 garaipen izateak zerbait esan nahi du. Maila apalekoak gehientsuenak, Portugalen denak ere. Hori bai, artean herrialde hartako itzulirik garrantzitsuenean etapa bat, eta baita Etorkizuneko Tourra bezalako lasterketa batean agerraldiren bat edo beste ere. Sprinter polita izateko itxura zuen.

Kontuak kontu eta emaitzak emaitz, txapeldunik handienak besteko ohore merezi ditu agur esan berri digun portugaldarrak. Oihartzun handirik gabeko agurra izan du hedabideen aldetik, kontu injustu bezain ezaguna. Hauxe ba Bruno gazteari txoko honetatik eskaini nahi izan diogun tributu xumea.

Argazkia: Rui Quinta/CiclismoDigital.com

Tropelak kide bat galdu du

Pasa den asteburuan gertakari triste bat gertatu zen. Txirrinduzale euskaldunok osatzen dugun tropeleko kide oñatiar bat joan zitzaigun. Aratzek 17 urte baino ez zituen, eta web orrialde honen zale aparta omen zen, bere lagun baten arabera.

Txirrinduan buelta bat ematera atera, eta bihotzeko batek emanda ez zen gehiago etxera itzuli. Gure artean azken pedalkadak, baina espero dezagun orain beste etapa batean egongo dela, gu bezala zirraratzen, hainbeste maite dugun kirol honekin.

Goian bego Aratz, eta animo asko bere familia zein lagunei.

Non ote dago?

Michael RasmussenGustura jakin nahiko nuke iazko Tourra irabazteko zorian zegoen txirrindulari danimarkarra nondik dabilen eta zertan ari den… Argituko al digute noizbait zer gertatu zen Michael Rasmussenekin?

Bere webgunean ere mugimendu gutxi nabari da baina azken berrian bere errugabetasuna adierazten saiatzen da, odol-analisien emaitzak aditzera emanez eta uneoro taldeak non zegoela bazekiela adieraziaz.

Nire ustez horrelako gertakariek eta informazioa ezkutatu nahi denaren sentsazioak galtzen du txirrindularitza. Espero dezagun azken bi urteetan ez bezala kirol arloa gailenduko zaiolako bestelako saltsa eta trapu zaharrei. Baina denok konturatu behar dugu urte askoan egindako “azpijokoak” argitara ateratzea dela onena. Ea aurten zer nolako ikuskizuna ematen diguten.

Argazkia: http://eu.wikipedia.org/wiki/Michael_Rasmussen

Hileta elizkizuna atari, legegizonak atezaindari

Kevin Van ImpeDutxa ederra hartu dut eguerdi aldera. Bestondo pittin bat dudalakoan nago, baina, zorionez, ez dut gurasoen begirada zelatari-salatarien dopin kontrolik pasa behar izan. Irratiari adi, entzumenari men… kirol orduari dagokion sintoniaren esperoan; esatariaren hitz jario landua, perfekzioa aurkitu nahiaren saiakera labaindua, antzua…

Berrien piroteknia; batzuek zeruaren adiskide eta besteak adiskideen zeru… entzulearen keinu kontrajarrien arteko oreka, azken helburu…

Kevin Van Impe aita belgikarrak, semea galdu berri du… sei orduko bizipoza, sei orduko amets mingotsa. Haurraren negar hotsa, familiaren malko hotza…

Hileta elizkizuna atari, legegizonak atezaindari. Bi urteko zigorraren mehatxupean, lege zaindariak eskuak zerura, garaipenaren adierazle.

“Kevin Van Impe Quick Step-eko txirrindulari belgikarra” esango zukeen aginduaren erantzuleak. Txiza ttantto bat, bihotz taupada bat baino beharrezkoagoa baita, nonbait.

Argazkia: www.bassie.be

Haize berriak azken metroetan

Kontuak kontu eta gertatutakoak pasa ondoren (itzuli handietako antolatzaileen erabaki polemikoez, nolabait esatearren, ari naiz), denboraldia abian da. Aurreneko bi hilabeteotan zenbait lasterketa lehiatu dira, eta horietakoren batzuek zeresana eman dute dagoeneko. Batez ere flandestar lurretan Philippe Gilbert walloniarrak eman zuen erakustaldiak, baina ez da honakoa eztabaidagai bakarra izan.

Izan ere, UCI Pro Tour zirkuitu ahulduari hasiera eman zion proban, Australiako Down Ander Tourrean alegia, gizon batek nagusitasun handia erakutsi zuen. 26 urtetako André Greipel alemaniarra izan da. Sprinterrez jositako High Road taldean bere burua erakusteko arazoak izango zituela uste bazen ere, bere zirrikitua ongi baino hobeto probestu zuen bertan, lau etapa garaipen eta sailkapen nagusia poltsikoratzean (lasterketako atarian gailentzeaz gain). Egia da nazioarteko esprinterrik onenak falta zirela, baina egia da bestalde inork gutxik espero zezakeela urte hasieran halako nagusitasunik, are gutxiago autraliarra ez den txirrindulari batengan.

Greipelen kontuak ekarri nau hain zuzen mota honetako txirrindularien artean datorren haize freskoa aztertzera. Gaztetasunak ematen duen harrokeria lagun dutenek geroz eta mehatxu handiagoa suposatzen dute azken urteotan alor honetan nagusi izan direnei. Beti gertatu da horrela, baina ez horren belaunaldi goiztiarrekin. Denbora ez da alferrik pasatzen. Garai bateko Vanderaerden, Hermans, Van Poppel, Abdoujaparov, Ludwig

Continue reading “Haize berriak azken metroetan”