Hileta elizkizuna atari, legegizonak atezaindari

Kevin Van ImpeDutxa ederra hartu dut eguerdi aldera. Bestondo pittin bat dudalakoan nago, baina, zorionez, ez dut gurasoen begirada zelatari-salatarien dopin kontrolik pasa behar izan. Irratiari adi, entzumenari men… kirol orduari dagokion sintoniaren esperoan; esatariaren hitz jario landua, perfekzioa aurkitu nahiaren saiakera labaindua, antzua…

Berrien piroteknia; batzuek zeruaren adiskide eta besteak adiskideen zeru… entzulearen keinu kontrajarrien arteko oreka, azken helburu…

Kevin Van Impe aita belgikarrak, semea galdu berri du… sei orduko bizipoza, sei orduko amets mingotsa. Haurraren negar hotsa, familiaren malko hotza…

Hileta elizkizuna atari, legegizonak atezaindari. Bi urteko zigorraren mehatxupean, lege zaindariak eskuak zerura, garaipenaren adierazle.

“Kevin Van Impe Quick Step-eko txirrindulari belgikarra” esango zukeen aginduaren erantzuleak. Txiza ttantto bat, bihotz taupada bat baino beharrezkoagoa baita, nonbait.

Argazkia: www.bassie.be