Agur isila

Bruno NevesMunduan uneotan sasoirik onenean diren txirrindulariak Italian protagonista diren bitartean, ezbeharrak beste behin nazioarteko tropela astindu du. Riccò, Di Luca, Contador, Bennati eta gainerakoek orri asko bete dituzten honetan, Bruno Neves txirrindulari portugaldarrak bizia galdu zuen lehia betean zela izan zuen eroriko latz baten ostean.

Portugalgo Kopari dagokion Barreiros Magalhães-en oroimenezko lasterketa jokatzen ari zen bitartean gertatu zen istripua. Erorikoak eragin zizkion zaurien ondorioz hil zen erietxean.

Ez zen seguru asko nazioarte mailan oso txirrindulari ezaguna izango, baina 26 urte zituela profesional mailan 16 garaipen izateak zerbait esan nahi du. Maila apalekoak gehientsuenak, Portugalen denak ere. Hori bai, artean herrialde hartako itzulirik garrantzitsuenean etapa bat, eta baita Etorkizuneko Tourra bezalako lasterketa batean agerraldiren bat edo beste ere. Sprinter polita izateko itxura zuen.

Kontuak kontu eta emaitzak emaitz, txapeldunik handienak besteko ohore merezi ditu agur esan berri digun portugaldarrak. Oihartzun handirik gabeko agurra izan du hedabideen aldetik, kontu injustu bezain ezaguna. Hauxe ba Bruno gazteari txoko honetatik eskaini nahi izan diogun tributu xumea.

Argazkia: Rui Quinta/CiclismoDigital.com