Ikusita Martxante madrildarra ez dela errekuperatu –ultzeradun kolitisa–, Saunierrek Tourrera Ricco eramatea erabaki du. Oso erabaki bitxia. Beraz, Giroan horrenbeste espero genuen Ricco-Piepoli binomioa Frantzia aldean ibiliko da. Biak ere, egun asko lehiaketatik kanpo egon ondoren: Piepoli erorketek utzitako ondorioetatik errekuperatzen ibili da eta Ricco ez da lehiatu Giroa bukatu zenetik.
Saunierrek ez daki zer egin urteari buelta emateko; izan ere, iaz egin zutenarekin alderatuta, aurten agertu ere ez dira egin, Ricco-Giroa alde batera uzten badugu. Hortaz, Tourrerako ez dugu askorik espero. Zer gertatzen ari zaio Matxinen taldeari?
Argazkia: cyclingnews.com
Bernako gazteak etxetik gertu zuen etaparen amaiera eta horrek motibazio berezia eman dio. Iaz distantzia motzagoan tropeleko sprinterrei etapa ohostu zien, eta gaurkoan gauza bera egin du, baina oraingoan 6 kilometro lehenago erasoa joaz. Benetan ikusgarria Cancellarak eman duen erakustaldia, lokomotora bat bailitzan atzekoekiko distantzia mantenduaz.
Albiste edo zurrumurru hori dabil bolo-bolo ziklismoko webguneetan. Konfirmatzeko dago-eta. Lasai, konfirmatuko da.
Izan ere, Tourra datorren sinonimo dira Dauphine eta Suitzako Itzulia. Gaur hasiko da, 5,6 kilometroko prologoarekin. Gero, bi etapa erraztxo, eta asteazkenean 31 km-ko erlojupekoa. Azken lau etapak, berriz, oso izen eta mendate ezagunekin: Chatillon, Joux-Plane (Morzinen amaitu), Croix de Fer (La Toussuire mendatean amaitu), eta Grenobleko etapa.
Martxan da Giroa eta ukaezina da txirrinduzaleon arreta han dagoela asteotan. Bost axola ProTour zirkuitutik at dagoela. EHko Itzulia eta Romandiako Itzulia ere gozatu genituen. Australiako Tour Down Under amaitu zenetik 2 hilabete pasa ondoren, Pro Tourraren barne lehiaturiko itzuli bakarrak izan dira. Egun bateko lasterketak ere ez dira askoz gehiago izan: Flandriako Itzulia, Gante Wevelgem eta Amstel Gold Race soilik. Lasterketa garrantzitsuak dudarik gabe, baina ProTour-aren distira beharrik gabeak ere bai seguraski.