2010eko taldeen analisia (XV): Lampre-Farnese Vini

Lampre

Aurtengo denboraldian babesle nagusiarekin kontratua amaitzen duen talde bat baino gehiago da Pro Tour mailan, orain arteko taldeen gainbegiratuan ikusi ahal izan dugun bezala. Alabaina, horien guztien artean Lampre-Farnese Vini-k dauka aurrean egoerarik latzena. Italiarrena kontu ezberdina da, arazoa ez baita kontratua urte amaieran bukatzea, baizik eta administrazio arazoak direla eta, egun daukaten Pro Tour lizentzia behin-behinekoa dela. Arazook Martxoa bete aurretik konpondu beharko dituzte, bestela lizentzia galduko baitute, eta ez hori bakarrik, profesional izateari utzi beharko liokete, taldearen amaiera ia segurua litzatekeelarik. Egoera honen aurrean, txirrindulariek ez daukate gauza askorik egiteko, euren lanari profesionaltasunez ekitea baino.

Kirol alorrari erreparatuta, hainbat aldaketa izan ditu bere baitan Giuseppe Saronni-k zuzentzen duen taldeak. Dena den, berriz ere Cunego izango da erreferentzia nagusia. Il Piccolo Principe-k ez zuen 2009koa bere urterik onena izan. Hala ere, iaz irekitako bide bati jarraipena emateko asmotan dela dirudi, itzuli handietan sailkapen nagusia alde batera utzi eta etapa garaipenak erdiesten ahalegintzea, alegia. Bere beste helburu nagusiak Ardenetako klasikoak (Liege-Bastogne-Liege dauka bereziki begiz jota) eta munduko txapelketa izango dira. Bere mailako txirrindularientzat arrakasta eta porrotaren arteko jauzia helburu diren lasterketak irabaztea edo ez irabazteak erabakitzen duela kontuan izanda, ez du lan erraza izango aurten ere Veronakoak.

Lehenago aipatutako aldaketen artean, esanguratsuena inolako ezbairik gabe Ballan-en galerak eta Petacchi-ren etorrerak suposatzen dute. Tropeleko txirrindularirik onenetakoa dira biak ala biak, hortaz alde horretatik taldearen mailak ez luke aparteko aldaketarik izan behar. Munduko txapeldun ohia eurekin ez dela, iparraldeko klasikoetan lanak izango dituzte azaltzen; hori da zalantza barik aurten Lamprek izango duen gabeziarik nagusiena. Baina horren aldean, taldeak La Speziako esprinter dotoreak emango dizkion garaipenak biziki eskertuko ditu. Lasterketak irabazteak beti ekartzen du lasaitasuna taldekideen artean, eta hori jada sumatuko zuten denek, gutxi behar izan baitu Petacchi-k zenbatzailea martxan jartzeko. Urteek aurrera egiten ez dutela dirudi Ale Jet-entzat. Gainera, bere etorrerarekin batera Hondo alemaniarrarena gertatu da, alboan bideratzaile bikaina izan ahalko duelarik. LPR-n taldekide zituen Pietropolli eta Bernucci ere berarekin batera heldu dira, eta guzti hauei une jakin batzuetan Lorenzetto eta Furlan gehituta, zaila izango da euren esprinter nagusia sekula azkeneko metroetan lagunik gabe ikustea.

Beste bi gizon azkar polit baditu Saronni-ren taldeak, oraindik gazteak izatearen ondorioz aurrekoetatik aparte aipatuak izatea merezi dutenak. Gavazzi eta Bole dira. Biak ala biak Italian hain gogoko dituzten “passista veloce” tankerakoak dira, hau da, mendate txikiak ongi pasatzeko dohainari euren abiadura eransten diotenak. Esloveniarrak urte oparoak izan ditu Italian maila baxuagoko lasterketak lehiatzen, eta orain urrats bat gorago azaltzen ahaleginduko da, hein batean hori iaz dagoeneko lortu bazuen ere, orotara hiru garaipen bilduta. Italiarra urtean zehar asko lehiatzen den horietakoa da, Pro Tour egutegian batez ere, eta horrek noski emaitzak lortzeko zailtasuna areagotzen du. Hala ere, bere garapenak urtetik urtera goranzko joera erakusten du.

Epe motzera italiarrek gorago koska batean jarri nahi dituzten gazteen atala Spilak esloveniarrak osatzen du. 2008 itxaropentsu baten ostean, ia mota guztietako lasterketatan maila aipagarria erakutsi baitzuen, iazkoan ez zuen bere aldetik espero zitekeena lortu. Hasi berri den denboraldia garrantzitsua izango da oso beretzat honenbestez, bere maila zein den hobeto zehazteko eta benetan lur-orotakoa den edo zehazki lasterketa mota jakinen baterako maila aproposagoa daukan ikusteko.

Azkeneko multzoan, gazteenena alegia, gauza itxaropentsuak aurki daitezke. Ulissi eta Ponzi italiarren kasua da batez ere. Aurrenekoak aurtengoa du bere debut urtea; juniorretan birritan munduko txapeldun izan ostean oso lasai ibili izanaren itxura dauka. Ikusi behar askok iragartzen zuten txapeldun handia izan daitekeen ala ez. Ponzi ere bere garaiko italiar izarrik distiratsuenetarikoa bezala pasa zuten iaz, nahiz eta oraindik afizionatutan emandako maila erakusterik izan ez duen. Multzoa Malori erlojupekolari bikainak eta Buts ukrainarrak osatzen dute.

Analisia amaitu aurretik Simoni zaharraren izena ere aipatu behar da, orain hilabete inguru bere azkeneko urtea Lamprerekin emango zuela baieztatu baitzen. Gaur egun ordea ez da ofizialki talde italiarrean azaltzen, hortaz albisteen zain jarraitu beharko dugu.

Ballan-en galeraz gain beste batzuk izan ditu taldeak, esanguratsuak zenbaitzuk: Santambrogio, Tiralongo eta, batez ere, Gasparotto eta Bruseghin-enak. Edonola ere, aurrez esan bezala, taldearen mailak bere horretan jarraitu beharko luke, etorri direnak hutsune batzuk betetzeko moduan izango baitira, gazteek beren ikaskuntzarekin jarraitzen duten bitartean. Horren gainetik beraz, Martxoko hil ala biziko zita burokratikoan izango dituzte guztiek beren begiak jarriak. Ez da gutxiagorako.