2010eko taldeen analisia (XVI): RadioShack, Armstrongen taldea

RadioShack

Iazko Tourra oraindik jokoan zela, Armstrongen talde berriaren berri eman zuen prentsa aurrean. Bazekien Contadorren aurrean ezingo zuela Tourra irabazi eta berak hori zuen amets. Gainera gogoan ditugu talde berean zirelako izan ziren liskarrak, komunikabideetan behintzat. Kontuak kontu RadioShack Armstrongen desiratik sortutako taldea dela.

Astana taldea urte hasieran gorabehera ekonomikoak izan ziren. Horrek lagunduta edo, Armstrongek iazko Astana taldeko Tourreko txirrindulari guztiak, Contador izan ezik, berekin joan dira RadioShack taldera. Horien artean Haimar Zubeldia bera. nahiz eta honek ere espainiar komunikabideengandik kritikaren bat edo beste jaso. Ez da euskaldun bakarra usurbildarra talde amerikarrean: Markel Irizar ere gehitu zaie.

Leipheimer, Klöden, Popovych eta Paulinho bezalako txirrindulariekin Armstrongen, Bruyneelen gidaritzapean, 2010eko Tourrerako talderik sendoena osatu nahi zuten. Baina ez da Tourrerako espresuki sortutako taldea bakarrik. Gainontzeko lasterketetan ere ondo aritzea dute helburu eta horretarako Steegmans edo Rosseler txirrindulariak aipatuko nituzke.

Lance Armstrong Rides — ek eskainia

Talde erakargarria eta ikusmina eragin duena da. Zalantzarik gabe Tourrean begi guztiak talde honetan eta batez ere Armstrongi begira izango dira. Nahiz eta iaz baina prestatuago aurkitzen dela adierazi duen, ez dakit Tourra irabazten txirrindularirik edadetuena izateko gauza izango den Texaseko txirrindulari ezaguna.

Veni, vidi, vici

Lars Anthonious Johannes BoomMaiatzaren aurrenekoa egun seinalatua izaten da langileen artean. Euren eskubideak aldarrikatze aldera, kalera atera ohi dira asko eta asko. Txirrindulariak ordea errepide gainera pedalei eragitera irteten dira. Urteroko legez, aurtengoan ere aipatu egunean Frankfurt-eko Sari Nagusia ospatu zen, lasterketa amaiera polit baten ostean Fabian Wegmann etxeko gizonak eskuratu zuena. Proba amaitu gabe aldiz txirrindulari asko eta asko geratu ziren, eta horien artean egun huraxe bera berezia izatea eragin zuen gizona: Lars Boom. Herbeheretarrak alemaniar lasterketa aukeratu baitzuen errepidera behin betiko jauzia emateko aurreneko proba gisa.

Ikusmina sortu zuen Rabobank-eko gaztearen debutak. Ez da gutxiagorako, 24 urte bete ez dituela izandako lorpenei erreparatuz gero. Iparraldeko Kanpainaren hasieran bera ikusteko itxaropenik egon bazitekeen ere, Hoogerheide-ko munduko txapelketan porrot egin ostean ziklo-kros proba gutxi batzuk lehiatu eta atsedenaldi luze bat hartzea erabaki zuen. Esan bezala, Frankfurt-en ez zuen helmuga gainditu, bai ordea lehiatu zituen hurrengo bi probetan, Herbehereetan biak ala biak: Batavus Prorace eta Dutch Food Valley Classic (Veenendal-Veenendal zaharra). Bietan Kenny Van Hummel gailendu zen esprintean, eta gure protagonistari kilometroak pilatzeko balioko zitzaizkion seguru asko.

Halaxe aurkeztu zen Belgikako Itzuliko irteeran. Denboraldiko bere aurreneko helburutzat hartu zuen, eta hala, esprintean erabaki ziren aurreneko hiru etapetan, ezkutuan ibili beharrean, noizbehinkako agerpenak egin eta esprintetan gain sariren bat edo beste pilatzeari ekin zion. Lasterketa ordea azkeneko bi saioetan zen erabakitzekoa. Ardenetan etapa gorabeheratsua lehena, eta 16 km. pasatxoko erlojuaren aurkako saio laua hurrena.

Etapa ikusgarria suertatu zen itzuliko laugarrena. Aurreneko erdian, ibilbideak aurkezten zituen muinoak zirela medio, lasterketa apurturik geratu zen. Ordurako, Borut Bozic liderra atzean geratua zen, eta lehia 40 bat txirrindularira mugatu zen. Ezagun zaharrak zituen inguruan Boom-ek: bertan ziren Sven Nys txapeldun handia, Niels Albert Hoogerheide-ko heroia, ta baita Klaas Vantornout ere (Walsleben eta Kloucek gazteez gain). Sunweb-eko flandestarrak La Redoute-n gora, helmugara oraindik ia 60 km. falta zirela, egin zuen bere azkeneko agerraldia. Hortik aurrera ehunka mugimendu izan zen. Walloniako inguruetatik ibili arren, flandestar erara korritu zen etapa, eta esan beharrik ez da, hori ikuskizunarentzako mesedetan izan zen.

Etapako kilometro erabakigarriak iritsiak zirela, Rabobank egoera on xamarrean zen, Boom-ek Nuyens, Clement eta Moerenhout lasterketan sarturik baitzeuzkan. Hala ere, Van Avermaet, Roelandts, Dekker (hirurak Silence-Lotto-koak) edo Ivanov bezalako gizonak oraindik aurrean ziren. Lehenago aipaturiko mugimendu horietako baten ondorio zen aurreneko ihesaldi bati ez zion Lars Boom-ek heldu, eta bazirudien hortik irten zitekeela lasterketako garailea. Bertan ziren Van Avermaet, Marcato, De Waele, Cornu, Albert (ikaragarria errepide gainean erakutsitako maila) eta Moerenhout. Rabobank-ek ordea erabakia egina zuen, eta atzetik Clement-ekin lehenengo erritmoa jarri eta ondoren Nuyens-ek astindu ederra eman zion jazarpenean ziren gizonen taldeari. Harik eta Vlijmen-eko luzeak benetako erasoa jotzea erabaki zuen arte. Ivanov eta Roelandts atzean geratu ziren (beste asko ordurako jokoz kanpo ziren), eta Bakelants eta Dekker izan ziren bakarrik jarraitzeko gai. Ordurako Bakelants eta Boom bera izan ziren saiatuenetakoak. Flandestarraren inguruan hitz egin izan genuen iaz Etorkizunekoen Tourraren harira, eta aurrerantzean izan ziur zeresanik emango duenaz. Alabaina, halako batean, helmugarako 10 km. baino gutxiago faltan zirela, Boom-i jarraitzeko indarrik gabe geratu zen. Ordekan. Dekker-ek jarraitu zion, eta Moerenhout -en laguntzari esker Boom-ek azkeneko kolpea jo eta aurrekoak harrapatzera heldu ziren. Sartzen ari zirela Albert-ek eraso gogorra jo zuen, baina behin betikoa Marcato eta De Waele bakandu zituena izan zen. Flandestarrak, Pro Tourrarengandik urrun ere gauza politak egin daitezkeela baieztatzen duten kastakoa bera, garaipen handia lortu zuen txirrindularitza egun zoragarrian. Liderraren garaikur den maillot beltza ordea esan beharrik ez da zeinek jantzi zuen. Eta egun hartan erakutsikoaren ostean, inork gutxik jartzen zuen zalantzan itzuliko sailkapena bereganatuko zuenik.

Eta halaxe izan zen. Dekker eta Cornu bezalako espezialista onak sailkapenean oso gertu bazituen ere, halako distantzian benetako animalia den Sebastian Rosseler izan zen bakarrik Iparraldeko Brabante-ko izarraren gainetik sailkatzeko gai. Bigarren postua erlojupekoan eta sailkapen nagusia berarentzat, errepidean handienen artean hilabete ere bete ez zuela.

Badira Herbeheretako harrobiak goi mailan fruiturik ematen ez dituela diotenak, baita gazteegi nabarmentzeak ezertarako balio ez duela gerora hori baieztatzen ez bada. Halako erakustaldiak, ordea, hortarako jaioak direnek bakarrik eman ditzakete. Ikusgarria baita ordekan, erlojuaren aurkakoan eta muino etzanetan barnean daraman indarra transmititzen ikustea. Hori frogatzeko hurrengo aukera Suitzan izango dugu seguru asko. Hemen da, eta luzerako geratzeko asmoz. Bera da, Lars Anthonious Johannes Boom.