(Post hau positiboa jakin aurretik idatzia izan zen, Giroa amaitu aurretik hain zuzen ere)
Ez da ez unerik egokiena Santambrogiori buruz idazteko gero. Giro bikaina egiten ari zen, etapa garaipen eta guzti, baina Beñat Intxaustik sekula ahaztuko ez duen etapan pott egin du Vini Fantini taldeko liderrak. Hala eta guztiz ere, zuen guztion baimenarekin, txirrindulari hau egiten ari den itzulia letra larriz nabarmendu nahi nuke. Eta bide batez, eta barkatu harrotasun puntua, lau haizetara zabaldu Santambrogioren ‘aurkitzailea’ izan nintzela. Txantxa bat da noski. Kontua da 2011eko Paris Nizako kiniela egiteko ordua iritsi zenean, Santambrogio aukeratu nuela eta lankide ohi batek -Tropelako zale porrokatua eta ni baino dezente finago ibiltzen dena sailkapenetan, dena esan beharra baitago- nire kiniela ikusi eta Santambrogio nor demonio ote zen galdetu zidan, harri eta zur. Horrekin nahikoa ez eta aste hartako arratsalde batean esan zidan Santambrogiok Paris-Nizako etapa irabazi berri zuela. Ni pozarren, eta berak berehala, barre artean, adarra jotzen ari zitzaidala esan zidan.