2010eko taldeen analisia (XVII): Team Milram, Gerolsteinerrek utzitakoarekin

Ez du askorako ematen Team Milram taldeak. Ez dago lider sendorik; hiru izen nabarmentzen dira besteen gainetik. Datu aipagarri bat da Gerolsteiner taldea desagertu eta hango ziklista asko joan zirela Milram taldera, baina ez diote eutsi talde hartan eman zuten mailari. Denok dakigu zergatik.

bettiniphoto_0046213_1_full_600Förster da taldean garaipen gehien dituena. Esprinter purua. Batez ere, Giroan nabarmendu izan da, hainbat garaipen ditu. Iaz garaipen bakarra batu zuen; gutxi, esprinter batendako. Talde aldaketak ez zion onik egin, askori bezala. Ciolek gaztea da taldeko beste erreferente bat, baina otsailean lepauztaia hautsi zuen eta denbora batez geldirik egon beharko du. Albiste txarra taldearendako; iaz Espainiako Vueltako etapa bat irabazi zuen alemaniarrak. Gaztea da, eta proiekzio handikoa. Ea, bada, laster errekuperatzen den. Eta taldeko hirugarren zutabea Gerdemann da. Tourrean, Suitzan, Alemanian… garaipen politak ditu. Aurten palmaresa estreinatuta da, Mallorcako Challengeko hirugarren etapa irabazi du-eta. Hura ere hobeto moldatzen da astebeteko probetan. Ez da tropelean geldi egoten den horietakoa, oso lehiakorra.

robertsboscomartinWegmann-ez zer esango dugu, ba! Euskal Herriko probetan sarritan ikusi dugu, amaiera bihurriak gustuko dituen horietakoa da, eta garaipen asko ditu. Borrokalari peto-petoa. Beste batzuen moduan, Gerolsteiner desagertu ostean joan zen Milramera, eta hari ere ez zion onik egin aldaketak. Bazuen zerbait talde hark… Roberts australiarrak ostiralean bertan irabazi zuen Murtziako Itzuliko hirugarren etapa. Tour Down Under ederra egin zuen, eta horrek esan nahi du urte oparo baten aurrean egon litekeela. Hasiera ezin hobea denboraldiari. Knaven eta Wrolich dira beteranoenak. Holandarrak, zelan ez, klasikoak izango ditu helburu; urte batzuk badaramatza ezer irabazi gabe, eta hau haren azken urtea izan liteke. Austriarrak ere urte askotxo daramatza eskuak altxatu gabe; esprinterra dela esan dezakegu, baina berezia, ezer gutxi egin dezake-eta puntako esprinterren aurrean.

Fothen anaietatik Markus da irabazlea; Suitzako Itzuliko etapa bat irabazi zuen 2008an eta Romandiako bat 2007an, besteak beste. Ondo moldatzen da astebeteko probatan.

pic37967372_600Hainbat gazte eta fitxaketa berri era badira: Kluge laugarren izan da Qatarren, eta baditu hainbat garaipen lortuta; Voss eta Stroetinga Mallorcako Challengean izan berri dira, emaitza handirik gabe; Roels iaz Espainiako Itzuliko 15. etapan nabarmendu zen (3. izan zen helmugan); gazteena Nerz dugu (20 urte); Gajek-ek hainbat urte daramatza taldean; Frohlinger postu onak eginda da Tourren eta Giroan, besteak beste, eta oso lehiatsua da, saiatua. Etorriko dira garaipenak. Terpstra-k garaipen politak ditu: iaz Dauphinen etapa bat eta Ster Elektrotoer proban beste etapa bat irabazi zituen. Russ-ek ere Gerolsteinerren eman zituen bere urterik onenak.

De Votcht eta Knees, berriz, klasikoetan lehiatuko dira, Knavenen ondoan. Rohregger-ek postu on asko ditu, baina azkeneko urteetan ez da garaipenetik gertu egon. Sentjens Lotto taldean zen iaz, eta, beste ezeren gainetik, talde-gizona da. Eta Eichler eta Schröder-ekin osatzen da taldea.

Erretratuak: Roberto Bettini, Bosco Martin, Fotoreporter Sirotti.