Gaur ospatzen zen Ardenetako Hirukoaren barruan bigarren proba. Alejandro Velverdek (Movistar) irabazi du 2014ko Fleche Wallone. Murtziarraren zortzigarren garaipena izan da.
Gaurkoa txirrindularitzan dagoen kilometroko aldaparik ospetsuena da: Huy-koa (1300 metro % 9ko batez bestekoarekin eta %26ko pikoekin). Oso urrutira joan gabe bai denboran baita geografian aurkitu dezakegu antzeko aldapa bat: Lizarran. Apirila hasieran Euskal Herriko Itzulira begira, bezperan test ona izaten dute txirrindulariek Nafarroan. Miguel Indurain Sari Nagusia beste urtebetez ospatu zen, arazo guztien gainetik, eta telebistatik jarraitu ezin izan genuen arren egun hartan, murtziarrak jaso zituen Puy-ko basilikako helmugan besoak. Amaiera berdina izan dute bi zitek, bidea hori gauzatzeko desberdina izan den arren.
Txirrindulari askok protagonista izan nahi zuten atzo. Ihesaldi potoloa osatu zen etapako lehenengo zatian, sarrera-irteera askorekin. Sailkapen orokorreko gizonek protagonismoa bereganatu zuten geroago, azken igoeran, baina azkarregi galdu zuten. Gutxi iraun zuen euren momentuak.
Atzo idatzi behar nuen berri hau, baina dakizuen moduan nahiko lanpetuta gabiltza itzulia.net Itzuliaren webgune ofizial berrian buru belarri. Bai, aitzakia itxura du zalantzarik gabe.
Ordiziko Barrena jauregia izan zen astelehenean Itzuliaren epizentroa, eta goiko solairuko hormak txirrindularitza argazki zaharrez horniturik zeuden. 1974ko Itzuliko argazkiez, hain zuzen ere, izan ere, orduko hartan ere Ordizitik abiatu zen gure lasterketarik garrantzitsuena. Berrogei urte ez dira alferrik pasatu. Argazki haietako batean Luis Ocaña ageri zen, sasoiko Espainiako txirrindulari onena zalantzarik gabe -Tourra eta Itzulia bera irabazi zituen aurreko urtean-. Genio handiko gizona zen Ocaña, gogorra eta oldarkorra, akaso bere haurtzaro latzak eraginda -ezin gozagarriagoa da Carlos Arribasek idatzi duen Ocaña liburua, guztiz gomendagarria ziklismo zale guztiei-.