Frantziako Tourra. Multzoen analisia (I): Hautagai nagusiak

Ia denok aurreikusten genuen bezala, azkenean faborito handi bat Tourretik kanpo geratu da. Azkenean CONIk Alejandro Valverde Tourretik kanpo utzi du, etapa bat kilometro batzuetan zehar Italian barneratuta ibiliko baita. Gauzak horrela, hautagai nagusien multzoa sei izenetara murriztu da. Hona hemen izen handi hauen azterketa txiki bat.

armstrongLance Armstrong : Estatubatuarra da edizio honetako izen berezia. Bere itzulerak beste edozein izen propio eklipsatu du, bai Gaztela Leonen, Giroan, eta nola ez, Tourrean. Hiru urte lehiatu gabe, baina maila txukuna erakutsi zuen Giroan, batez ere azken astean, eta ziurrenik geroztik bere prestakuntza afinatzen egongo zen, buru-belarri. Atzo bertan estreinatu zuen aurtengo palmaresa, Nevada City Classic lasterketa estatubatuarrean gailenduz. Ez da egutegiko lasterketa entzutetsuena, jakina, baina esanguratsua da dena den Lancek berriz eskuak jaso dituela jakitea. Gerra emango du, ziur, baina 37 urte ditu, eta horrek bere aurka jokatzen du. Gainera, taldeko giroa ere ez da onena izango, etsai nagusia (Contador) etxean baitu. Ez du zortzigarren Tourrik lortuko, nire aburuz.

contadorAlberto Contador: Munduko igotzaile onenak aurten inoiz baino mendiko etapa deskafeinatuagoak aurkituko ditu errepide frantziarretan, oso etapa gutxi bukatzen baitira goian. Mendate gogorrak helmugatik urruti ordea, etapa askotan aurkitu daitezke. Evansen maila ikusita, badirudi mendian jo egin beharko duela erlojupekoetara aldetxoarekin iristeko. Denboraldi hasiera ederra egin ostean (Algarve eta Euskal Herrian sailkapena eta etapak, eta Paris-Nizan 2 etapa eta podiuma), hanka jaso zuen Tourrari begira. Dauphiné-Libérén erakutsi zuen bide onetik doala bere prestakuntza. Kilometroak egitera zihoala esan zuen, eta beregan arraroa bada ere, erasorik jo gabe igaro zuen aste osoa. Dena den, aldapa gora oso maila ona eman zuen, eta sailkapen nagusian minutu eskas bat baino ez zuen galdu. Faborito nagusia da, ez da alferrik hiru handiak irabazi dituzten eliteko klubeko kidea, baina ikusi beharko da Astanak nola erantzuten duen talde bezala. Diotenez, taldea banatuta omen dago: batzuk Armstrongetzat, eta besteak madrildarrarentzat. Morboa behintzat zerbitzatuta dago.

evansCadel Evans: Australiarra pasa den Dauphiné-Libérén inoiz baino erasokorrago (eta indartsuago) agertu zen. Nire ustez, ez du berriro aurkituko aurtengoa baino ibilbide hoberik bere ezaugarrientzat (nahiz eta taldekako erlojupekoa egiteko bere taldea ez den oso indartsua), eta hori berak badaki. Motibaziorik ez zaio faltako, Tourreko azken 2 edizioak 2º postuan bukatu baititu, eta pixka bat gehiago nahiko du. Alberto Contador mendian kate motzean lotzea lortzen badu, asko izango du irabazita. Etapen perfil aldetik, Tourrak ez dirudi oso zirraragarria izango denik, baina horrek sailkapenean lehia itxiagoa egotea ahalbidetuko du. Gauzak horrela, irabazteko gehien duenetariko bat Cadel Evans da.

leipheimerLevi Leipheimer:Estatubatuarra ez du inork aipatzen, baina Tourrean izango da, eta ez gonbidatu bezala. Armstrong-Contador lehiak (edo konfliktoak) bigarren plano batera bidali du Levi, baina ezin dugu ahaztu Tourreko podiuma ezagutzen duela, eta baita Espainiako Itzulikoa ere. Gainera, Astanan askatasuna izango du, ondo bidean, eta probetxua atera dezake bere bi taldeburu nagusien artean ez baita giro izango. Evansi bezala, ibilbidea oso ondo datorkio, erlojupekoetan maisua baita. Dena den, ikusi genuen moduan, Girora dena ematera joan ostean, lasterketa luzea egin zitzaion. Hori, edo azkenean ez zuen zeukan guztia eman, Uztailera begira. Interesgarriak izan daitezke Montanako txirrindulariaren mugimenduak lasterketan zehar.

menchovDenis Menchov: Errusiar-nafarrak Giroan sekulako erakustaldia eman zuen. Erraz asko irabazi zuen, nahiz eta azken erlojupekoko azken kilometroan, nahi gabe emozio kotak zeruan jarri zituen. Dena den, Tourrean maila handiagoko aurkariak izango ditu, bera baino lasterketa egun gutxiagorekin joango direnak, eta hori erabakigarria izan daiteke. Taldean bertan, Robert Gesink gaztea ez du urruti izango, akaso aurrean ere. Lasterketa frantziarrean beti egin izan du “kale”, sailkapen nagusiari dagokionean, eta aurten beste horrenbeste gerta dakioke. Dena den, Denis etxeko lanak ondo asko eginda iritsi da Tourreko irteera lerrora, eta ez dauka galtzeko ezer. Ikusi egin behar ez ote zaion lasterketa oso luzea egingo, batez ere Mont Ventouxen bukatzen den azken aurreko etapa.

sastreCarlos Sastre: Iazko Tourreko irabazleak aurten taldearekin batera egutegia aldatzea erabaki du. Giroko sailkapena lehiatzera joan zen, baina 4º postu batekin konformatu beharra izan zuen, hori bai, mendiko etapa eder bi irabazi ostean. Orain Tourrean aurretik inoiz ez bezala arituko da, hanketan lehiaketa egun askorekin eta desgaste handia jasan ostean. Hala ere, gaztelarra txirrindulari zaildua eta “diesela” da. Ez du sekulako eraso kolperik joko, baina aurrean egongo da. Hori bai, aurten garaipeneko jokotik at ikusten dut.

Alejandro Valverde: Azkenean, aurretik esan bezala, murtziarra ez da irteeran izango. Beraz, kinielan baduzue, azkar aldatu!

Berrikuntza bezala, Tour honekin batera, Tropelako blogariok aztertutako talde bakoitzean zein txirrindulari hartu ditugun aipatuko dugu. Kasu hontan, nik neuk ez dut asko arriskatu: Evans-Contador. Gainontzeko multzoetan egin beharko da “apustu pertsonal” bat edo beste, sorpresaren bila.

Irratirik gabeko bi etapa 2009ko Tourrean

2009ko Tourrean irratitxoarik gabeko etapakDirudienez aurtengo Tourreko berrikuntzetako bat irratia edo “pinganilloa” ezin erabiltzea izango da. Tourreko arduradunak ez dira ausartu lasterketa guztian zehar kentzera, baina aurten, proba gisara, bi etapetan irratirik gabe lehiatu beharko dira txirrindulariak.

UCIk ontzat eman du neurria eta 10. eta 13. etapetan aplikatuko omen da debekua. Lehenengo etapa erabat laua da Limoges eta Issoudun bitartean, baina nahiko luzea: 194,5 kmkoa. Badirudi etapa honetan neurri berriak ihesaldiak sortzeko erraztasunak emango dizkiela txirrindulariei esprinterren kaltetan, baina ikusi beharko da. Bigarrena Vittel eta Colmar arteko etapa luzean izango da. Hau 200 kmkoa izango da lehen, bigarren eta hirugarren mailako mendateak ditu bere ibilbidean. Kasu honetan lider doan taldeari egin diezaioke kalte neurriak, baina hau ere suposizio bat besterik ez da eta ikusi beharko da.

Garbi dagoena da Tourreko arduradunek berritu eta ikuskizunaren aldeko apustu egin nahi dutela. Ez dakiguna da ia asmatuko duten neurri honekin, baina hor dago ausardia. Badaezpada, ordea, bigarren asteko etapetan probatuko dute neurriaren eragina onerako naiz txarrerako gehiegi antzeman ez dadin nire iritziz.

Segur aski neurriak iritzi bat baino gehiago sortuko du bai aurretik baita egun horietan bertan ere. Gogoz naiz ikusteko ia zer eskaintzen duen aldaketak, zer eskaintzen duen “kontrolik gabeko etapak”.

Tourreko kinielaren truk kamiseta opari

Tropela.net-Denda

Webgunean aurreratzen dugun bezala, 2009ko Frantziako Tourreko lehiaketako kiniela egiteko epea bihar eguerdiko 12:00etan hasiko da beranduenez. Azken prestaketa lanak egiten hari gara eta prest izan bezain laster kinielak egiteko aukera zabalduko dugu.

Aurtengo ekitaldian ekimen berezi bat martxan jartzea erabaki dugu: egunero kiniela egiteko epea amaitu artean kiniela egin duten guztien artean kamiseta bat zozketatuko dugu. Noski, horretarako erabiltzaileen datuak zuzenak izan behar dute hala izango ez balira kamiseta ez irabazteaz gain Tourreko lehiaketan parte hartu gabe geratuko bailitzateke.

Zer egin behar da parte hartzeko? Lehen baileen kiniela egin eta erabiltzailea aktibatu. Oraindik erabiltzailerik ez baduzu berria sortu eta kiniela egin. Lehendik erabiltzailea baduzu zuzenean kiniela egin besterik ez duzu. Dagoeneko erabiltzaile aktibatuta baduzu zozketan sartzeko moduan zara, baina bestela ez itxaron gehiago zure erabiltzailea aktibatzeko.Eta zergatik lehen baileen? Bada eguneroko zozketan orduraino kiniela egin duten guztiak hartuko baitute parte. Hau da, kiniela egiteko aukera eskaintzen dugun momentuan kiniela egin ezkero 22 kamiseten zozketan parte hartuko duzue. Uztailak 3an egin ezkero kiniela 2 kamiseten zozketan bakarrik hartuko duzue parte. Gainera zenbat eta lehenago egin, orduan eta probabilitate altuago kamiseta egokitzeko zakuan erabiltzaile gutxiago izango baitira.

Sarituak “Zozketa” atalean argitaratuko ditugu. Saritua izan bazara, email bat bidali [email protected] helbidera kamisetaren neurria adieraziz. Guk konfirmazioa bidaliko dizuegu eta uztailean zehar, Frantziako Tourraz gozatzen ari garen bitartean, kamiseta etxean jasoko duzue.

Eta ez ahaztu egokitzen ez bazaizu beti izango duzula Tropela Elkarteri laguntzea kamiseta bat erosiz.

Zorte on guztioi eta Tour eder batetaz gozatzeko aukera izan dezagula!!

2009ko ibilbideen aurkezpenak (I). Frantziako Tourra.

tourparcoursglobal.jpgAtzo aurkeztu zen 2009an Monakotik abiatuko den Frantziako Tourra. Aurreko egunetan zabaltzen hasi ziren zurrumurruak bete besterik ez ziren egin eta hauek ezagututa, berri benetan txarra dela esango nuke. Azken orduko sorpresatxoak espero nituen baina bere horretan gelditu da. Bi hitzetan laburbildu beharko banu, “kaka zaharra” hitzak erabiliz laburtuko nuke.

Ez dut gogoratzen hain ibilbide eskasa izan duen beste Tourrik. Guztira erlojupekoan aritzeko 93km bakarrik – eta horietatik 38km taldekakoak – eta mendiko etapak -ikustekoak Pirinioetan prestatu dituzten etapak, negargarriak benetan – ikusi ondoren, 16 urtez azpikoentzat prestatutako edizioa dela ematen du.

Momentu honetan bi alde on bakarrik ikusten dizkiot: hasiera emango dion Monakoko 15kmtako erlojupeko gogorra eta Le Grand Bornand-en amaitzen den etapa, nahiz eta 169kmtako luzera duen etapa edizioko etapa erregina izateak, ibilbidea bera ederki laburtzen duen. Hortik aurrerakoak ez dit ezer asko esaten: Pirinioak ezertxo ere ez, eta Verbier eta Mont Ventouxko mendi bakarreko etapek ere ez asko.

Badakit modu honetan pentsatzen duen bakarra ez naizela, dena dela, hasi dira zeinbat komunikabide espainiar “Los escaladores se frotan las manos” bezalako izenburu lotsagarriekin. Iritsiko da bai 2009ko uztaila, orduan ikusiko dugu zenbaterainoko pagotsa izango duten eskalatzaileek. Ziur nago laister izango direla mina egiteko terrenua falta zaiela esaten duten ahotsak. Eta ziur naiz baita ere, Armstrongen parte hartzearen morboaren ezean audientzia mailek ederki egingo dutela behera. Egia esateko, ez diot ibilbide hau aurkezteko inongo arrazoirik aurkitzen. Antolatzaileek jakingo dute zer aurkeztu duten eta zer lortu nahi duten berarekin.

Aurreko urteetan Espainiako Itzuliak aurkeztu izan dituen ibilbideak ekarri dizkit gogora Tourreko honek. Beti bezala Italiako Giroaren zain egon beharko dugu ibilbide itxurosoago baten berri izateko.

Supertaldea

CSC taldeaHarrigarria. Ikusgarria. Nabarmena. Nahi duzuen bezala kalifikatu daiteke talde hau Tourrean erakusten ari den nagusitasuna. Liderra daukate, baita ere ziurrenik igotzaile onena (Sastre), gazte onena ere bai (Andy Schleck), etapa irabazle bat ere bai (Arvesen), eta hori gutxi balitz, gainontzeko guztiak, aurrekoak ahaztu gabe, sekulako talde lana egiten ari dira.

Taktikoki beti ondo. Urrutira joan gabe, gaur Arvesen eta Voigt ihesaldian sartu, bitartean lasterketa gogortu Gustovekin, bi hoiek are gehiago estutu eta azkenik Andy Schlecken azken kolpea.� Hautacameko etapan ere bikain. Beste etaa batean ere Cancellara eta Voigt ihesaldian sartu eta gero taldean sekulako mina egin zuten.

Akats bakarra beharbada Sastre orain Schlecki begira doala da. Faboritoago ikusten dut nik Sastre Frank baino, baina hau liderra izaki, Carlos lotu xamar dago. Eta hori azken erlojupekoan garesti ordain dezakete Evans edo Menchoven mesedetan.

Dena den, biharko etapa ikusi beharra dago. Nik uste Croix de Fer-en egurra egongo dela. CSC-k beste mugimendu taktiko bat egingo duelakoan nago, Gustov edo Andy ihesaldian sartuta, gero atzetik Sastrek erasoa jo eta faboritoak kolokan jar ditzan. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Argazkia: Tim De Waele