2009ko urteari errepasoa

Urtea amaitzen ari da eta aurtengo urteak txirrindularitza munduan eman dizkigunak errepasatu nahi nituzke. Horretarako atal edo arlo ezberdinen inguruan iritzia ematea pentsatu dut. Noski, zuek atal horien inguruan duzuen iritzia eman dezakezue. Hona hemen atalak eta nire iritzia:

Contador eta ArmstrongIkusmin gehien sortu duen txirrindularia: iritzi ezberdin asko izango da honen inguruan, baina medioetan izandako eraginagatik, niretzat Armstrong izan da ikusmin gehien eragin duen txirrindularia. 2008 amaieran bere itzulera adierazi zuenetik komunikabide gehienak bere atzetik izan dira. Gainera ikusmina areagotu egin zen Contadorren talde berean arituko zela jakin zenean.

Juanma Garateren etapa garaipena 2009ko TourreanTxirrindularirik onena: merituak ikusita Contador. Tourra irabazteaz gain, Euskal Herriko Itzulia eta Algarvekoa irabazi ditu. Tartean beste etapa batzuk ere bai, eta UCIren sailkapenean lehen postuan amaitu du.

Euskal txirrindularirik onena: garaipenak ikusita, Juanma Garate izan da niretzat aurtengo euskal txirrindularirik onena. Segur aski beste zenbaitek ere lan bikaina egin dute, baina emaitza zuzenei begira jarrita, ikaragarria izan zen Mont Ventouxen Juanmak lortu zuen garaipena Toni Martinekin izandako lehia hartan.

Talderik onena: uste dut atal honetan gehienok ados izango zaretela. Columbia HTC taldeak ikaragarrizko denboraldia egin du eta gizonezko elite taldeak 86 garaipen lortu ditu. Gizonezkoena nioen, izan ere emakumezko taldea ere badute eta hauek ere marka egin dute 46 garaipen eskuratuta. Ez, zalantza gutxi talderik onena aukeratzerakoan.

Mikel Astarloza prentsa aurrekoan errugabetasuna defendatzenGertaerarik tamalgarriena: zalantzarik gabe Mikel Astarlozaren positiboa. Denbora asko pasa zen euskaldun batek ez zuela etapa garaipenik lortzen Tourrean. Gero Mont Ventouxen Juanma Garatek lortu zuen; lehorte luzearen ondoren, bi euskaldunek garaipena ekitaldi berean. Poza zabaldu zen gure artean, baina denbora gutxira, Tourra amaitu eta berehala, positiboak itzalean utzi zituen egun batzuk lehenago izandako pozak.

Ezustekorik handiena: burura hiru etortzen zaizkit, baina bakarra jartzeko asmotan nabilenez, Wigginsen Tourreko laugarren postua aipatuko nuke. Gutxik espero zuten Wiggins hain ondo ibiliko zenik Tourrean eta ezustekoa eman zuela zalantzarik ez dago.

Esan bezala, zenbait ados izango zarete eta beste askok beste iritziren bat izango duzue. Nola ikusi duzue urtea zuek?

2009ko ibilbideen aurkezpenak (III): Espainiako Vuelta

Espainiako Vuelta 2009Nork esan behar zidan niri, hiru asteko proben ibilbideen aurkezpenen ondoren, Espainiako Vueltarena gehien gustatuko zitzaidan urteren bat ezagutuko nuenik? bada, aurtengoak uste dut lortu duela.

Azken urteetako ibilbide negargarriaren ondoren, ez zegoen zaila hura hobetzea, baina egia esateko zeharo harrituta utzi naute aurkeztu berri duten ibilbidearekin. Egia esateko, APM txirrindularitza foruko mutilen lana atzean nabari da, baina aurreko urteetan ez bezala Unipublic-ek kasu pixkat egin diela ematen du eta ibilbideak sekulako hobekuntza jaso du.

Ez da helburua ibilbidea etapaz-etapa aztertzea —horretarako hobe www.lavuelta.com web gunetik pasatzea— baina orokorrean aspaldian Espainiako Vueltan ikusi ez diren bezalako etapak prestatu dituzte, bai goi-mendiko etapetan: Aitana, Velefique eta Sierra Nevadako etapak bikainak, bai erdi mailako mendi etapetan: Cati, Avila edo Navacerradako etapak ere, eta ibilbide guztian zehar aurkituko dituzten hainbat eta hainbat tranpa. Honetan ere litekeena da ASOk bere eskua sartu izana —askotan euren proba nagusian, Tourrean, horrelakorik egiten ez badute ere—.

Ibildeari akats bat aurkitzekotan, erlojupekoen kilometro falta da. Azken urteetako mendi negargarriekin ez nien hain kilometro gutxiko erlojupekoei hainbesteko garrantzirik ematen, azkenean dena nahiko konpentsatuta geratzen baitzen, umeentzakoak zirela pentsatzen banuen ere, baina 2009ko edizioko mendiko etapak ikusi ondoren, 30 eta 26km-ko erlojupeko bakoitzari 10na kilometro igoko nizkieke ibilbide benetan borobila osatzeko.

2009ko ibilbideen aurkezpenak (II): Italiako Giroa

Italiako Giroa 2009Pasa den larunbatean aurkeztu zen urtero nigan itzuli handietan irrika gehien sortzen duen Italiako Giroa. Aurreko urteetan ibilbide aldetik hiruetatik nabarmen onena izaten bazen ere, aurtengoan pixkat “harrituta” utzi nau.

Jakina da Giro oso gogorra egiteko ez duela Mortirolo, Marmolada, Zoncolan, Tre Cime edo beste hainbat mendatetzarren beharrik, eta aurkeztu duten ibilbidea gogorra izanik ere, ez dirudi aurreko urteetako goi-mendiko etapen gogortasunik duenik.

Dolomitak aurreneko astean igarotzean gehiegizko gogortasunik ez dutela sartu nahi izan ematen du, eta azkenengo astea ere aurreko urtetan baino errazagoa dela ematen du, nahiz eta Blockhaus handia eta Vesubion amaituko diren etapak eduki.

Gustoko ditudanak —oso gustoko esan beharko nuke—, aldiz, 60km-tik gorako erlojupeko ikaragarri gogorra eta Nerone, Catria eta Petrano biltzen dituen etapa benetan beldurgarria. Seguru etapa honek Coppiren omenez prestatu duten Cuneo – Pinerolo baino zarata gutxiago izango duela korritu aurretik baina askoz erabakigarriagoa izango den ziurtasuna dut. Bi etapa hauetan behar lukete Giroko denbora tarterik handienak.

Hauez gain, Bologna eta Faenzan bukatzen diren etapek ere ikusgarriak izateko osagaiak dituzte eta italiarren korritzeko modua ezagututa, agian Giroko etapa politenak izan daitezke. Eta Giroetan hain ugariak izaten diren azken kilometrotako herri-zirkuitu eta aldapatxoetan amaitzen diren etapa sorta polita izango dugu, berauek etapa amaierei ematen dieten ikusgarritasunarekin.

Aurkeztu duten ibilbidearen aldeko eta aurkako kontuak aztertuz, ia urtero bezala Frantziako Tourraren ibilbidearekin alderatuz oso ona iruditzen zait baina agian aurreko urteetan ikaragarri ondo ohitu gaituztelako, ez hainbeste. Eta pena ematen dit, urteetan izango den parte hartzerik onena izango delako —hala ere ikusi egin behar zein asmorekin doazen izen handi horiek— eta Giroaren 100. urteurrena delako.

Dena den, inongo zalantzarik gabe, datorren urteko 3 asteko frogetatik irrika handienez esperoko dudan proba berau izango da. Ea zer erakusten diguten txirrindulariek.

2009ko ibilbideen aurkezpenak (I). Frantziako Tourra.

tourparcoursglobal.jpgAtzo aurkeztu zen 2009an Monakotik abiatuko den Frantziako Tourra. Aurreko egunetan zabaltzen hasi ziren zurrumurruak bete besterik ez ziren egin eta hauek ezagututa, berri benetan txarra dela esango nuke. Azken orduko sorpresatxoak espero nituen baina bere horretan gelditu da. Bi hitzetan laburbildu beharko banu, “kaka zaharra” hitzak erabiliz laburtuko nuke.

Ez dut gogoratzen hain ibilbide eskasa izan duen beste Tourrik. Guztira erlojupekoan aritzeko 93km bakarrik – eta horietatik 38km taldekakoak – eta mendiko etapak -ikustekoak Pirinioetan prestatu dituzten etapak, negargarriak benetan – ikusi ondoren, 16 urtez azpikoentzat prestatutako edizioa dela ematen du.

Momentu honetan bi alde on bakarrik ikusten dizkiot: hasiera emango dion Monakoko 15kmtako erlojupeko gogorra eta Le Grand Bornand-en amaitzen den etapa, nahiz eta 169kmtako luzera duen etapa edizioko etapa erregina izateak, ibilbidea bera ederki laburtzen duen. Hortik aurrerakoak ez dit ezer asko esaten: Pirinioak ezertxo ere ez, eta Verbier eta Mont Ventouxko mendi bakarreko etapek ere ez asko.

Badakit modu honetan pentsatzen duen bakarra ez naizela, dena dela, hasi dira zeinbat komunikabide espainiar “Los escaladores se frotan las manos” bezalako izenburu lotsagarriekin. Iritsiko da bai 2009ko uztaila, orduan ikusiko dugu zenbaterainoko pagotsa izango duten eskalatzaileek. Ziur nago laister izango direla mina egiteko terrenua falta zaiela esaten duten ahotsak. Eta ziur naiz baita ere, Armstrongen parte hartzearen morboaren ezean audientzia mailek ederki egingo dutela behera. Egia esateko, ez diot ibilbide hau aurkezteko inongo arrazoirik aurkitzen. Antolatzaileek jakingo dute zer aurkeztu duten eta zer lortu nahi duten berarekin.

Aurreko urteetan Espainiako Itzuliak aurkeztu izan dituen ibilbideak ekarri dizkit gogora Tourreko honek. Beti bezala Italiako Giroaren zain egon beharko dugu ibilbide itxurosoago baten berri izateko.