Frantziako Tourra. Multzoen analisia (II): Beste hautagaiak eta espezialistak

Ez da erraza talde honetan hiru txirrindulariren aldeko aukera egitea. Maila handiko txirrindulariak dira guztiak eta hauetako norbait Parisera horiz jantzita iristea zaila izango bada ere, ziur podiumean muturra sartuko duela zerrenda honetako norbaitek. Ziur Tourrean ikusiko ez duguna Ivan Basso dugu, Dauphine Libere-n gaixotasun bat medio jaitsi baizen bizikletatik eta ez baitugu irteeran izango.

Schleck anaiak
Irteeran izango diren arren, Bassoren hainbat herrikide ere ez ditut ikusten Tourrerako lehian, Vincenzo Nibali eta Franco Pellizotti kasu. Nibalik Giro dell´Appennino irabazi berri du baina Tour-ak beste maila bat du eta egun distiratsu bat eduki badezake ere, etaparen bat poltsikoratzea izango du helburu. Pellizottiri, baina Giroaren ondoren italiar gehienei bezala kosta behar zaio orduko sasoi puntua mantentzea. Marzio Bruseghin “zaharra”, aurten Giroan apalxeago ikusi duguna, duen eskarmentua tarteko izan daiteke salbuespena. Bere neurrian halere, emaitza ona bailitzateke 10 lehenengoetan amaitzea edo etaparen bat ehizatzea. Hortik gora nahiko lan. Michael Rogers italiarra ez bada ere, egin duen Giro politaren ondoren italiarren taldean sartuko nuke.

Beteranoekin jarraituz, Christophe Moreau handia aurten ere irteera puntuan ikusiko dugu. Hortik aurrera, bere berri gutxi izango ditugula iruditzen zait. Christian Vandevelde, aldiz, aurtengo sorpresa izan daiteke. Suitzan berragertu da soinu handirik atera gabe, baina Giroan erori izana ongi etor lekioke Tourrera fresko iristeko. Oso ongi iritsi zen Girora eta pedal kolpea berreskuratzen badu iazko bosgarren postua hobetu dezake.

Roman KreuzigerGazteenetara pasaz, hiru perla distiratsu ditugu zerrendan. Tourreko podiumean ikusiko ditugunak. Duda barik, aurten ez bada datozen urteetan: Robert Gesink, Andy Schleck eta Roman Kreuziger. Holandarra Menchov-en morrontza lanetan ibiliko da segur aski, baina errusiarra ongi ez badabil Rabobank-en arma ezkutua izan daiteke. Beste bien taldeetan aldiz, ez dago hain argi talde-burua nor den eta sasoiko daudela erakusten badute eta lasterketa beren alde jartzen bada, talde oso eduki dezakete beren eskura. Iaz maillot zuriaz iritsi zen Parisa Schleck anaia gaztea, txekiarrarekin lehia bizian, eta biek lehia hori errepikatu nahiko lukete, oraingoan maillot horiaren bila. Kreuziger-ek Romandiako Itzulia irabazi berri du eta Suitzako Itzulian 3. amaitu du. Andy ez da hain aurrean ikusi Suitzan, baina egun gutxi aurretik Luxenburgoko Itzulia irabazi zuen.

Thomas Dekker-en izarra aldiz, ilunpean zebilen. Suitzako Itzulian berpizten ari dela dirudi, baina zaila izango du luzimentua. Indartsu balego ere, Cadel Evans taldekidea laguntzea litzateke bere zeregin nagusia. Andreas Kloden ere lanera doa Frantziara. Contador ala Armstrong, nori lagundu agian ez du izango argi, baina besteen mesedetan ibili beharko duela ziurra da. Oscar Pereiro ere, guzti hauen artean Tourra irabaztea zer den dakien bakarra izan arren, lanean ikusten dut. Iazko erorketa larriaren ondoren bere aurreko maila ez duela oraindik berreskuratu iruditzen zait eta Valverde ez badoa ere, L.L. Sanchez-en luxuzko coequipier bihur daiteke.

Stijn Devolver ahoberoa aurten isilago dabil medioetan. Flandrian egin zuen erakustaldia ikusgarria izan zen, baina Frantzia eta Flandria oso ezberdinak direla konturatu dela dirudi. Etaparen bat ehizatzen saiatuko da ziurrenik eta seguru indartsu iristen dela, baina ez zait iruditzen iaz bezala sailkapen orokorra buruan duenik. Bi errusiarrak aldiz, Vladimir Karpets zein Vladimir Efimkin, etapa ehiztari baldar samarrak izaki, sailkapen orokorrean ahalik eta aurreen sartzen saiatuko dira. Top 10an amaitzeko gaitasuna badute ere, podiuma urruti izango dute.

Kim KirchenGeratzen diren hirurak, podiumerako hautagai sendo bezala ikusten ditut, Frank Schleck duda askorekin iristen bada ere. Belauneko arazoak konpondu ezinik omen dabil eta horrela bada anaia gazteari testigua pasatzeko unea izan daiteke. Bere maila, baina, sarritan erakutsi du eta behar den lekuan: uztailean eta Frantzian. Kim Kirchen ezkutatuta ibili da iazko denboraldi zoragarriaren ondoren baina Suitzako Itzulian egin du bere aurtengo lehen agerraldia. Iaz zortzigarren iritsi zen Pariseko helmugara eta ziur aurten gorago iristen dela. Eta azkenik, behar den unean bere burua erakusten hasi den beste txirrindulari bat: Fabian Cancellara. Txirrindulari indartsua, Tourreko erlojuz kontrakoak irabazteko hautagai nagusia da, urte osoan arazo askorekin ibili bada ere. Ikusgarria izan da Suitzako agerraldia eta Indurainen ezaugarri paretsuak dituen honek esana du noizbait Tourreko sailkapen orokorra lehiatu nahiko luikeela: aurten izan daiteke bere urtea.

Nire kinielarako 3 aukeratu behar banituzke, Kim Kirchen, Roman Kreuziger eta Andy Schleck lirateke nire hiru txirrindulariak, beti ere euren progresioa jarraituko duten esperantzan.