Horner eta Samu arnasestuka

Atzo jakin genuen Samuel Sanchezek – azkenean – aurtengo denboraldirako taldea aurkitu duela. Aurreko astean, berriz, Horner izan zen etorkizun hurbilari bide orria egin ziona.

#postEuskaltel garai honetan Samuk berak ere ez zuen usteko horrenbeste lan izango zuenik talde bat aurkitzeko. Pekinen urrea lortu izanak, Tourreko podiumean sartu izanak – Contadorren garaipena baliogabetu ondoren -, baita Vueltako podiumean ere, hainbat etapa garaipen lortu izanak- iaz Dauphineko 7. etapa irabazteak a ze arnasa eman zion Euskalteli! – … balantza bere alde jartzeko moduko argudioak badirudite ere, ez dio uste bezain beste lagundu nire ustez. Adina? 36 urte beteko ditu asteazkenean, Evans baino urtebete gazteagoa da eta Horner baino 6 urte t’erdi! Baina ez da kontua adina bera bakarrik, adina eta bere ibilbidea, bien konbinazioa baizik.

Inork gutxik ukatuko du Samu txirrindulari bikaina dela, edo izan dela behintzat. Kontua da profesional mailan eman dituen 14 urteak talde berean eman dituela, Euskaltelen. Eta Euskaltel talde berezia izateaz gain, taldea Samuren inguruan eratu izan da urtez urte. Ez zait iruditzen gainontzeko taldeei, beraiek liderrak eta egiturak jada finkatuta dituztela, Samu txirrindulari “erakargarria” egingo zaienik. BMCrentzat berarentzat ere hain interesgarria ez delakoan nago, baina izango ditu bere arrazoiak fitxaketa hau egiteko, marketing arrazoiak kasu.

Continue reading “Horner eta Samu arnasestuka”

#postEuskaltel

postEuskaltelIritsi da Euskaltel gabeko lehenengo denboraldia. Abian da, jada. Eta talde laranjaren hutsune hau izango da zaleontzat, garai berria ulertzeko gakoetako bat. Talde ohiaren txirrindulari zein langileentzat gertaera honek izan dituen ondorioak ezagunak ditugu. Eta horregatik, beste ikuspegi bat eman nahi nioke hausnarketari: zaleona. Zaleok nola, zein eratan nozituko dugu #postEuskaltel aroa?

Egokitzapen honetako lehen ariketa Santos Tour Down Under-ek ekarri digu: iazkoan 6 euskal ordezkari izan bagenituen, aurten Imanol Erviti bakarrik. Iaz Izagirre anaiek, desordutan, hain hurbiletik jarraitu arazi ziguten lasterketa, aurten urrunago sentitzen dugu. Denboraldia beranduago hasiko zaigu. Continue reading “#postEuskaltel”

Neguko gurpil gaineko ikuskizunak amaitzear

Aitor Hernandez 2013-2014 denboraldianAurtengo ziklokros denboraldia azken txanpan sartzen ari da. Asteburu honetan daude herrialde desberdinetako txapelketak jokoan eta otsailaren 1 eta 2an munduko txapelketak ospatuko dira Hoogerheide-n (Herbehereak).

Gureei dagokienez, Aitor Hernandez ari da izaten denboraldiko dominatzaile nagusia. 15 lasterketa irabazi ditu dagoeneko, oker ez banago estatuan jokatu dituen guztiak 2 izan ezik eta Lezamako lasterketan, berak lortu zuen Euskadiko Txapelketa ere. Egoitz Murgoitio oso sendo hasi zen, baina 2 hilabete doa lasterketetatik kanpo, antza denez erorketa batek eragindako arazo fisikoen ondorioz.

Javier Ruiz de Larrinaga, aldiz, oso erregular aritu da Munduko Kopan egin dituen agerraldietan eta nazioartean inoizko mailarik onenean ari da. Etxean, baina, Aitor Hernandez bikain bat izan du aurrean eta pasa den asteburuan Ormaiztegin bakarrik lortu zuen Aitor atzean utziz garaipena eskuratzea. Hau horrela, indarrak oso berdindurik iristen dira Segorben igandean ospatuko den elite mailako Espainiako Txapelketara. Continue reading “Neguko gurpil gaineko ikuskizunak amaitzear”

Mikel Nieve ere ikurrinarekin

2014_SKY_Mikel_Nieve_webguneaUrte hasiera guztietan bezala, txirrindulari talde guztiek beraien ekipamendu berriarekin argazkiak ateratzen dituzte. Ekipamendu berriarekin eta taldekide berriekin. Izan ere, dakizuen moduan, nahiz eta 2014rako kontratuen berri lehenago jakin, irudi kontratuak tarteko, ezin talde berriaren jantziekin atera urtea hasi aurretik.

Sarean txirrindulari eta taldeen aurkezpen argazki mordoa aurkituko duzue egunotan. Horietatik guztietatik, ordea, Mikel Nieverena ekarri nahi nuen blogera. Izan ere, iaz Haimar Zubeldia eta Markel Irizarrek Radioshack-Nissan-Trek talde amerikarrean ikurrinarekin agertu ziren moduan, aurtengoan Mikel Nieve izan da ikurrina SKYren wegunera eraman duena.

Pozgarria benetan hiru euskaldun hauen jokabidea gai honen inguruan. Ni behintzat asko pozten naiz.

Rogersek ere klenbuterola odolean

Izenburu gordina jarri diot berri honi, baina uste dut garai hauetan dopinaren aurkako jarrera gogorragoa hartu beharrean garela.

Txirrindularitza aldatzen ari dela lau haizetara zabaltzen duten honetan, Rogers australiarrak positibo eman duela jakin berri dugu. Zerekin eta klenbuterol sustantzia aski ezagunarekin, bestela galdetu Irungo harakinari. Baina ez da kontua hor geratzen, izan ere Rogers Contadorren taldekidea izan baita aurtengo urte honetan eta ondo dakigun moduan Contadorrek sustantzia berarekin eman zuen positibo orain 3 urte. B lagina eskatzeko aukera izango du Saxokoak, baina zer gertatuko den nahiko argi dut nik behintzat.

Tinkovek hartu du Riisen taldearen jabetza berriki. Errusiarrak hasiera traketsa izan duela agerian da. 2014a ere hain oker joango ote zaie?