Neguko gurpil gaineko ikuskizunak amaitzear

Aitor Hernandez 2013-2014 denboraldianAurtengo ziklokros denboraldia azken txanpan sartzen ari da. Asteburu honetan daude herrialde desberdinetako txapelketak jokoan eta otsailaren 1 eta 2an munduko txapelketak ospatuko dira Hoogerheide-n (Herbehereak).

Gureei dagokienez, Aitor Hernandez ari da izaten denboraldiko dominatzaile nagusia. 15 lasterketa irabazi ditu dagoeneko, oker ez banago estatuan jokatu dituen guztiak 2 izan ezik eta Lezamako lasterketan, berak lortu zuen Euskadiko Txapelketa ere. Egoitz Murgoitio oso sendo hasi zen, baina 2 hilabete doa lasterketetatik kanpo, antza denez erorketa batek eragindako arazo fisikoen ondorioz.

Javier Ruiz de Larrinaga, aldiz, oso erregular aritu da Munduko Kopan egin dituen agerraldietan eta nazioartean inoizko mailarik onenean ari da. Etxean, baina, Aitor Hernandez bikain bat izan du aurrean eta pasa den asteburuan Ormaiztegin bakarrik lortu zuen Aitor atzean utziz garaipena eskuratzea. Hau horrela, indarrak oso berdindurik iristen dira Segorben igandean ospatuko den elite mailako Espainiako Txapelketara.

Pronostiko bat egin beharko banu, Larri ikusten dut aukera gehiagorekin, gorantz doala eta moralez sendoago ikusten baitut. Txapelketetan ere behin baino gehiago erakutsi du oso lehiakorra dela eta duen odol hotzarekin aukera polita du laugarren aldiz Espainiako txapeldun izateko. Egin duen denboraldiagatik, baina, Aitorrek mereziko luke garaipena.

Nazioarteko denboraldiari dagokionez, Van der Haar da dudarik gabe aurtengo izena. Gazte holandarra ikaragarrizko maila ematen ari da eta lider da Munduko Kopan, ospatu diren 6 probetatik 3tan garaile izan ondoren: Valkenburg, Zolder eta Tabor-en.

Eta dudarik gabe, the next big thing, Mathieu van der Poel gaztea dugu. Datorren igandean 19 urte beteko dituen txirrindulari hau 23 urtez azpikoekin lehiatzen ari den lehen urtean ikaragarrizko erakustaldiak ematen dabil. Adrie handiaren semea (besteak beste munduko ziklokros txapeldun 1996an) ez da horrekin konformatzen, baina, eta ikaragarrizko sorpresa eman zuen eliteekin korritu zuen lasterketa bakarrean ere: Sint-Niklaas-en, Belgikan, Niels Albert bakarrik izan baizen bera gainditzeko gai. Dagoeneko palmares ikaragarria du junior bezala (birritan munduko txapeldun ziklokrosean eta zilarrezko domina errepidean) baina gorantz jarraitzen badu, historiara pasako den izen bat bihurtu daiteke berea.

Urtero bezala, beraz, irekiak datoz aurten ere munduko txapelketak, baina Nys eta Albert izen ezagunak jarriko nituzke Van der Haar-ekin batera faborito nagusi bezala. Niels Albert-ek 2 garaipen ditu baita ere Munduko Kopan, Roman eta hainbeste maite duen Koksijdeko zirkuituan, eta beste 6 garaipen ere poltsikoratu ditu. Sven Nys, aldiz, gorabehera handiekin ikusi dugu, zorte txarra ere izan duelarik batik bat Munduko Kopan; baina 10 garaipen daramatza, horietako 2 superprestige-an eta 3 azken 2 asteetan. Pare bat lasterketa antologiko ere ikusi dizkiogu. Oraingo munduko txapeldunak erakustaldi hauetako baten ondoren aitortu zuen bezala, gorputzaldi hori balu munduko txapelketan, berriro ere ortzadar maillota janzteko moduan litzateke. Adinarekin, badirudi esfortzuak gehiago neurtzen dituela “kanibalak” eta aurten ere badirudi ez dela (duela zenbait urte gertatzen zitzaion bezala) guztiz hustuta iritsiko denboraldi bukaerara eta ondorioz munduko txapelketara.

Dena den, beste urteetan baino aukera gehiago ikusten dizkiet txirrindulari ez belgikarrei. Maila onean ari dira baita ere Martin Bina txekiarra eta agertu den gutxietan, orain errepidean zentratuta dagoen munduko txapeldun ohi Zdenek Stybar ere. Bikote txekiarraz eta Van der Haar herbeheretarraz gain, Mourey frantziarrari ere arreta eskaini behar diogu. Ez alferrik munduko kopako lasterketa bat irabazia du frantziarrak aurten. Bikain ikusten ari gara Walsleben alemaniarra ere. Beraz, ohikoa denez, ikuskizuna ziurtatuta dugu.