Badator klasika handien bigarren astea. Flandriako Tourra, Gante-Wevelgem eta Paris-Roubaixen tropeleko gizaseme indartsuenen erakustaldiekin gozatu ostean, beste txirrindulari talde batek hartuko du protagonismoa datozen egunotan.
Lehenengo plater moduan, igande honetan Amstel Gold Race klasikoa jokatuko da. 253 km-ko ibilbidea, kotaz josita (31 guztira). Helmuga Cauberg-en, baina aurretik Keutenberg (%8 batazbeste, gehienez %20), Vrakelberg edo Eyserbosweg bezalako muinoekin. Aurten ez da egongo Michael Boogerd bigarren postuan amaitzeko. Holandarra 4 aldiz helmugaratu izan da bigarren postuan. Garaipen bakarra, 1999an lortu zuen.
Bigarren platera Belgikan izango da, Flèche-Wallone klasikoarekin. Ibilbide sigisagatsua baina ez oso selektiboa (202 km izateak badu eragina, besteak baino laburragoa), eta helmuga Huy-ko paret beldurgarrian, %25era iristen diren maldekin. Beti bezala, kokapena lortzeko orduan taldeen artean borroka polita ikusiko da.
Postrea lurralde belgiarretik irten gabe izango dugu, Liège-Bastogne-Liège klasikoarekin. 254,5 km eta 12 munio, tartean La Redoute famatua (2,3 km %7,4ra), Stockeu (1,1 km %11,6ra) Sprimont edo helmugara bideratzen duen Saint-Nicolas bera.
Faboritoak? Ia-ia betikoak. Davide Rebellin, Damiano Cunego, Alejandro Valverde, Franck Schleck, Stefan Schumacher, Ricardo Riccó eta Kim Kirchen nabarmenduko nituzke beste guztien gainetik. Danilo Di Luca botako dugu faltan aurten, LPR ez baita irteera lerroan egongo lasterketa hauetan. Paolo Bettinik, Euskal Herrian izan zuen erorikoa dela eta, Liègerarte atzeratuko du bere agerpena. Ikusiko dugu zer nolako maila emanten duen Kilkerrak.
“Sorpresa” eman dezaketenak: Joaquim Rodriguez, Valverdek kantxa apur bat ematen badio, Yaroslav Popovych, Fabian Wegmann, Rinaldo Nocentini edo Maxime Monfort bera.
Euskaldunek ez dute erraz izango nabarmentzea. Helburua ziurrenik ihesaldiren bat harrapatzea izango da. Gero bideak jarriko du bakoitza bere tokian.
Txirrindulari gisa bidea egiteko balio ez zuela ikusita, Lefevere azkarrak bandoz aldatu eta zuzendari zein manager lanetara pasa zen. Honela, 90ko hamarkadan denok ondo ezagutzen dugun Mapei (1993-2002) talde arrakastatsuan erakutsi zuen bere benetako balioa kirol zuzendari bezala. Egun bakarreko lasterketetan ez zegoen talde hura bezalakorik. Musseuw, Bartoli, Ballerini, Bettini, Tafi, Bugno, Peeters, Camenzind, Bortolami, Steels handiak, Vandenbroucke, Merckx, Garzelli eta Freire gazteak (garai hartan) edota gure Abraham Olano aipa genitzake. Itzuli handietan ere zerbait lortu zuten, batez ere Rominger eta Tonkov errusiarrari esker. Lefevere aztiaren urrezko garaia izan zen. Denboraldi bakoitzean 50 garaipenetik gora lortzen zituen taldeak eta urte batean izan ezik, beste guztietan Mapei UCI rankineko lehenengoa izan zen. Nostalgikoentzat, talde honek hainbat abizen izan zituen bere kirol bizitzan: Clas, GB, Bricobi eta QuickStep.
Iparraldeko Kanpainaren aurreneko asteak historia belikoaren orriak elikatu ditu. Garaileak eta garaituak izan ziren La Pango hiru egunetan eta, batez ere, Flandesko Tourrean. Muinoetan gertatutako guduak ikustekoak izan ziren, eta azkenean Devolder Quick Step dibisioko flandestarrak bere eskutan zuen morteroa hartu eta geratzen zitzaion azkeneko lehergaia piztu zuen. Bai eta helburuan bete-betean asmatu ere. Boonen kapitainaren laguntzak ere izan zuen zerikusirik bere garaipenean.
Hori bai, Iparraldeko Kanpainiako fase erabakior honetako aurreneko astea hiru egunetako lasterketa batekin hasiko da gaur, La Panne-go hiru egunekin hain zuzen. Formatua urtero berdintsua izan ohi da. Aurreneko bi etapetan igandean De Ronde handian igaro beharko dituzten hainbat aldapa edo berg igoko dituzte. Gaurko etapa gogorxeagoa da eta biharkoa luzexeagoa. Bi egunotan sailkapena lehiatuko dutenen zerrenda definitu beharko litzateke, osteguneko erlojupekoan (goizean beste sektore bat izango bada ere) dena erabakiko delarik.
Garaipenen zerrenda otsailean ireki zuen ordea, Californiako Itzuliko atarikoa irabazita. Ondoren ez zuen sailkapen nagusia lortu, baina hortik ez askora Monte Paschi Eroican bigarren garaipena erdietsi zuen Alessandro Ballan-i buruz buruko politean aurre hartuta. Milano-ko irteeran beste garaipen handi batekin aurkeztu zen, Tirreno Adriatikoan lorturikoa, alegia. Bertan taktika sinple bezain eraginkorra baliatu zuen: Montelupone-ko horma zatian eutsi, eta erlojupekoan hautsi.