Lefevere maisuaren astea

Asko eta asko dira Iparraldeko Kanpainaren astea barrenetik bizitzen dutenak. Frantziako Tourraren aldean, egun bakarreko klasikoen goi mailako aipatutako aste honek garrantzi gehiago du txirrindularitza benetan maite dutenentzat. Baita zenbait talde, txirrindulari edo managerrentzat ere. Patrick Lefevere (Moorslede – Flandes, 1955) egun Quick Step-Innergetic taldeko managerra eredu nabarmena genuke. Azken urteetan epaitua eta gorrotatua izan den beterano belgikarrak, ondo baino hobeto ezagutzen du amaitu berri den astea. Zalantzarik gabe esan daiteke Lefevere polemikoaren denboraldiko lehen helburua Ronde Van Vlaanderen (Flandesko Itzulia) eta Paris-Roubaix klasikoen artean dagoela. Ilusio eta esfortzu gehiena. Izan ere, belgikarrak 20 bat garaipen eskuratu ditu manager gisa aste seinalatuan. Hortaz, artikulu honetan protagonista diferente bat izango dugu hizpide.4 proba handiakTxirrindulari gisa bidea egiteko balio ez zuela ikusita, Lefevere azkarrak bandoz aldatu eta zuzendari zein manager lanetara pasa zen. Honela, 90ko hamarkadan denok ondo ezagutzen dugun Mapei (1993-2002) talde arrakastatsuan erakutsi zuen bere benetako balioa kirol zuzendari bezala. Egun bakarreko lasterketetan ez zegoen talde hura bezalakorik. Musseuw, Bartoli, Ballerini, Bettini, Tafi, Bugno, Peeters, Camenzind, Bortolami, Steels handiak, Vandenbroucke, Merckx, Garzelli eta Freire gazteak (garai hartan) edota gure Abraham Olano aipa genitzake. Itzuli handietan ere zerbait lortu zuten, batez ere Rominger eta Tonkov errusiarrari esker. Lefevere aztiaren urrezko garaia izan zen. Denboraldi bakoitzean 50 garaipenetik gora lortzen zituen taldeak eta urte batean izan ezik, beste guztietan Mapei UCI rankineko lehenengoa izan zen. Nostalgikoentzat, talde honek hainbat abizen izan zituen bere kirol bizitzan: Clas, GB, Bricobi eta QuickStep.Abentura bikain haren ondotik, Belgikakoak Domo-Farm Frites (2001) taldea osatu zuen. Aurretik Farm Frites zena (TVM herbeheretako talde mitikotik sortua), Lefeverek babesle garrantzitsuago bat sartu eta taldea bere gisara antolatu zuen. Italia denbora batez ahaztu eta bere sorterrian egonkortu zuen bere proiektu berria. Talde honetan izan genituen, besteak beste, De Clerq beteranoa, Virenque, Hoste, McEwen, Kashechkin, Wadecki, Knaven, Konecny, Vainsteins, Rodriguez eta Steegmans gaztea (Mapei taldean ibilitako hainbatekin batera). Gerora, ordea, taldeak Lotto-Adeccorekin bat egin eta Lefeverek iragan hurbilari jarraipena eman zion Quick Step-Davitamon taldearekin. Mapei zena berriro ere martxan jartzeko asmoarekin, Belgika eta Italia bitartean kokatu zen berriro ere. Iraganeko metodologia berdina erabili eta urtez urte txirrindulari gazteak deskubritzen joan da. Tartean Boonen, Pozzato, Rogers, Nuyens, Paolini, Weylandt eta Visconti. Eta gaur egun halaxe dihardu.Errepaso nostalgikoa atzean utzi eta arestian aipatu bezala, Lefevere asaldatuak bi egutegi ditu. Batetik denboraldi osokoa, eta bestetik, Iparraldeko Kanpainarena. 90ko hamarkada erdialdetik aurrera Flandeskoak emaitza paregabeak lortu ditu lau klasiko biltzen dituen astean. Iaz, erdi-purdi ibili bazen ere aurten Quick Step-Innergetic taldearekin batera emaitza bikainak erdietsi ditu: bi garaipen eta lau podium.Hona hemen zerrendatuta Iparraldeko Kanpainaren asteak emandakoa:Apirilak 6 – Ronde Van Vlaanderen – Flandesko Itzulia1º Stijn Devolder (Quick Step)2º Nick Nuyens (Cofidis)3º Joan Antoni Flecha (Rabobank)* 6 aldiz irabazi du manager gisa.Apirilak 9 – Gent-Wevelgem1º Oscar Freire (Rabobank)2º Aurelien Clerc (Bouygues Telecom)3º Wouter Weylandt (Quick Step)* 5 aldiz irabazi du manager gisa.Apirilak 10 – GP Pino Cerami1º Patrick Calgagni (Barloworld)2º Giovanni Visconti (Quick Step)3º James Vanlandschoot (Mitsubishi-Jartazi)* Behin irabazi du manager gisa.Apirilak 13 – Paris-Roubaix1º Tom Boonen (Quick Step)2º Fabian Cancellara (Csc)3º Allesandro Ballan (Lampre)* 9 aldiz irabazi du manager gisa.Polemikoa, azkarra, aztia… modu ezberdinetan deskriba genezake Patrick Lefevere. Dopingaren aferei arreta berezirik jarri gabe (Belgikan hainbat egunkarik dioten gorrotoa eta bere irudiarengan sortu duten satanizazioa kasu), ezta UCI Pro Tourraren inguruan egindako akatsak ere, ezin da ukatu Flandeskoa maisu bat dela. Txirrindularitza bere muturrean bizi duen pertsona; hortik datozkio hainbat arazo bihotzarekin. Disfrutatzen dakiena eta oraindik orain kirol kaltetu honi erakustaldi izaera modu erlatibo batean eman diona. Dituzun etsaiengatik soilik bada ere, urte askotarako Patrick.Egilea: Inaxio EsnaolaArgazkiak: FP Photo eta Roberto Bettini