Iparraldeko Kanpainiaren fase erabakiorra: 1. astea

Flandeseko klasikoen garaia puntu gorenean sartua da jada. Datozen bi asteotan txirrindularitzak bizi dituen festa egun handienetako bi bizitzeko aukera izango dugu: Flandeseko Tourra eta Paris-Roubaix. Harbide gainean egiten diren lasterketak gogoko dituztenek galtzerik ez dituzten zitak.

Koppenberg igotzen 2006anHori bai, Iparraldeko Kanpainiako fase erabakior honetako aurreneko astea hiru egunetako lasterketa batekin hasiko da gaur, La Panne-go hiru egunekin hain zuzen. Formatua urtero berdintsua izan ohi da. Aurreneko bi etapetan igandean De Ronde handian igaro beharko dituzten hainbat aldapa edo berg igoko dituzte. Gaurko etapa gogorxeagoa da eta biharkoa luzexeagoa. Bi egunotan sailkapena lehiatuko dutenen zerrenda definitu beharko litzateke, osteguneko erlojupekoan (goizean beste sektore bat izango bada ere) dena erabakiko delarik.

Gauzak horrela, ibilbidea zein den kontuan hartuz, lasterketa garrantzitsu hau irabazteko hautagai nagusia Devolder da zalantzarik gabe. Martxoan zehar jokatu diren iparraldeko klasikoetan gorputzaldi bikaina erakutsi du, eta bere protagonismo kuota La Panne-n eduki lezake. Flandestarrak orain hiru urte eman zuen bere izena aditzera proba hau poltsikoratzean hain zuzen. Bere atzetik, lasterketa hau irabaztea ere badakiten Hoste eta Hincapie aipatuko nituzke, Gusev eta Maaskant-ekin batera. Bistan da erlojuaren aurkako saioak berebiziko garrantzia izango duela. Iaz Ballan izan zen garaile, aurreneko egunean Paolini-rekin batera lasterketa bi txirrindulariren arteko kontu batean uztean.

Baina asteko egun handiak flandestarren urteko egunik handienarekin egingo du bat, Ronde Van Vlaanderen edo Flandesko Tourrarekin, alegia. 264 kilometro eta betiko osagaiak: bide bazterrak lehoi beltzez josiak, txirrindularitza epikoaren esentzia, eta nola ez, muino gogorrak, horietako zenbait harbide guneekin. Gainera, ikusleon gozamenerako, aurten Koppenberg beldurgarria igo beharko dute berriz ere, iaz ibilbidetik at geratu ostean. Bertan lasterketako indartsuenak zeintzuk diren argi ikusiko da, gerora Kapelmuur-en erabaki litekeelarik lasterketako garailea.Koppenberg igotzeak txirrindularirik indartsuenei egiten die mesede inolako ezbairik gabe. Muino honekin iaz gertatu zena ikustea ia ezinezkoa izango da, alegia, Kapelmuur-en hasieran talde buruak tropel itxura izatea. Hortaz, hautagai nagusien zerrenda txikia izatera itzuliko da berriz ere. Eta nola ez, izenak aipatzen hasita, azkeneko asteotan erakutsitakoari so eginda Cancellara aipatu behar. Bera izan da indartsuena azkeneko lasterketatan eta begirada guztiak gainean izango ditu. Larunbatean bertan Boonen estu hartu zuen Harelbeke-n, nahiz eta ordurako lasterketak ihes egina zien. Flandestar handiak behingoagatik hautagai nagusiena izateak dakarren zama eduki gabe korritu ahal izango du bere lasterketarik maitatuena, nahiz eta presioa izan, edukiko duen. Bi txirrindulariok dira beraz, argi eta garbi, lasterketa irabazteko faborito, suitzarraren aldeko puntu batekin, egoera fisiko eta psikologikoak ematen dizkiona.

Bi hauen atzetik badira aipatu beharreko beste batzuk. Neronek hauen buru Nuyens aipatuko nuke. Iragan astean Het-Volk klasikoan erakutsi zuen pedal kolpe freskoak hobera egin zuela erakutsi zuen. Indartsu agertu zen flandestarra, nahiz eta taldekide duen Sylvain Chavanel frantziarraren mesedetan ibili. Nik neuk azkeneko hau ez dut faboritotzat hartzen, bere astea goraipatzekoa izan den arren, Dwars door Vlaanderen eta Brbantse Pijl era ezin hobean irabazita.Nuyens-ekin batera lasterketa honetan gizon segurua den Hoste aipatu behar da derrigor. Silence-Lotto taldeko txirrindulariak ere sasoi puntu onean dagoela bistan du. Iaz garaile izan zen Ballan-ek ez du irabazteko moduan dagoela suposatzeko gauza gehiegirik erakutsi azkeneko astean, ezta Pozzato-k ere, baina biak ala biak aintzat hartzeko modukoak dira. Azkenik, Gilbert aipatzea bidezkoa da eman dituen erakustaldien ostean. Lasterketa gogorra egingo zaiola uste dut nik, eta momenturen baten pott egingo duela uste dut, baina egunetik egunera ikuslea gehiago harritzen duen horietakoa da walloniarra.

Talde estrategiak ere izan dezake garrantzirik iaz Paris-Roubaix-en gertatu bezala. Hala izatekotan, CSC-k luke irabazteko gehien, daniarra baita talderik indartsuena. Hori bai, Quick Step eta Cofidis-ek ere badute lasterketa mugitzeko moduko taldea, baita High Road-ek ere.Kontuak kontu, batzuk urteko txirrindularitza egunik handientzat duguna izango da igandekoa. Ikusleak gozatu eta kirolariak sufritu beharrekoa. Meerbeke-n besoak jasotzen dituenak behintzat ez du damurik izango.

Argazkia: Roberto Bettini