Iparraldeko Kanpainaren fase erabakiorra: 2. astea

Paris-Roubaix 2007Iparraldeko Kanpainaren aurreneko asteak historia belikoaren orriak elikatu ditu. Garaileak eta garaituak izan ziren La Pango hiru egunetan eta, batez ere, Flandesko Tourrean. Muinoetan gertatutako guduak ikustekoak izan ziren, eta azkenean Devolder Quick Step dibisioko flandestarrak bere eskutan zuen morteroa hartu eta geratzen zitzaion azkeneko lehergaia piztu zuen. Bai eta helburuan bete-betean asmatu ere. Boonen kapitainaren laguntzak ere izan zuen zerikusirik bere garaipenean.

Baina ez dago atzera begiratzeko betarik. Azkeneko bateria hotsak aste honetan entzungo dira. Asteazkenean Gent-Wevelgem lehiatuko da, eta igandean, guda klasiko guztietan ezagunena, Paris-Roubaix, Iparraldeko Infernua.

Gent-Wevelgem asteko anaia txikia da. Ez dauka beste bi monumentuen sonarik, baina edozein txirrindularik bere palmaresean nahi lukeen lasterketa da. 209 kilometroko ibilbidean, harbide eta muinoen kopurua murritzagoa da, baina haizeak izaten duen eragina dela eta (Flandeseko kosta inguruetatik iragan izan baita lasterketa), lasterketan bakanduak izaten ziren. Hala ere, aurten antza denez proba ez da kostatik pasako. Hortaz ikusi beharko da Kemmelberg-en (igoera gogorra eta jaitsiera arriskutsua duena, nahiz eta aurten antolakuntzak neuriak hartu dituen segurtasuna hobetze aldera) azkeneko pasaeraren ostean geratuko diren 37 kilometroak gehiegi ez ote diren izango bertan nabarmentzen direnak helmugara bakarrik iristeko.

Hautagaien zerrenda definitzea ez da erraza bestalde, probak nondik joko duen aurrikustea bezain zaila baita. Hasiera batean harbide eta muinoetan ongi moldatu eta abiadura punta duten txirrindulariek dezente dute irabazia, baina noski, halako asko izango dira: Hushovd, Freire, Pozzato, Steegmans, Cooke, Rojas, Weylandt, Van Avermaet, Chicchi,… Bete-beteko esprinterrak ere izango dira (Cavendish, McEwen, Greipel “gorila”,…) hortaz estrategia ezberdinak planteatuko direla esan beharrik ez da. Ez da ahaztu behar dena den Devolder eta Boonen bertan izango direla, nahiz eta ikusi beharko den zein intentziorekin aurkezten diren Ganteko irteeran. Zoritxarrez, egongo ez dena iazko garailea da, Burghardt, neguan izan duen lesioaren berreskuratze fasean baita. Gainera, euskaldunok behingoagatik esperantza txiki bat izango dugu, Koldo Fernandez de Larrea klasiko honetan izango baita.

Ostegunean Pino Cerami Sari Nagusia jokatuko da, baina asteko helburu nagusiak Paris-Roubaix handira bideratuko dituzte txirrindulari handienek. Aurkezpenik behar ez duen lasterketa da Compiègne-tik Roubaix-eko belodromora dihoana. Munduan eliminazio probarik bada, berau da inondik ere. Arenberg-eko basoa izaten da punturik beroena, eta Carrefour de l’Arbre sektorea azkeneko epaile izan daiteke; hala ere, lasterketak beste faktore asko ditu. Esate baterako, zorteak zeresana beste inon ez bezala izaten du. Hori bai, garaikur moduan ematen den harri pusketa ez dago gizon ahulen etxeetan; urtetik urtera garaile direnek harbide gupidagabean zehar erakusten dute zergatik bihurtzen diren egun batez (gutxienez) benetako heroi. Aipatutako harbideak, zulatuak, erorikoak, eguraldia (euria izaten deneko kasuetan), eta nola ez, gainerako aurkarien indarrak suposatzen duten oztopoak gainditu behar izaten dituzte.

Hautagaiei dagokionez, aurreko igandean gertatutakoa hartu izaten ohi da erreferentziatzat hein handi batean, eta aurtengoan ez da gutxiago izango. Horrela, bertan indartsuena zela ematen zuen Boonen da seguru asko faborito nagusia, Cancellara-rekin batera. Suitzarrak gizakia dela erakutsi zuen Flandeseko Tourrean, baina Paristik Roubaix-erakoa bere ezaugarriei hobe egokitzen den klasikoa izan liteke, 2006an erakutsi zuen moduan. Hala ere, oraingo honetan flandestarra puntutxo bat gorago jarriko nuke.

Euren ostean hiru izen aipatuko nituzke batez ere. Status hori ongi merezia du Flecha kataluniarrak Meerbeke-n garaipena horren gertu izan ostean. Hincapie-k ere datorren igandeko klasikoa maite du, eta gorputzaldi onean dagoela erakutsi zuen. Lasterketa berarekin zorretan da gainera. Multzo hau ixten betiko moduan Hoste aipatu behar da. Mota honetako probetan gizon saiaturik bada, flandestar zabala da.

Eta horien ostean beste zenbaitzu aipa litezke. Devolder Flandeseko lehoi berriak aste mugitua izango du seguru asko, eta ikusi beharko da nola heltzen den igandera. Hala ere, indarra soberan du, nahiz eta oraingoan, gauzak normal joanda, Boonen-en mesedetan egin beharko lukeen lan. Munduko txapeldun ohiak 2006ko Flandesko Tourrean lortu zuen bere azkeneko klasiko handia; denbora gehiegi txapeldun handi batentzat. Ballan halakoetan beti aipatu behar den izen bat da; O’Grady australiar borrokalariari ere errespetua zor zaio iazko garaile gisa. Tankera ona duen beste bat 2004an garaile izan zen Backstedt suediar erraldoia dugu. Wesemann zakur zaharra bestalde bere azkeneko aukera izan litekeena probesten ahaleginduko da. Ezusteko handirik ez bada egongo ez dena ziklo-krosseko espezialista eta egunetik egunera errepidean itxura hobea ematen ari den Franzoi da, Liquigas-eko buru izan zitekeena. Amaitzeko, ASO-ri eskerrak eman beharko dizkiogu, Astanako mutilak ez baitira irteeran izango. Beste batzuen artean Rast suitzarra ikusteko aukerarik ez da izango beraz.

Horixe honenbestez Iparraldeko Kanpainak azkeneko kapitulu gisa gorderik duena. Epilogo modura Scheldeprijs Vlaanderen proba jokatuko da datorren asteko asteazkenean. Nostalgikoentzako eta kanpainaren amaiera heldu dela onartu nahi ez dutenentzako proba aproposa; berez garrantzitsua bada, nahiz eta iaz Cavendish gailendu izanak argi uzten duen harbideen gogortasunak nabarmen egiten duela behera.

Argazkilaria: Fotoreporter Sirotti