Aste Santuan… Espartako!!

Iragan larunbatetik egun batzuk pasa diren arren, Fabian Cancellara-ren erakustaldiari buruz lerroren bat idaztea derrigorrezkoa da. Suitzarrak erakustaldiak ematea gaur egun albiste ez bada ere, Milano-San Remo klasikoan eginikoak zur eta lur utzi gintuen lasterketa ikusi genuen gehientsuenok.

Cancellara San Remoko helmuganGaraipenen zerrenda otsailean ireki zuen ordea, Californiako Itzuliko atarikoa irabazita. Ondoren ez zuen sailkapen nagusia lortu, baina hortik ez askora Monte Paschi Eroican bigarren garaipena erdietsi zuen Alessandro Ballan-i buruz buruko politean aurre hartuta. Milano-ko irteeran beste garaipen handi batekin aurkeztu zen, Tirreno Adriatikoan lorturikoa, alegia. Bertan taktika sinple bezain eraginkorra baliatu zuen: Montelupone-ko horma zatian eutsi, eta erlojupekoan hautsi.

Bi itsasoen lasterketan erakutsi zuen pedal kolpeak txirrindulari askok faboritoen zerrendan sartzea eragin zuen. Classicissima irabazteko hautagai nagusietakoa zen Oscar Freirek berak suitzarrak erakutsiko indarra harritzekoa zela esan zuen. Hala ere, azken urteotako aurrekaria aintzat hartuta, espainiarra bera edota Thor Hushovd, Alessandro Petacchi eta gainontzeko esprinter handiak ziren kiniela gehienetan sartzen zirenak.

Baina, iragarpen horiek aurrikusten zuten gidoia hautsiz, uste baino talde txikiagoa heldu zen Poggio mendatearen hasierara lasterketa buru gisa. Cipressa-n zalaparta dezentea izan zen; Bettini eta Lövkvist-ek egin zuten aposturik sendoena. Ondoren Rebellin berak ere agerraldia egin zuen (ez zen azkena izango). Alabaina, Cipressa beti izaten da ibilbidean Milano-San Remo-n, hortaz beste arrazoiren bat bilatu beharko litzateke tropelaren bakandua ulertzeko. Eta zentzu honetan, bi kontu aipa litezke: alde batetik, aurten lasterketari kilometro gutxi batzuk erantsi zaizkiola, 298 izateraino; bestetik, La Manie 4,7 kilometrotako mendatea sartu izana. Helmugatik urrun, ia 100 kilometrotara, baina hankek pairatu beharreko beste oztopo bat.

Kontuak kontu, Poggio-ko gainean hamabosten bat txirrindulariz osaturiko multzoa agertu zen buruan. Han ziren indartsuenak. Bi esprinter baino ez, Freire eta Hushovd. Baina harrapakariak beste guztiak, eta azkarrak gehienak: Rebellin, Pozzato, Cancellara, Gilbert, Ballan, Gasparotto, Nocentini, Lorenzetto,… Luxuzko izenak, maila gorenekoak. Gilbert walloniarra ahalegindu zen gailurrera iritsi aurretik lasterketa lehertzen, baina alferrikako ahalegina izan zen. Goitik beherakoan izan zen atzetik etorri eta buruarekin bat egitea lortu zuenik. Horietako bat Iñigo Landaluze izan zen, zeinak, beti bezain ausart, birritan pentsa gabe erasoa jo zuen.

Hortxe hasi zen Cancellara-ren erakustaldia hain zuzen. Getxotarraren ilusioak gutxi iraun zuen, suitzar gihartsua berehala itsatsi baitzitzaion gurpilera. Eta handik gutxira, bizikleta lehertu behar zuela zirudiela, behin betiko erasoaldiari ekin zion. Metro batzuetara zuen Pozzato-k atzera begiratzea beste irtenbiderik ez zuen izan. Garailea erabakirik zegoen.

Gauzak zer diren, ordea, Espartakok ez zuen erromatarrekiko mendekua Via Roman ospatzerik izan, helmuga aurtengoan ez baita urterokoa izan. Gutxi axolako zitzaion, noski, Cancellara txapeldun handiari. Bere atzetik erromatarren ohorea apaldurik zuela sartu zen Filippo Pozzato, garai bateko harrokeriak nonbaiten utzirik. Hirugarren, beste borrokalari bat, Philippe Gilbert.

Monumentu handiei hasiera ezin hobea beraz Milano-San Remo-n Cancellarak emanikoa. Orain, Iparraldeko Kanpainiaren garai erabakiorrean zer egiteko gai den ikusi beharko da. Baina zale askoren burutan zalantza handiago bat dabil jira-bueltaka: gizaseme honek ba al du mugarik?

Argazkia: Roberto Bettini