Klasika handien bigarren astea

Badator klasika handien bigarren astea. Flandriako Tourra, Gante-Wevelgem eta Paris-Roubaixen tropeleko gizaseme indartsuenen erakustaldiekin gozatu ostean, beste txirrindulari talde batek hartuko du protagonismoa datozen egunotan.

Lehenengo plater moduan, igande honetan Amstel Gold Race klasikoa jokatuko da.  253 km-ko ibilbidea, kotaz josita (31 guztira). Helmuga Cauberg-en, baina aurretik Keutenberg (%8 batazbeste, gehienez %20), Vrakelberg edo Eyserbosweg bezalako muinoekin. Aurten ez da egongo Michael Boogerd bigarren postuan amaitzeko. Holandarra 4 aldiz helmugaratu izan da bigarren postuan. Garaipen bakarra, 1999an lortu zuen.

Bigarren platera Belgikan izango da, Flèche-Wallone klasikoarekin. Ibilbide sigisagatsua baina ez oso selektiboa (202 km izateak badu eragina, besteak baino laburragoa), eta helmuga Huy-ko paret beldurgarrian, %25era iristen diren maldekin. Beti bezala, kokapena lortzeko orduan taldeen artean borroka polita ikusiko da.

Postrea lurralde belgiarretik irten gabe izango dugu, Liège-Bastogne-Liège klasikoarekin. 254,5 km eta 12 munio, tartean La Redoute famatua (2,3 km %7,4ra), Stockeu (1,1 km %11,6ra)  Sprimont edo helmugara bideratzen duen Saint-Nicolas bera.

Faboritoak? Ia-ia betikoak. Davide Rebellin, Damiano Cunego, Alejandro Valverde, Franck Schleck, Stefan Schumacher, Ricardo Riccó eta Kim Kirchen nabarmenduko nituzke beste guztien gainetik. Danilo Di Luca botako dugu faltan aurten, LPR ez baita irteera lerroan egongo lasterketa hauetan. Paolo Bettinik, Euskal Herrian izan zuen erorikoa dela eta, Liègerarte atzeratuko du bere agerpena. Ikusiko dugu zer nolako maila emanten duen Kilkerrak.

“Sorpresa” eman dezaketenak: Joaquim Rodriguez, Valverdek kantxa apur bat ematen badio, Yaroslav Popovych, Fabian Wegmann, Rinaldo Nocentini edo Maxime Monfort bera.

Euskaldunek ez dute erraz izango nabarmentzea. Helburua ziurrenik ihesaldiren bat harrapatzea izango da. Gero bideak jarriko du bakoitza bere tokian.