Belgika: denboraldiko erakustaldi klasikoen hasiera

Espero bezain ikusgarria izan da Belgikako egun bakarreko klasikoen denboraldi hasiera. Asteburuan lehiatu ziren Omloop Het Volk eta Kuurne-Bruselas-Kuurne lasterketa ezagunak espektakulu hutsa izan ziren. Baliteke bi klasiko hauek ez izatea Flandesko Itzuliaren edo Gante-Wevelgem gisakoen mailakoak, baina duten garrantzia eta jarraipena ezin alde batera utzi. Biak ala biak eredugarriak izan ziren. Eredugarriak txirrindularitzak egun duen irudi kaskarra makilatzeko. Izan ere, kirol honen funtsa estrategia eta erakustaldietan datza. Ez laborategi kontuetan.

Gilbert eskuan goian dituelaUrtero bezala Omloop Het Volk zirkuituak eman zion hasiera Belgikako benetako denboraldiari. Ezin hobeto gainera. Hobeki esanda, Philippe Gilbert (Française des Jeux) izan zen errudun nagusia. Txirrindulari valoiak sekulako erakustaldia eman eta 2006an bezala (baina minutu bat gutxiago) bakar bakarrik iritsi zen helmugara. Mallorkako itzulian bi etapa eta sailkapen nagusia eta Ganteko klasikoa irabazi ondoren, bistakoa da Gilbert sasoi onean dagoela. 25 urterekin badirudi valoiaren urtea iritsi dela, nahiz eta orain arte dezente nabarmendu. Het Volk lasterketarako Tom Boonen handikotearekin batera bera zen hautagai nagusia. Quick Stepeko izarrak kale egin zuen; Gilbertek ez. Française des Jeux taldeko txirrindulariaren erakustaldia Eikenberg aldapan hasi zen. Erasoa jo eta Nick Nuyens (Cofidis), 2005eko irabazlea, atzean utzita ihes egin zuen. Bidean ihes eginda zeuden sei txirrindulariak gainditu eta Het Volk zirkuitua bigarren aldiz berea izan zen. Hona hemen, lasterketa amaieran kazetari bati erantzundakoa: “Eddy Merckx bezala? Ez dakit, baina garaipen hau bai dela orain arteko hoberena”. Continue reading “Belgika: denboraldiko erakustaldi klasikoen hasiera”

Jokin Ormaetxea kriterium profesionala Azkoitian

kriteriuma.JPGEuskal txirrindularitzaren festa berri baten berri ematera gatoz oraingo honetan. Jokin Ormaetxea txirrindulari profesionala zenaren oroipena bizi mantendu nahiaz, Azkoitian “Jokin Ormaetxea Txirrindulari Elkartea” sortu zen (Jokin Ormaetxea Elkartearen webgunea) , urtean zehar ekimen bat baino gehiago martxan jartzen dituelarik.

Ekimen horien artean, aurten bat nabarmendu behar beste guztien gainetik. Irailaren 29an, Euskadi Irratiaren laguntzarekin, Kriterium profesionala antolatu dute. Bertan izango dira tropeleko hainbat eta hainbat txirrindulari euskaldun, kirol arloa zeharo albora utzi gabe, txirrindularitzaren festa ospatu eta Jokin Ormaetxea gogoan izateko helburuarekin.

Arratsaldeko 18:00tan hasita, Azkoitian bertan prestatuko den 900m inguruko zirkuitoan izango ditugu txirrindulariak bueltaka. Bertan, puntuaketa, taldekako erlojupekoa eta kanporaketa probak izango dira. Oraindik ez dago txirrindularien zerrenda finkatuta baina euskal txirrindulari ugari ikusiko ditugula ziurra da.

Probak amaitu ondoren Azkoitiko Joseba jatetxean izango dute hitzordua txirrindulari eta antolatzaileek.

Denok gonbidatuta zaudete Azkoitian izango den euskal txirrindularitzaren festa honetara.

Klikatu irudian kartela bere osotasunean ikusi nahi izan ezkero.

Alemaniako etapa erregina David Lopezentzat

David Lopez garaileAste osoko lan ederra borobildu zuen atzo David Lopez (Caisse d’Epargne) barakaldokoak Alemaniako itzuliko etapa erregina irabazita. Rettenbachferner gainean amaitzen zen etapa eta 2.600 metrotik gora dituen eski estazio austriar honetan (a ze maldak dituen!!) euskalduna izan da indartsuena faborito guztien aurretik. Aurreko egunetan erakutsi zuen igoeretan indartsuenekin egoteko moduan zegoela eta sasoi puntu oso onean dagoela eta atzo bere karrerako lehen garaipena eskuratu zuen. A ze garaipena!

Hori gutxi balitz, sailkapen nagusian bigarren postura igotzea ere lortu zuen bizkaitarrak. Geratzen zaien erlojupekoak ez dio aukera askorik uzten Voigt eta Leipheimer bezalako espezialisten aurrean itzulia irabazteko. Baina aukerak dauden bitartean amestea libre dago.

Zorionak David eta ea euskal garaipen gehiago etortzen diren hemendik aurrera!!

Euskaldunon onespenarekin, Zaballa garaile

Tino ZaballaAzkenean Efimkinek ezin izan zion eutsi lidergoari Tropelari bezperan esperantzatsu agertu bazitzaion ere. Baina arrazoi zuen talde sendoa zuela adierazi zuenean, izan ere Tino Zaballa kantauriarrak izugarrizko erakustaldia eman ostean, etapa eta itzulia irabazi baitzituen. Euskaldunen artean nabarmendu zitzaiguna Patxi Vila izan genuen, 9. etapan eta sailkapen nagusian 6. postuan. Bide batez esan Lampre taldearekin berritu duela beste bi urtetarako, Euskaltel taldearen eskaintza izan badu ere.

Beharbada jakingo duzuen bezala, Zaballa Puerto Operazioko zerrendan azaldutako txirrindularia da. Euskal Bizikletak iraun duen hiru egunetan zehar Aitor Osa eta Joseba Beloki ETBko esatari izan ziren eta poza agertu zuten txirrindulari kantauriarrak garaipena lortu zuelako, beraien ustez Puerto Operazioaren ondorioz sufritutakoak sufritu eta gero, txirrindulari hauekin kritiko izan direnei errugabetasuna erakusteko modua izan baitzen.

Ez dira guztiak iritzi berekoak. ciclismo2005 webgunean kritika zuzena egin zaio euskal lasterketari. Euskal txirrindulari zaleon onarpen maila salatzen zaigu bertan eta hau dela merezi dugun txirrindularitza dio webgunearen arduradunak. Seguru zeresan handiak emango dituela adierazpenok.