Kurutziaga Hotelean gaude, Durangon, Liquigas eta Euskaltel-Euskadi taldeak atseden hartzeko duten hotelean. Zenbait txirrindularik bertara etortzeko esan digute maillotak jasotzera. Ari gara bai pixkanaka apurka maillotak biltzen. Eskerrik asko berriro ere euskal txirrindulari guzti hauei beren eskuzabaltasunagatik.
Gaur arratsaldean erlojupeko garrantzitsua genuen Abadiñoko herrian. Arratsaldeko hiruretan ikaragarrizko beroa izan dugu eta bertako termometro batek 35ºC ere erakusten zituen. Bero eta eguzkia nagusi.
15:17ak aldera irten da lehen txirrindularia eta seguru kexu izango zela egiten zuen beroagatik. Txirrindulariak iristen joan dira, baina 16:45ak aldera aurreikusita zegoen eguraldi aldaketa hasi da. Mendialdean tximistak ikusten genituen eta gero izugarrizko ekaitza. Hainbestekoa izan da antolakuntzak lehiaketa bertan behera uztea erabaki duela. Dirudienez helmugan bertan grua edo dorreren bat ere erori egin da eta txirrindularien segurtasuna bermatu asmoz hartu dute erabakia.