Simoniren azken atzaparkadaren zain

giro08pre-pampeago1Giroko ziklistarik zaharrenetakoa izango da ‘Gibo’ handia, zaharrena ez bada, 39 urteko beteko baititu abuztuan. Antza, proba eta gero hartuko du erretiroa. Italiako lasterketa nagusian balentria handiak egin ditu igotzaile gartsuak. 1999an zapaldu zuen lehen aldiz podiuma; hirugarren bukatu zuen, Gotti eta Savoldelliren atzetik. Pantani Girotik kanporatu zuten urtea izan zen hura. ‘Il Pirata’ ordurako errepidean ez bazen ere, etapa gogoangarria egin zuten Gottik, Herasek eta Simonik Apricara bidean, Gavia eta Mortirolo igota lasterketa bukatu bezperan. 2000. urtean ere hirugarren, Garzelli eta Casagranderen ondoan podiumean. Eta 2001ean, jaun eta jabe izan zen; maglia arrosa etxeratu zuen, erakustaldia emanda gainera. Urtebete geroago Girotik kanpo utzi zuten, positibo emateagatik.

2003an Girora itzuli eta berriro ere garaile. Ondorengo urteetan behin baino gehiagotan gertu izan du podiumeko koskarik gorena, baina…2004an bera zen Lampreko taldeburua, baina hara non Damiango Cunego taldekide gazteak aurrea hartu zion. Mokoka bukatu zuten bi txirrindulariek, baina gauzak zer diren! Lampren bertan ariko dira biak hastear den Giroan. Ondo bidean, Simonik Cunegoren mesedetan egingo du lan.

Giroan bikain, baina Italiatik kanpora halamoduz. Tourrean eta Espainiako Vueltan etapa bana irabazi ditu, baina tifosiek gehiago espero zuten. 2003an, bigarren Giroa irabazi ostean, Armstrong estu hartzeko hautagaietako bat zen Tourra hasi aurretik, baina Frantzian batean bale eta bestean kale. Ezin erregulartasunari eutsi.
Simonik, orain arte, azken atzaparkada 2007ko Giroan eman zuen, Monte Zoncolan tentean. Ziur bere zalei aldapa gora borrokatzen esan nahiko diela agur. Hori egiten baitu ondoen, borrokatu alegia.

Eta gero zer? Hori berak jakingo du. Bizikleta mekanikari hasteko eskarmentua badu. Izan ere, 1998an, txirrindularitzak gogaituta edo, urtebetez pedalei eragiteari utzi eta bizikletak konpontzen jardun zuen. Eskerrak ez zuen horretan jarraitu!

Argazkia:  http://www.cyclingnews.com

Vino: amore eman beharrean, egurra!

Vinokourov Liejan

Alexandre Vinokourovek ez daki zer den amore ematea. Zenbat eta zaplasteko handiagoa hartu, orduan eta grinatsuago borrokatu. Tourreko etapa batean hamar minutu galduz gero, hurrengoan egurra, eta etapa garaile. Odol transfusio batengantik bi urterako zigorra jaso eta gero ez zuen txirrindularitza utzi. Kontrakoa. Gogotsu itzuli zen joan den denboraldiaren bukaeran; Espainiako Vuelta eta guzti lehiatu zen. Eta aurtengo denboraldian gogotsu ez ezik, indartsu ere badabil. Trentinoko Giroa irabaztearekin nahikoa ez eta Lieja-Bastogne-Liejan nagusitu da. Vino ez dago amore emateko prest. Tropela.net-eko iruzkinetan bazegoen Vinokouroven alde egin zuen zale finik.

Julenek lasterketaren prebian ohartarazi bezala, faboritoen zerrenda oso-oso luzea zen. Ohi bezala, Ardenetako Hirukotearen azken proban sua La Redoute muinoan piztu zen. Barredo eta Tankink, Tony Martin, Masciarelli eta Garzelli izan ziren erritmoa aldatzen lehenak, baina tropela ez zen hautsi. Ondorengo aldapan, Roche aux Fauconsen, ordea, mugimenduak izan ziren. Franck Schleckek, Valverdek, Evansek, Contadorrek eta Andy Schleckek agerian utzi zuten zangoak aurrera egiteko pronto zituztela. Zorionez, Igor Anton ez zebilen aparte. Baina hara non aldapa hori pasatu eta aurrera jo zuten Alexandre Vinokourovek eta Alexandr Kolobnevek. Gilbertek ere erasora jo zuen, eta Valverdek eta Evansek kate motzean lotu zuten belgikarra. Gainerakoak, tartean Contador, Schleck eta Anton atzean geratu ziren.

Ekinaren ekinez, Vinokourovek eta Kolobnevek zulotxoa ireki zuten. Saint Nicolasen, azken aurreko aldapan, helmugara iristeko 11 kilometro falta zirela, atzeko hirukotetik, Gilbertek aurrera jo zuen. Belgikarra indartsu dabil, eta Valverde eta Evans atzean utzi zituen. Baina ETBko esatari Xabier Usabiagak bete-betean asmatu zuen. Aurrera jo bai, baina gero itoz gero, akabo. Gilbertek ezin izan zuen aurrekoen aldea murriztu eta helmuga aurreko aldapatxoan, Valverdek eta Evansek harrapatu zuten.

Ordurako, lasterketa irabazteko lehia Vinokourov eta Kolobneven artean zegoen. Eta iraganean bezala, Astanako txirrindulariak erraiak bota zituen eta Kolobnev makurrarazi zuen –hori erakusten du argazkiak, hain zuzen ere-. Esandakoa, Vinok ez daki amore ematen. Hurrengo erakustaldia? Edozein egunetan…

Argazkia: www.cyclingnews.com (Elmer Kring)

Gilbert garaile, Holandako errusiar mendian

Gilbert Caubergen

Cancellara eta Gilbert klasiko handietan nabarmentzen diren txirrindularietako bi dira. Lehenak, suitzarrak, nahierara irabazi zuen Flandesen eta Roubaixen. Besteak, Omega Pharma-Lotto taldeko Philippe Gilbertek, erakustaldia eman zuen Amstel Gold Raceren azken aldapan, Caubergen. Eraso kolpe bortitza jo eta azken igoerara iritsi ziren 20 bat txirrindulari –tartean zen Haimar Zubeldia– jota utzi zituen, hari ezin jarraitu.

Finean, errusiar mendiaren modukoa da Herbeheretako klasiko handia. Gora eta behera. Etengabe. Batez ere Lampre, Rabobank eta Saxo Bank taldeen lanak ihesaldi saio guztiak bertan behera utzi zituen, eta helmugara iristeko 20 bat kilometro falta zirela, oilarren erakustaldia hasi zen. Andy Schleckek indartsu dabilela erakutsi zuen eta Fleche-Wallone eta Lieja-Bastogne-Liejan gertutik jarraitu beharreko txirrindularia izango da ziurrenik. Cunegok ere burua erakutsi zuen. Baita Cadel Evans munduko txapeldunak ere. Kolobnev eta Ivanov errusiarrek ere horrelako lasterketetan hankamotza ez dela utzi zuen agerian. Orain bata, orain bestea. Azken muinoan, Caubergen, eta zangoetan 256 kilometro zituela jo zuen aurrera Gilbertek, eta lehen postuan helmugaratu zen. Ryder Hesjedal (Garmin) sailkatu zen bigarren, eta Gasparotto (Astana) italiarra hirugarren. Ardenetako bataila hasi besterik ez da egin. Ezin aipatu gabe utzi errauts lainoak irteeran egoteak galarazi, edo behintzat zaildu ziela txirrindulari batzuei, Alejandro Valverde eta Luis Leon Sanchez, kasu. Huy eta La Redouteko aldapek ikuskizun ederra emango digute igandera bitartean, ziur.

Argazkia: www.isphoto.com

Beti gazte

Chris Horner38 urterekin erdietsi du Chris Hornerrek bere kirol ibilbideko garaipenik garrantzitsuena: Euskal Herriko Itzulia. Duela urte batzuk esan ohi zen 32-33 urterekin hasten zela txirrindularien gainbehera. Adin horretan nekez jarrai zezakeela txirrindulari batek, salbuespenak salbuespen, lasterketaren burua. Zenbait txirrindulariren emaitzek baieztapen hori ezeztatu dute azken aldian. Chris Hornerrek orain lortu du egunkari, irrati, telebista eta webgune askotan azaltzea Euskal Herriko errepideetan eginiko balentriagatik. Duela hiru urte, 2007an, Tourrean txukun aritu zen: 15. postuan sailkatu zen Alberto Contadorrek irabazitako lehen Tourrean; 35 urte zituen ordurako.

Hornerren adin bera du bere nagusiak, Lance Armstrongek. Ondo bidean, Hornerrek Armstrongi lagunduko dio Tourrean. Baita Levi Leipheimerrek ere. 36 urte ditu Leipheimerrek. Hure ere, 30 urteak ondo beteak dituela, sasoi betean dagoela erakusten ari da. Duela bi urte Espainiako Vueltan bigarren bukatu zuen… Alberto Contador taldekidearen atzetik, eta espainiarraren mesedetan jardun ostean.

Eta zer esan Stefano Garzelliri edo Jens Voigti buruz? Italiarrak, Leipheimerrek bezala, 36 urte ditu eta duela aste gutxi Tirreno-Adriatico lasterketa irabazi zuen. Eta joan den urtean, Giroan bertan, harrigarri aritu zen; ia-ia onenen pare egon zen eta erlojupeko handia irabaztetik ez zen oso aparte ibili. Voigt alemaniarrak -38 urte-, urteak joan urteak etorri, garaipenen zakua betetzen jarraitzen du.30 urteren bueltan dabiltzanek badute beren burua non begiratu, zalantzarik gabe. Ez dute erretiroan zertan pentsatu.

Argazkia: www.cyclingnews.com

Samuel Sanchezek arantza kendu du

Lehendabiziko etapan minutu eta erdi luzea galdu eta gero, gainerakoetan beste helburu batzuk lortzeko lanean ariko zela esan zuen Samuel Sanchezek. Etapa bat irabaztea zuen buruan Euskaltel Euskadiko asturiarrak, eta Arrateko gainean erdietsi du.

Samuel Sanchez Arrateko helmugan

Espero zitekeen bezala, etapa azken aldapan erabaki da. Caisse D’Epargnek jarri du hasieran erritmoa eta Andy Schlecken eraso bortitzak hautsi du tropela. Luxenburgoko igotzaile finak aurrera egin du, eta oso txirrindulari gutxi izan dira gai haren pare jartzeko: Gesink (Rabobank), Horner (RadioShack), Peraud (Lotto), Valverde (Caisse D’Epargne) eta Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi). Chris Horner izan da erritmoa aldatzen hurrena, eta bidea egin du. Samuel Sanchezek, ordea, harrapatu du mendiko pankarta pean, eta pixka bat aurrerago bat egin dute bikote horrekin Valverdek eta Gesinkek. Azken metroak maldan behera zirela baliatuta, tartea ireki du Samuel Sanchezek eta etapa irabazi du. Valverde, Gesink eta Horner orpoz orpo iritsi dira. Sailkapen nagusirako Euskaltel Euskadiren apustu nagusiak, Beñat Intxaustik, nagusitu den taldekidearengatik minutu erdira iritsi da. Aurreneko erasoa jo duen Andy Schleck eta Cunego 40 segundora helmugaratu dira, eta Arraten irabazteko askoren ahotan zegoen Purito Rodríguez, 49 segundora. Amets Txurrukak ihesaldian egin ditu kilometro asko eta saritxoa jaso du: mendiko maillota.

Azken bi etapetan, Orioko aldapek epaile lana egingo dute eta ezustekorik ezean, Valverdek, Hornerrek edo Gesinkek irabaziko dute aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Izan ere, segundo bakarraren bueltan daude hirurak sailkapen nagusian. Haietako batek huts egin lezake, baina hirurek, nekez.

Argazkia: Susi Goetze (www.cyclinginside.com)