Gilbert garaile, Holandako errusiar mendian

Gilbert Caubergen

Cancellara eta Gilbert klasiko handietan nabarmentzen diren txirrindularietako bi dira. Lehenak, suitzarrak, nahierara irabazi zuen Flandesen eta Roubaixen. Besteak, Omega Pharma-Lotto taldeko Philippe Gilbertek, erakustaldia eman zuen Amstel Gold Raceren azken aldapan, Caubergen. Eraso kolpe bortitza jo eta azken igoerara iritsi ziren 20 bat txirrindulari –tartean zen Haimar Zubeldia– jota utzi zituen, hari ezin jarraitu.

Finean, errusiar mendiaren modukoa da Herbeheretako klasiko handia. Gora eta behera. Etengabe. Batez ere Lampre, Rabobank eta Saxo Bank taldeen lanak ihesaldi saio guztiak bertan behera utzi zituen, eta helmugara iristeko 20 bat kilometro falta zirela, oilarren erakustaldia hasi zen. Andy Schleckek indartsu dabilela erakutsi zuen eta Fleche-Wallone eta Lieja-Bastogne-Liejan gertutik jarraitu beharreko txirrindularia izango da ziurrenik. Cunegok ere burua erakutsi zuen. Baita Cadel Evans munduko txapeldunak ere. Kolobnev eta Ivanov errusiarrek ere horrelako lasterketetan hankamotza ez dela utzi zuen agerian. Orain bata, orain bestea. Azken muinoan, Caubergen, eta zangoetan 256 kilometro zituela jo zuen aurrera Gilbertek, eta lehen postuan helmugaratu zen. Ryder Hesjedal (Garmin) sailkatu zen bigarren, eta Gasparotto (Astana) italiarra hirugarren. Ardenetako bataila hasi besterik ez da egin. Ezin aipatu gabe utzi errauts lainoak irteeran egoteak galarazi, edo behintzat zaildu ziela txirrindulari batzuei, Alejandro Valverde eta Luis Leon Sanchez, kasu. Huy eta La Redouteko aldapek ikuskizun ederra emango digute igandera bitartean, ziur.

Argazkia: www.isphoto.com