Samuel Sanchezek arantza kendu du

Lehendabiziko etapan minutu eta erdi luzea galdu eta gero, gainerakoetan beste helburu batzuk lortzeko lanean ariko zela esan zuen Samuel Sanchezek. Etapa bat irabaztea zuen buruan Euskaltel Euskadiko asturiarrak, eta Arrateko gainean erdietsi du.

Samuel Sanchez Arrateko helmugan

Espero zitekeen bezala, etapa azken aldapan erabaki da. Caisse D’Epargnek jarri du hasieran erritmoa eta Andy Schlecken eraso bortitzak hautsi du tropela. Luxenburgoko igotzaile finak aurrera egin du, eta oso txirrindulari gutxi izan dira gai haren pare jartzeko: Gesink (Rabobank), Horner (RadioShack), Peraud (Lotto), Valverde (Caisse D’Epargne) eta Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi). Chris Horner izan da erritmoa aldatzen hurrena, eta bidea egin du. Samuel Sanchezek, ordea, harrapatu du mendiko pankarta pean, eta pixka bat aurrerago bat egin dute bikote horrekin Valverdek eta Gesinkek. Azken metroak maldan behera zirela baliatuta, tartea ireki du Samuel Sanchezek eta etapa irabazi du. Valverde, Gesink eta Horner orpoz orpo iritsi dira. Sailkapen nagusirako Euskaltel Euskadiren apustu nagusiak, Beñat Intxaustik, nagusitu den taldekidearengatik minutu erdira iritsi da. Aurreneko erasoa jo duen Andy Schleck eta Cunego 40 segundora helmugaratu dira, eta Arraten irabazteko askoren ahotan zegoen Purito Rodríguez, 49 segundora. Amets Txurrukak ihesaldian egin ditu kilometro asko eta saritxoa jaso du: mendiko maillota.

Azken bi etapetan, Orioko aldapek epaile lana egingo dute eta ezustekorik ezean, Valverdek, Hornerrek edo Gesinkek irabaziko dute aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Izan ere, segundo bakarraren bueltan daude hirurak sailkapen nagusian. Haietako batek huts egin lezake, baina hirurek, nekez.

Argazkia: Susi Goetze (www.cyclinginside.com)