Beti gazte

Chris Horner38 urterekin erdietsi du Chris Hornerrek bere kirol ibilbideko garaipenik garrantzitsuena: Euskal Herriko Itzulia. Duela urte batzuk esan ohi zen 32-33 urterekin hasten zela txirrindularien gainbehera. Adin horretan nekez jarrai zezakeela txirrindulari batek, salbuespenak salbuespen, lasterketaren burua. Zenbait txirrindulariren emaitzek baieztapen hori ezeztatu dute azken aldian. Chris Hornerrek orain lortu du egunkari, irrati, telebista eta webgune askotan azaltzea Euskal Herriko errepideetan eginiko balentriagatik. Duela hiru urte, 2007an, Tourrean txukun aritu zen: 15. postuan sailkatu zen Alberto Contadorrek irabazitako lehen Tourrean; 35 urte zituen ordurako.

Hornerren adin bera du bere nagusiak, Lance Armstrongek. Ondo bidean, Hornerrek Armstrongi lagunduko dio Tourrean. Baita Levi Leipheimerrek ere. 36 urte ditu Leipheimerrek. Hure ere, 30 urteak ondo beteak dituela, sasoi betean dagoela erakusten ari da. Duela bi urte Espainiako Vueltan bigarren bukatu zuen… Alberto Contador taldekidearen atzetik, eta espainiarraren mesedetan jardun ostean.

Eta zer esan Stefano Garzelliri edo Jens Voigti buruz? Italiarrak, Leipheimerrek bezala, 36 urte ditu eta duela aste gutxi Tirreno-Adriatico lasterketa irabazi zuen. Eta joan den urtean, Giroan bertan, harrigarri aritu zen; ia-ia onenen pare egon zen eta erlojupeko handia irabaztetik ez zen oso aparte ibili. Voigt alemaniarrak -38 urte-, urteak joan urteak etorri, garaipenen zakua betetzen jarraitzen du.30 urteren bueltan dabiltzanek badute beren burua non begiratu, zalantzarik gabe. Ez dute erretiroan zertan pentsatu.

Argazkia: www.cyclingnews.com