Ibilbide beldurgarria du aurten Dauphine Libere. Tourra hasi aurreko proba garrantzitsuenetakoa izaten da, Suitzako Itzuliarekin batera. Igandeko erlojuz kontrako laburra (6,8 kilometro) eta lehen bi etapak kenduta, beste bostak gogorrak edo oso gogorrak dira, benetan. Asteazkenean, Monteux eta Sorgues artean 49 kilometro egin beharko dituzte ziklistek erlojuz kontra.
Eta handik aurrera, mendia nahi adina. Osteguneko etapa (211 kilometro) Risoul lehen mailako mendatean bukatuko da. Ostiralekoan, Serre-Chevalier eta Grenoble lotuko dituen etapan (143 kilometro), bigarren mailako Lautaret igoko dute abiatzearekin bat eta helmugatik 30 bat kilometrora, lehen mailako Chamrouse
Horrekin guztiarekin nahikoa ez, eta larunbatean ibilbide beldurgarriari aurre egin beharko diote txirrindulariek. Crollesetik atera eta Alpe d’Huezen amaitu (150 kilometro). Aurretik, bigarren mailako Cucheron eta kategoriaz kanpoko Glandon igoko dituzte. Hori etapa hori!
Eta igandeko saioan ere jipoi handia hartuko dute txirrindulariek (150 kilometro). Allevard-Les Bains eta Sallanches artekoan, bigarren mailako Raffortsen –bigarren mailakoa- eta Domanayn gora egingo dute –hirugarren mailakoa-. Hori bai, azken mendate hori bost aldiz igaroko dute.
Faboritoak nortzuk diren? Tropeleko zerrendan ageri direnak jo daitezke faboritotzat: Contador, Menchov, eta Samuel Sanchez. Hala ere, Contadorrek berak adierazi du tentuz jokatuko duela, bai baitaki ezin dituela behar baino indar gehiago xahutu Tourra ate joka dagoen honetan.Ez harritu Menchovek eta Samuelek beste horrenbeste egiten badute.
Beste izen batzuk ere aipatu behar: Dirudienez, Giroan podiumera igotako Liquigaseko Vincenzo Nibalik parte hartuko du proban. Honatx harekin batera gertutik jarraitu beharreko izen batzuk: RadioShackeko Haimar Zubeldia, Horner eta Brajkovic; Omega Lotoko Van den Broek eta Van Goolen eta Alejandro Valverde lehiatuko ez bada ere, erne Caisse d’Epargnerekin. Juan Jose Cobo espainiarra, Mauricio Soler igotzaile kolonbiar fina eta Moreau frantziar beteranoa ariko dira.
Argazkia: biciciclismo.com
“Ave cesar, morituri te salutant” esan ei zieten gladiadoreek
Asteburuko betekadari ekin aurretik, gogoeta koxkor bat egin nahi dut. Batez ere teknologiaren alorrean berrikuntzak etengabeak dira garai honetan. Horren lekuko txirrindulari zaleak garenoi gure iritziak plazaratzen laguntzen digun Tropela.net webgunea. Estimatzekoa oso. Horretaz gain, nola ez, sare sozialak: Facebook, Twitter… Bada aurrerapen horien garaian, Giroak erakutsi digu zein ikusgarri izan daiteken Plan de Coronesekoa bezalako etapa bat. Txirrindulariak ahalegin betean, hartxintxar gainean! Coppi, Bartali eta sasoi hartako txirrindulari mitikoak bezala aritu ziren Basso, Evans, Garzelli eta gainerakoak. Ni txirrindularia ez naizen aldetik, bada ezin esan hori egokia den edo ez, eta beharbada ziklistaren bat ez da ados egongo nik azaldu nahi dudanarekin, baina nire uste apalean, oso ikusgarria izan zen kronoigoera.
Lau urte dira jada Ivan Bassok erakustaldi apartak eskaini zituela
Web gune honetako zale gazteenek ez dute jakingo ziur asko zer den Folgaria. Zaharragoak direnentzat, agian, ezaguna izango da izena. Mendate baten izena da, eta bertan zerua ukitzetik gertu egon zen Cadel Evans 2001eko Giroan. Baina infernu bilakatu zitzaion igoera. Lehengo larunbatean lokatz artean igotakoarekin ez du zer ikusirik Folgariak. Errepidea dotorea da, batere zulorik gabekoa. Baina Folgariako aldapa amaiezina da. 20 kilometro dira guztira. 2001eko Giroko mendiko azken etapan igo zuten. Italiako itzulia gori-gorian zegoen, eta Cadel Evansek maglia arrosa zeraman soinean. Australiarrak baina, sekulako txakalaldia hartu zuen, Dario Frigorekin batera, eta biak ezinean ibili ziren malda madarikatu hartan. Savoldellik irabazi zuen Giroa.