8. etapa: Tomblaine > Gérardmer La Mauselaine (161 km). Profila eta aurre analisia.

8.etapa

IBILBIDEA

Astebete egingo dute txirrindulariek lehian gaurkoan eta lehen muino esanguratsuak agertuko zaizkigu. 2. mailako bi mendate igo behar dituzte 130 km lau xamarrean egin ondoren, eta 3. mailako bat, helmugakoa hain juxtu, Gérardmerren aurkituko dutena 161 km osatuz. Gaurko etapa da aurtengo edizioan lehena muino batean amaituko dena.

FABORITOAK

Ez da erraza asmatzen zein izan daitekeen gaurkoan etapa garailea. Izan ere bi aukera daude: ihesaldia iristea ala sailkapen nagusiko txirrindularien arteko lehia ikustea. Ni lehena gertatuko delakoan naiz. Izan ere sailkapen nagusiko txirrindulariek bihar eta astelehenean etapa gogorrak izango dituzte eta dagoeneko gainontzeko txirrindulariengandik dezenteko denbora errenta dute. Hirugarren aukera litzateke ihesaldian inor sartu ez duen taldeak tropelaren kontrola hartzea eta ihesaldia zapuzten saiatzea, baina taldeentzat hobe ihesaldian ordezkari egokiak izatea lortzen badute.

Ihesaldian ondorengo talde hauen ordezkariak izango direlakoan naiz: Europcar (seguruena Voeckler (%52,5)), Cofidis (Lemoine (%0,3), Edet (%1,9) ala Mate (%1,9)), Katusha (Purito (%8,4), zergatik ez?), Trek Factory Race (Voigt (%13,8)), Garmin (Slagter (%5,8) akaso?) eta Bretagnekoren bat gutxienez bai. Izenak esaten ausartu naiz izan ere aipatutakoak mendiko maillotaren lehian daude eta etapa garaipena lortzen saiatzeaz gain, mendiko sailkapenean sendotzeko puntuak biltzeko aukera izango baitute. Puritoren kasuan, aldiz, ez da bere helburua mendiko maillotaren lehian sartzea – ez dut uste behintzat! -, baizik etapa garaipena lortzea. Dagoeneko 47’35″ko atzerapena du sailkapenean, beraz, ez luke arazorik izan behar ihesaldian sartzeko. Hori bai, beharbada iheskideei ez die grazia handirik egingo.

Baldin eta tropel nagusia iritsiko balitz, Valverde (MOV, %47,5) edota Kwiatkowski (OPQ, %24,9) bezalako txirrindulariak saiatu daitezke etapa garaipenaren bila.

*** Voeckler / J.Rodriguez

** Slagter / Kwiatkowski / Edet

* Valverde / Contador (TCS, %62,3)

7. etapa: Épernay > Nancy (234,5 km). Profila eta aurre analisia.

etapa7

IBILBIDEA

7. etapa hau aurrekoaren tankera berdina du, salbuespen garrantzitsu batekin, azken 4º mailako tontorra helmugatik 5 km-tara igotzen dutela. Oso etapa luzea izango da txirrindularientzat, 234,5 km bota beharko baitituzte gaurko egunean. Asteburuan datorrena jakitun, etapa lasai xamarra espero dut azken 20 km-etaraino, bi tontorrak igo behar dituzten arte alegia.

FABORITOAK

Etapa hau ikustearekin bakarrik izen bat datorkit burura, Sagan (CAN, %50,5). Azkarra, tontorretan bikain eta jaitsieretan hoberenetarikoa. Azken bi portu horiek beste esprinter azkarragoak jokoz kanpo uzteko aukera ematen dute eta argi daukat horrela gertatuko dela. Etapa bihurria izango da eta mugimendu asko ikus dezakegu azken 10 km-etan. Azken tontorrean lehen 15 txirrindularien artean egotea funtsezkoa izango da etapa amaierarako, jaitsi bezain azkar helmuga harrapatuko baitute. Ez ninduke arrituko tropelak lan guztia Cannondale taldeari uztea, beraz entendimentu falta edo Cannondalen gaitasun faltagatik ere ez nuke lehen ihesaldiaren arrakasta baztertuko badaezpada. Hona hemen nire izarrak:

*** Sagan (CAN, %50,5)

** Kristoff (KAT, %42,7) / Rojas (MOV, %61) / Gerrans (OGE, %25,6)

* Albasini  (OGE, %8,5) / Coquard (EUC, %22,2) / Kwiatkowski (OPQ, %24,9)

2. etapa: York > Sheffield (201 km). Profila eta aurre analisia

2014_Tour_2etapa_profila

IBILBIDEA

2. etapa honek oso bestelako ibilbidea du. Atzo esprintean amaitzeko aproposa zen etapa bagenuen ere, gaurkoan klasikomano bezala ezagutzen diren txirrindularientzako egokia den etapa izango da. Yorketik hegoalderantz egin beharko dute Sheffiledera iristeko. Etapa luzea, 201 km, eta gorabeheratsua, bistan den bezala: 9 mendate igo eta jaitsi beharko dituzte, 2. mailako bat, 3. mailako bost eta 4. mailako hiru. Amaieran ez dago aldaparik, beraz, aurreko tropeltxoan iristen den azkarrenak eramango du etapa eta, ez ahaztu, liderraren maillot horia.

Txirrindulariak 12:20etan ekingo diote lehiari eta gaurko etapa osorik ikusteko aukera izango da ETBK eta Teledeporte telebista kateetan eta EITB.eus webgunean streaming bidez.

FABORITOAK

Klasikomanoentzako etapa dela aurreratzen nuen eta zalantzarik gabe hala izango da. Izan ere etapa garaipenaz gain maillot horia dago jokoan gaurkoan. Horien artean faborito nagusia Sagan (CAN, %50,5) da. Atzokoan bigarren izan zen Kittelen (GIA., %33,1) atzetik eta gaur etapa irabazita lider jarriko litzateke. Wolverinek atzaparkada emango duelakoan naiz.

Ez diote, ordea, erraz jarriko gainontzeko arerioek. Horien artean Gerrans (OGE, %25,6), Kwiatkowski (OPQ, %24,9), Thomas (SKY, %6,7), Slagter (GRS, %5,8), Valverde (MOV, %47,5) edo Rui Costa (LAM, %58,9) izan daitezke. Multzo honetan norbait nabarmentzekotan australiarra nabarmenduko nuke. Ez dakit Gerransi atzoko erorikoak zenbat eragingo zion, baina zalantzarik gabe helburua jarrita zuen gaurko etapan.

*** Sagan (CAN, %25,6) / Gerrans (OGE, %25,6)

** Thomas (SKY, %6,7) / Slagter (GRS, %5,8) / Kwiatkowski (OPQ, %24,9)

* Valverde (MOV, %47,5) / Rui Costa (LAM, %58,9)

Zer esango diogu Contadorri?

Ezusteko handiak ematen dituen kirola da. Hori esan ohi dugu txirrindularitzari buruz, eta gaur, beste behin, bere izaera erakutsi du kirol horrek. Azken egunean, azken unean, argitu dira podiumera igo diren gizonen izenak. Erlojupeko luzea, eta, gainera, azken etapa: aproposa guztiok hankaz gora jartzeko. Besterik gabe, azkenean, Contadorrek (TCS) astelehenean erdietsi zuen postuari eutsi dio, azken egunetan ahul sentitu dela aitortu duen arren. Ez da, gainera, nolanahiko garaipena izan, askotxo baitira 49 segundo sailkapen nagusirako. Badakizue 49 segundotan, gutxi gorabehera, 200 ume jaiotzen direla munduan? Hori, beraz.

20140412-232901.jpg Continue reading “Zer esango diogu Contadorri?”

Protagonismo kontua

Txirrindulari askok protagonista izan nahi zuten atzo. Ihesaldi potoloa osatu zen etapako lehenengo zatian, sarrera-irteera askorekin. Sailkapen orokorreko gizonek protagonismoa bereganatu zuten geroago, azken igoeran, baina azkarregi galdu zuten. Gutxi iraun zuen euren momentuak. EITBko moto gidari bat ere zorigaiztoko protagonista izan zen, etapa hasi baino lehen istripua izan zuelako. Zorionez, onik dago. Baina azkenean, protagonista bakarra izan zen. Hain zuzen, protagonismoa eskuratzeko aukera bakarra joan zitzaiola uste genuena: Ben Swift.

Bi esprint izan ditu aurtengo Itzuliak, eta atzokoa ia ustekabean. Egia da Oricako esprinterrik gabe aritu zela Swift, baita bost mendateren ostean irabazi duela ere. Irribarre egiteko arrazoi bat emango zion behintzat Swiftek Sky taldeari, denboraldi hasiera zalapartatsu honetan. Esan bezala, Tinkoff-Saxok eta Movistarrek, hau da, faboritoen taldeek, lanean jarri zirenean, ihesaldiaren ametsari amaiera jarri eta sailkapen orokorrari begiratzera behartu gintuzten. Hori nahi genuen, seguruenez. Baina hala ere, ezer gutxi iraun zitzaigun pozak. Hainbeste itxaron behar izaten denean…

Continue reading “Protagonismo kontua”