8. etapa: Tomblaine > Gérardmer La Mauselaine (161 km). Profila eta aurre analisia.

8.etapa

IBILBIDEA

Astebete egingo dute txirrindulariek lehian gaurkoan eta lehen muino esanguratsuak agertuko zaizkigu. 2. mailako bi mendate igo behar dituzte 130 km lau xamarrean egin ondoren, eta 3. mailako bat, helmugakoa hain juxtu, Gérardmerren aurkituko dutena 161 km osatuz. Gaurko etapa da aurtengo edizioan lehena muino batean amaituko dena.

FABORITOAK

Ez da erraza asmatzen zein izan daitekeen gaurkoan etapa garailea. Izan ere bi aukera daude: ihesaldia iristea ala sailkapen nagusiko txirrindularien arteko lehia ikustea. Ni lehena gertatuko delakoan naiz. Izan ere sailkapen nagusiko txirrindulariek bihar eta astelehenean etapa gogorrak izango dituzte eta dagoeneko gainontzeko txirrindulariengandik dezenteko denbora errenta dute. Hirugarren aukera litzateke ihesaldian inor sartu ez duen taldeak tropelaren kontrola hartzea eta ihesaldia zapuzten saiatzea, baina taldeentzat hobe ihesaldian ordezkari egokiak izatea lortzen badute.

Ihesaldian ondorengo talde hauen ordezkariak izango direlakoan naiz: Europcar (seguruena Voeckler (%52,5)), Cofidis (Lemoine (%0,3), Edet (%1,9) ala Mate (%1,9)), Katusha (Purito (%8,4), zergatik ez?), Trek Factory Race (Voigt (%13,8)), Garmin (Slagter (%5,8) akaso?) eta Bretagnekoren bat gutxienez bai. Izenak esaten ausartu naiz izan ere aipatutakoak mendiko maillotaren lehian daude eta etapa garaipena lortzen saiatzeaz gain, mendiko sailkapenean sendotzeko puntuak biltzeko aukera izango baitute. Puritoren kasuan, aldiz, ez da bere helburua mendiko maillotaren lehian sartzea – ez dut uste behintzat! -, baizik etapa garaipena lortzea. Dagoeneko 47’35″ko atzerapena du sailkapenean, beraz, ez luke arazorik izan behar ihesaldian sartzeko. Hori bai, beharbada iheskideei ez die grazia handirik egingo.

Baldin eta tropel nagusia iritsiko balitz, Valverde (MOV, %47,5) edota Kwiatkowski (OPQ, %24,9) bezalako txirrindulariak saiatu daitezke etapa garaipenaren bila.

*** Voeckler / J.Rodriguez

** Slagter / Kwiatkowski / Edet

* Valverde / Contador (TCS, %62,3)

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.