Holandarrek euren mendatea berreskuratu nahi dute

Aurrekoan nabarmendu genuen Galibier izango dela aurtengo Tourreko mendate kuttuna, 100 urte beteko baitira aurreneko aldiz igo zutenetik. Ba, etapa berean Alpe d’Huez igoko dute. Holandarren mendatea deiturikoa. Pirinioetan ikurriña festa egon ohi den moduan, Alpe d´Huezen holandarrek  ‘agintzen’  dute. Hup,Hup Holland oihukatzen dute, etengabe. Zergatik deitzen zaio Holdandarren mendatea? Ba herrialde horretako txirrindulariak jaun eta jabe izan zirelako 70ko eta 80ko hamarraldietan. Azken urteetako lehortea eta gero, aginte makila berreskuratzen saiatuko dira 1952an igo zuten estreinakoz mendatea, eta Coppi italiarrak irabazi zuen. Estreinaldi ezin hobea, pentsatuko du batek baino gehiago. Baina ez zen hala izan. Mendate baten gainean bukatutako lehen etapa izan zen hura Tourreko historia, eta ez zituen antolatzaileak gogobete. Alpe d´Huez desagertu zen Frantziako Itzuliaren ibilbidetik, harik eta 1976an berreskuratu zuten arte. Urte hartan Zoetemelk herbeheretarrak irabazi zuen. Hennie Kuiper herrikidea gailendu zen 1977an eta 1978an, eta 1979an, ostera ere Zoetemelk –urte hartan bi etapa bukatu ziren Alpe d’Huezen, eta bestea Agostinho portugaldarra nagusitu zen-. 1981ean, beste ziklista ‘orange’ baten txanda izan zen, Winnenen txanda izan zen, alegia. Ziklista horrek 1983an erdietsi zuen bigarrenez alpeetako etapa handia.

80ko hamarkadaren bukaeran, Holandako beste bi txirrindularik, biak ala biak oso iaioak aldapan gora, Rooksek eta Theunissek bere egin zuten 13 kilometro eta 21 bihurguneko malda. Ordutik hona, batez ere italiarren eta estatubatuarren garaipenen oihartzunak apaldu ditu holandarren balentriak. Aurten bada, hasiera batean behintzat, onenekin lehiatzeko gai den ziklista holandarrik: batik bat, Rabobankeko Gesink eta Molema. Denboraldi polita egiten ari da Gesink (25 urte ditu), eta Tourrean lehen hamarren artean sailkatu izan da. Ziklista zaildua da jada. Molema ere gorantz egiten ari da (hark ere 25 urte baino ez ditu), eta horren lekuko egin berri duen Suitzako itzulia. Ten Dam (31 urte), berriz, koska bat beherago dago, gorantz errena ez bada ere. Alpe d’Huezeko etaparen lehian egongo direla esatea gehiegi esatea litzateke. Ez, ordea, esatea zale andanaren babesa jasoko dutela. Hori ez da nahikoa, jakina, baina laguntzen du. Eta aurten ere, kale eginez gero, zaleek etorkizunera begiratuko dute, Kruijswijk gazteari (24 urte) –aurten ez da Tourrean egongo- egingo diote so.

Igoera gogorra den edo ez? Zenbat buru hainbat aburu. Hamahiru kilometro gogorrak uztaileko bero saparekin igotzea ez da samurra, hori ziur. Aipatu bezala, Winnen 1981ean eta 1983an nagusitu zen. Honatx bere hitzak, aurreneko garaipenaren ostean: “Irudipena dut gaur bost urte zahartu naizela”.