2008ko “Itzuli Handien” ibilbideak – I – . Frantziako Tourra

2008ko Tourreko ibilbideaDatozen asteotan 2008ko hiru itzuli handien aurkezpenak izango ditugu. Proba hauen emaitzetan garrantzia handia izaten duten ibilbidea aurkezten da bertan, modu batera edo bestera, txirrindulari batzuen mesedetan edo kaltetan bihurtzen delarik ibilbide hori. Egia da askotan txirrindulari onenak irabazten duela azkenean proba baina era berean, argi daukat duen garrantziarik ez zaiola ematen ibilbideari, eta ez naiz ari zaleei begira, profesional beraiei baizik.

Frantziako Tourreko ibilbidea izan da aurrena aurkezten. Azken egunotan gogortasun handia eta erlojupeko kilometro asko izango ziren zurrumurruak ugariak ziren -agian zaleen nahia gehiago ote? – baina ez da horrelakorik gertatu.

Ibilbideari bere alde onak eta txarrak aurkitzen dizkiot. Ez zait gehiegi gustatu aitzin-etapa kendu izana, itzuli handi bat asteko modurik egokiena eta ikusgarriena iruditzen zaidalako baina tira, garbi daukat ez dela erabakigarria izaten. Gustuko dut aldiz, aurreneko astea. Ez zait iruditzen aurreko urteetako “siesta-etaparik” ikusteko aukera handirik izango denik. Aurreneko etapak arriskutsu eta gorabeheratsuak izan daitezkeela uste dut eta gainera 30 kilometrotako erlojupekoa eta gogorra ez den mendate batean amaiera duen etapa bat antolatu dituzte. Azken aldian ezagutu dudan aurreneko asterik politenaren aurrean egon gaitezke.

Beste kontu bat da goi mailako mendiko etapei begirada bat botatzerako orduan. Nik gogoratzen dudan ibilbiderik “leunena” dela esatera ausartuko nintzateke. Egia da Tourmalet, Hautacam, Galibier, Croix de Fer, Alpe d’Huez, Lombarda, Bonette… mendateak dituen proba ezin dela esan erraza denik, baina ni neu ez nau bete ibilbideak aspektu honetan. Pirinioetatik pasaera benetan arina egingo dute, goian amaitzen ez den etapa bat – garrantzi handirik gabeko ihesaldi bat ikusten dut – eta Tourmaletetik pasa ondoren Hautacamen amaitzen den etapa. Bigarren honetan diferentziak izan badaitezke ere, 154kmko etapa dela ikusteak pena ematen dit.

Alpeak zertxobait gogorxeagoak diren arren, ez dut ulertzen Italiara etapa bat amaitzera joan eta Pratonevosoko etapa bat antolatzea. Diruak zerikusi handia izango zuela pentsatu nahi dut, zona horretan mila aldiz etapa ikusgarriagoa egin baitzitekeen. Lombarda eta Bonette igo ondoren Jausiersen amaitzen den etapa asko gustatzen bazait ere, berriro ere 157kmtaz ari gara hitz egiten, Tourra beti gogorra egin duten kilometro kopuru handiak ahaztuaz. Pena ematen dit batez ere etapa hasieran mendate gehiago sartzeko aukera zutelako. Okerrena da, Tourreko etapa erreginaren aurreko egunean izango dugula eta litekeena dela txirrindulariek, ikuskizuna emateko primerako den etapa hau ezerezean uztea. Egia esateko ohituak gaude ibilbide onak aprobetxatzen ez dituztela ikusteaz baina behintzat izan dezatela aukera hori.

Erdi mailako mendiko etapak – ugariak ematen dute – eta erlojupeko kilometroak printzipioz gustatzen zaizkit, nahiz eta oraindik ibilbide konkreturik ezin jakin.

Laburbilduz, ibilbide “desberdina”, erlojupeko km gutxiagorekin, aurreneko aste politarekin baina goi mailako mendiko etapei pixka bat – edo asko – falta zaien sentsazioarekin gelditu naiz.

Txirrindulariren bati ondo etortzen baldin bazaio ibilbide hau Contador da, baina hainbeste denbora gelditzen denean gauzak asko aurreratzea besterik ez litzateke izango txirrindulari desberdinen izenak esaten hastea. Badago horretarako astirik?

Zer iruditu zaizue zuei Tourreko ibilbidea?