Armstrong BBCn: sinesgarritasuna helburu

Armstrong is back. Gaizkile bihurtutako heroia itzuli da. Orain dela bi urte Oprah Winfreyri aitortu zion urtetako dopina (Egoitzen iritzia), eta bueltan da Armstrong, oraingoan BBCko kirol editore Dan Roanen aurrean. 2013ko urtarrilean dena ilun bazen ere, 2015ean “argia” ikusten ari da Armstrong. Hala ere, barkamena eskatzetik urrun, baloiak kanpora botatzean datza txirrindulari ospetsuaren diskurtsoa. Beste behin.

Izan ere, egindakoaz harro ez dagoen arren, berriz errepikatuko luke. Armstrongek esaten diguna zera da: aukera bakarra zen dopina, 1995ean guztiek egiten zutelako. Itzuleraren ostean harrapatu izanak penatzen du Armstrong, dopatzeak berak baino. “Barkamena jasotzeko” garaia dela uste du Armstrongek, baina badirudi ez duela saio handirik egingo. Arrazoia izan ala ez, dena justifikatuta omen dago, erantzukizunik ez duelako hartzen. Eta gainera, batek daki urtetan eutsitako gezurra noraino heltzen den (bigarren itzuleran ez zela dopatu dio). Horrela nekez bilatu ahal da inoren barkamena. Esteka honetan ikus ditzakezue ia ordubeteko elkarrizketa eta erantzun guztiak, ingelesez.

Continue reading “Armstrong BBCn: sinesgarritasuna helburu”

Amildegiaren ertzean

Denbora aurrera dihoa, eta Igor Gonzalez de Galdeanoren gidaritzapean sortuko den Euskaltelen proiektu berriak oraindik galdera ikur eta hodei ilun asko aurkezten ditu etorkizun hurbilean.

Victor Cabedoren zorigaiztoko istripuak une hartan bigarren maila batean utzi bazuen ere, Amets Txurruka eta Ivan Velascoren gainean hartutako erabakiak soka luze xamarra ekarri du (taldean izandako zazpi euskal txirrindulari garrantzitsuren eskutitz irekia, besteak beste), hein handi batean Galdeanok berak txirrindulariei emandako tratuagatik.

World Tour mailari nola edo hala eusteko lehian murgilduta dago zuzendari arabarra, eta oraingoz jakina den bakarra, bide horretan proiektuaren eraberritzea atzerriko txirrindulariak ekartzetik etorriko dela da. Hortik aurrera, ezer gutxi. Halakoetan ohikoa den bezala, zurrumurruak izan badira: Barredo, Schulze, Vrecer…Oraingoz baieztaturiko fitxaketa bakarrak Gari Bravo eta Jon Aberasturirenak dira, eta Jure Kocjan esloveniarra ere datorren urtean laranjaz jantziko dela dirudi. Kirol zuzendaritzari dagokionez, Oscar Guerrero nafarra taldeko kotxeetako batean izango da.

Continue reading “Amildegiaren ertzean”

Zergatik jarri genuen Uran gorriz ostiral gauean?

Vinokourov, Uran eta Kristoff Londreseko podiumean

Zenbait kexa izan ditugu Uran lehiaketa hasi aurretik gorriz jarri genuelako. Hori eta gainera zilarrezko domina irabazi zuelako. Askok gorriz zegoelako aldatu egin zenuten eta azkenean kaltetan izan zitzaizuen.

Lehenik eta behin zuen kexak ulertzen ditugula esan nahi dizuegu. Baina gertakari honek bere azalpena duela azaldu nahi dizuegu eta Tropelak zuzen jokatu duela adierazi.

Arazoaren sorburua txirrindularien zerrenda ofizialetik etorri zen. Askori erantzun dizuegu eskuetan genuen zerrenda ofizialean Uran ez zela agertzen eta hori ziurtatu dezakegu. Londreseko Olinpiar Jokoetako errepideko lasterketaren arduradunek argitaratu zuten zerrenda ofizialean 52. dortsala ez zen agertzen. Bai, 52 dortsal hau Uranena zen. Hori dela eta kazetariek Uran Henaorekin ere nahastera iritsi ziren.

Continue reading “Zergatik jarri genuen Uran gorriz ostiral gauean?”

“Erreskatatu gure lasterketak!!”

Aste hau Paris-Nizako Tropelako kiniela egiteko erreserbatua nuen, baina kosta behar zait hortan jartzea Itzuliaren jarraipenaren inguruan dagoen informazio zurrunbiloa harrapatu bainau.

Astebete ere ez da pasa Itzulia eta Klasikoa kinka larrian daudela jakinarazi zigutenetik baina egunero izan dugu zerbait. Jaime Ugarte antolatzaileen presidenteak eman zuen berria komunikabideei oharra bidali ostean (biciciclismo.com). Esaten nizuen moduan, estrategia Eusko Jaurlaritzari errua botatzean oinarritu dela iruditu zait. Eusko Jaurlaritzatik Patxi Mutiloa (diariovasco.com) eta Blanca Urgell (eitb.com) mintzatu dira erakunde publikoa eta beraien jarduna egoeraren baitakoa izan dela azaltzeko.

Bitarte horretan “Kontuz 1 euro” ekimena ezagutu dugu. Asmoa bakoitzak euro bat jartzea hainbeste aipatu den 150.000€ horiek biltzeko.

Azkena UCIren adierazpena izan da. Banku zentrala bailitzan, Itzulia, Donostiako Klasikoa eta Volta laguntzeko jarrera adierazi du. Ez litzateke lehen aldia izango iaz GP Ouest France Plouay probarekin egin zuten moduan.

1. aukera: Unipublic

Organizaciones Ciclistas Euskadi (OCE) antolakuntza taldea eta Eusko Jaurlaritzaren ika-mika honetan babesle garrantzitsu bat, Unipublic hain zuzen ere, interesatuta zegoela jakin genuen Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kazetariaren bitartez. Zergatik ez onartu laguntza hau? Unipublicek Itzulia bakarrik erosi nahi zuen Donostiako Klasika alde batera utziz eta hori OCEk ez zuen nahi (Euskadi Irratian entzuna). Continue reading ““Erreskatatu gure lasterketak!!””