Zergatik jarri genuen Uran gorriz ostiral gauean?

Vinokourov, Uran eta Kristoff Londreseko podiumean

Zenbait kexa izan ditugu Uran lehiaketa hasi aurretik gorriz jarri genuelako. Hori eta gainera zilarrezko domina irabazi zuelako. Askok gorriz zegoelako aldatu egin zenuten eta azkenean kaltetan izan zitzaizuen.

Lehenik eta behin zuen kexak ulertzen ditugula esan nahi dizuegu. Baina gertakari honek bere azalpena duela azaldu nahi dizuegu eta Tropelak zuzen jokatu duela adierazi.

Arazoaren sorburua txirrindularien zerrenda ofizialetik etorri zen. Askori erantzun dizuegu eskuetan genuen zerrenda ofizialean Uran ez zela agertzen eta hori ziurtatu dezakegu. Londreseko Olinpiar Jokoetako errepideko lasterketaren arduradunek argitaratu zuten zerrenda ofizialean 52. dortsala ez zen agertzen. Bai, 52 dortsal hau Uranena zen. Hori dela eta kazetariek Uran Henaorekin ere nahastera iritsi ziren.

Gaur jakin dugu Londreseko Olinpiar Jokoen inagurazio ekitaldia ospatzen ari zela Kolonbiako txirrindularitza federazioko presidenteak Uran zerrendan ez zegoela esan zioten deia jaso zuela. Arrazoia UCIk zerrenda ofizial egiterakoan errore informatiko bat tarteko, Uran zerrendatik ezabatua izan zela jakin dugu.

Egoera honetan, federazioko presidentea eta beste Kolonbiako arduradunek dokumentazio guztia bildu eta UCIn errekurtsoa aurkeztu zuten. UCIk errekurtsoa onartu zuen eta Uranen partehartzea lasterketari ekin baino 30 minutu lehenago egin zen ofizial, hemengo 10:30etan.

Ikusten duzuen moduan Tropelan beti egin ohi dugunez, zerrenda ofiziala eskutan, txirrindulariak berdez eta gorriz jarri genituen. Zerrenda hau ez zegoen ondo argitaratu zenean eta ez genuen akatsaren berri izan lasterketa jokatu zen arte. Beraz, errorea UCIk sortu zuen eta gainontzeko guztiok (gu eta medio ezberdinak besteak beste) Uran lehian izango ez zela zabaldu genuen.

Guztia azalduta, esan Tropelak zuzen jokatu zuela eta errore hau ezin izan genuela ekidin argi utzi nahi dugu.

5.4 artikulua

Tropela beti saiatuko da txirrindularien partehartzearen berri ematen dortsalak berdez eta gorriz jarriz arauetako 5.4 puntuan adierazten dugun moduan, baina hau ere adierazten dugu puntu horretan: “Halere, erabiltzaile bakoitzari dagokio azken egunetan kiniela errepasatzea eta bere txirrindulariak parte hartzekoak direla ziurtatzea”. Arau honekin azken erantzunkizuna erabiltzaileon gain uzten dugu, izan ere oraingoan UCIren akatsa izan da baina gerta daiteke guk ere akatsen bat egitea.

Espero dugu horrelako gehiagorik ez gertatzea etorkizunean. Gu behintzat berriz horrelakorik gerta ez dadin lanean arituko gara.