150.000€ aste honetan, bestela ez Itzuli ezta Klasikoa ere

Gaur informazio zehatzagoa eta zabalagoa argitaratuko du Diario Vascok gai honen inguruan. Oraingoz prentsa digitaletan aurreratu dutenarekin ari naiz idazten artikulu hau, baina ez dut uste askoz informazio gehiagorik irakurriko dudanik.

Sarean begira jardun dut eta harritu nauen lehen gauza transparentzia falta izan da gai honen inguruan. %40 eta %60 portzentajeak dantzan dabiltza artikulu ezberdinetan, baina ze diru kantitateri dagozkie portzentaje hauek? Iturri askotara jo dut, baita Euskal Herriko Itzuliko webgune ofizialera ere, baina ezin erantzun garbirik aurkitu. Transparentzia falta, beraz, gehiegizkoa antzeman dut.

Irakurri dudanaren arabera, Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa antolatzearen aurrekontu osoa 1.050.000€ ingurukoa da (honatx iturria) 1.475.000€ da: 1.050.00€ Itzulia eta 425.000 Klasikoa (DVren atzoko artikuluan argitua). Ez dakigu zenbat den lasterketa bakoitzari dagokiona, ordea. Webgune ofizialetatik diru kontuen inguruan ikusi ditudan datu bakarrak sarietan zenbat gastatu den izan da: 2011ko Donostiako Klasikoan 41.650€ eta 2009ko Euskal Herriko Itzulian 93.750€ (2010 eta 2011koak ez dira agertzen eta horren arrazoia ez dakit zein den).

Eusko Jaurlaritzak bere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik 1.080.000€ eman dizkio 2009, 2010 eta 2011 urteetan Euskal Herriko Itzulia antolatzeko, urtero 360.000€. Hori izan zen Eusko Jaurlaritzak adostutakoa Euskal Bizikletaren antolatzaileak eta DV Kirol Antolakuntza batzearen trukean. 2012an berdin beharko luke baldin eta akordioa luzatuko balukete, baina krisia tarteko, hala ez egitea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak. Aurtengo urtean 360.000€ eman beharrean 200.000€ emango dituela esan du Eusko Jaurlaritzak.

Ostiralean Jaime Ugartek (Euskadiko Txirrindularitza Antolakuntza) egoeraren larritasunaren berri eman zuen babesle batek ezezkoa eman ondoren, eta gaur jakin dugu larritasunaren zenbatekoa: 150.000€, osteguna baino lehen inguratu beharreko kantitatea gainera.

Ez da matematika asko behar jakiteko nondik datorren diru falta hori. Bai, Eusko Jaurlaritzak 360.000€ emango balitu ez legoke arazorik, baina 160.000€ (honek 150.000€ horien antz handia du, ala?) gutxiago emango dituenez, horiek falta.

Ugartek ‘dena prest’ duela adierazi du 150.000€ horien faltan. Aste honetan egin omen du kale diru hori emango zuen esponsorrak eta orain larritasunak. Mutiloak aspaldi adierazi zien murrizketa zetorrela aurten. Zertan izan dira ba orain arte Ugarte eta bere adiskideak?

Ez nago batere ados Ugarte egiten ari denarekin. Finantziazio pribatu batek (ze ez dakit gehiago izan diren) kale egin eta gero medioetan (prentsa oharra, ETB, gaur DVn,…) agertzea lasterketen etorkizuna kolokan dagoela esanez astebete eskaseko epean diru hori bildu ezean, diru publikoaren arduradunei presio zuzena egiten ari direlakoan naiz. Eta ez nago batere ados modu hauekin, ezta horrenbeste diru publiko era honetan xahutzearekin ere. Gainera Ugartek Eusko Jaurlaritzak diru hori eman ez arren lortzen lagunduko zuela esan ziela adierazi du; barkatu, baina hau entzunda besoak gurutzatuta norbait etorri zain geratu direla pentsarazten dit.

Gauzak gaizki egin dira aspaldidanik eta ez da fundamentuzko aldaketarik egin egoera hobetzeko. Partxeak jartzen joan dira arazoaren muinari eutsi beharrean. Eneko Garatek esaten zuenarekin guztiz ados nago: nik ere enpresa bat izango banuke ez nuke Euskal Herriko Itzulian inbertituko. Adibide nagusiena Euskara Sailburuordeak inbertitutako 1.080.000€ak: horrenbeste diru eman eta lasterketaren webgune ofiziala gaztelera hutsean? Non agertzen da Eusko Jaurlaritzaren logoa edo aipamenik webgunean?

Txirrindulari zale naizen aldetik ez dut nahi proba hauek desagertzerik, jakina, baina egin diezagun autokritika pixka bat gure buruari. Ez dit balio esateak ‘guk honetatik dirurik ez dugu kobratzen eta ez dugu gure dirurik arriskatuko’ esan eta ardurei muzin egiteak. Hainbeste axola bazaie lasterketekin jarraitzea konbentzi ditzatela DV eta Vocentoko jabeak 150.000€ horiek jartzeko lasterketa hauetan norbaitek publizitatea majo egiten badu hauek baitira.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.