“Erreskatatu gure lasterketak!!”

Aste hau Paris-Nizako Tropelako kiniela egiteko erreserbatua nuen, baina kosta behar zait hortan jartzea Itzuliaren jarraipenaren inguruan dagoen informazio zurrunbiloa harrapatu bainau.

Astebete ere ez da pasa Itzulia eta Klasikoa kinka larrian daudela jakinarazi zigutenetik baina egunero izan dugu zerbait. Jaime Ugarte antolatzaileen presidenteak eman zuen berria komunikabideei oharra bidali ostean (biciciclismo.com). Esaten nizuen moduan, estrategia Eusko Jaurlaritzari errua botatzean oinarritu dela iruditu zait. Eusko Jaurlaritzatik Patxi Mutiloa (diariovasco.com) eta Blanca Urgell (eitb.com) mintzatu dira erakunde publikoa eta beraien jarduna egoeraren baitakoa izan dela azaltzeko.

Bitarte horretan “Kontuz 1 euro” ekimena ezagutu dugu. Asmoa bakoitzak euro bat jartzea hainbeste aipatu den 150.000€ horiek biltzeko.

Azkena UCIren adierazpena izan da. Banku zentrala bailitzan, Itzulia, Donostiako Klasikoa eta Volta laguntzeko jarrera adierazi du. Ez litzateke lehen aldia izango iaz GP Ouest France Plouay probarekin egin zuten moduan.

1. aukera: Unipublic

Organizaciones Ciclistas Euskadi (OCE) antolakuntza taldea eta Eusko Jaurlaritzaren ika-mika honetan babesle garrantzitsu bat, Unipublic hain zuzen ere, interesatuta zegoela jakin genuen Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kazetariaren bitartez. Zergatik ez onartu laguntza hau? Unipublicek Itzulia bakarrik erosi nahi zuen Donostiako Klasika alde batera utziz eta hori OCEk ez zuen nahi (Euskadi Irratian entzuna).

 

2. aukera: diru bilketa “Kontuz 1 euro”

Sare sozialen bidez 150.000€ horiek biltzeko ekimen bat jarri da martxan paraleloan. Euskadiko Txirrindularitza Elkargoak eta hegoaldeko Federazioek ekimena babesten dutela jakin da. Ofizialki OCEk ez du ekimenaren inguruko adierazpenik egin.

3. aukera: UCI

Aurreratu bezala, gaur UCIk adierazpen bat plazaratu du eta bertan Itzulia, Donostiako Klasikoa eta Volta laguntzeko prest agertu da. Ez du esan laguntza hori zertan oinarrituko den, baina lasterketak mantentzearen alde egingo duela esan du.

4. aukera: artaziak

Ez saiatu sarean aukera honen inguruko informaziorik aurkitzen. Aukera honen inguruan hemen bakarrik irakurriko duzue, beraz, ondo ireki begiak eta adi irakurri.

Aurreko postean esaten nizuen moduan ez nuen antolakuntzaren aldetik aurrekontuen inguruko gardentasunik nabaritzen. Gainera nahastu ere egin nintzen bi lehiaketen aurrekontua 1.050.000€koa zela idatzi bainuen hasera batean 1.450.000€ beharrean. Hala ere lasai nago DVn akats larriagoa egin baitzuten: aurrekontu horretatik 700.000€ UCIri ordaintzeko argitaratu zuten igandean 70.000€ beharrean.

Arazoaren muinera jo beharrik ez dago (ez naiz errentagarritasun eredu aldaketaz hitz egiten hasiko), baina bai pixkat haratago: zergatik behar dira 150.000€? Galdera hau egin al diozue zuen buruari?

Azken hiru urtetan aurrekontu bera izan dute aldagailurik gabeko bizikleta bailitzan: 2009a geroztik 1.450.000€. Hainbeste aipatzen diren 150.000€ horiek (La Oreja de Van Gogh taldeari eman dizkiotenak esaten diharduen asko aurkituko duzue) aurrekontuaren %10 da; ez al da posible aurrekontua %10 bat murriztea? Hedabideetan begiratu besterik ez dago zenbat murrizketa egiten ari diren egoera ekonomikoa dela eta, %10 baino dezentez handiagoak gainera. Lasterketako antolatzaileek ezin dutela murrizketarik egin? Barkatu, baina ez dut sinesten.

Txio batean “Kontu 1 euro” ekimenarekin bat ez nuela egiten esan nuen, nik ez dut lasterketarik erreskatatuko, ez modi honetan behintzat. Jada azaldu dizuet nire arrazoietako bat, nagusiena akaso. Diario Vascok ere diru gehiago jar lezakeela uste dut eta inork ez dio horrelakorik eskatu (hau ere ezagutzen ez den datua). Eta beste bat ere emango dizuet: hain larria bada egoera, zergatik ez dituzte aurrekontuak argitaratu eta dirua biltzeko ekimenarekin bat egin, edo beraiek bat prestatu? Gogoratu Unipublicen laguntza/erosketa alboratu zuten horietaz ari garela.

 

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.