St. Wendel 2011: munduko ziklokros txapelketak

Egunotan ospatzen ari dira Alemanian, St Wendel herrian, 2011ko Munduko Ziklo kros txapelketak. Beste behin ere, txirrindulari euskaldun talde polit bat dugu han. Gazteenek jada amaitu dute euren lana. Juniorretan, Jonathan Lastra bilbotarra 17. postuan helmugaratu zen. Gazte mailako Munduko txapeldun berria Clément Venturini frantziarra dugu. Frantziarrek izugarrizko erakustaldia eman dute, 3 dominak irabaziaz.

23 urtez azpikoetan, aldiz, Lars Van der Haar holandarra izan zen garailea. 2. postuan bere taldekide Mike Teunissen iritsi zen eta brontzezko domina txekiar batentzat izan da: Karel Hnik. Gure txirrindulari onena Jon Ander Insausti mutiloarra izan da, 22. postuan amaitu duelarik. Bere atzetik, 38. postuan iritsi zen Dani Ruiz gernikarra. Zerbait aipatzekotan, Insaustik datozen urteetan izan dezakeen bilakaera arretaz jarraitu beharko dugula esango nuke. Kontutan hartu behar da lehen urtea duela maila honetan eta iaz juniorra izanik meritu gehiago dauka lortu duen emaitzak.

Gaur elite mailako txapelketa iritsiko da. Bertan 2 euskaldun izango ditugu: Egoitz Murgoitio abadiñoarra eta Javier Ruiz de Larrinaga zuiarra. Azken hau, beste urte batez ere Espainiako txapeldun eta Espainiako Kopan irabazle izan arren, pattalago ibili da Europan zehar lehiatu dituzten lasterketetan. Murgoitio, aldiz, ausartago eta indartsuago ikusi dugu nazioarteko lehiaketetan. Astean zehar iritsi den informazioaren arabera, ibilbidea ere lokaztuta zegoen, beraz Egoitzek zirudien gure txirrindularien artean top20an sartzeko hautagai bakarra. Baina dirudienez, azken ordutako hotzak zirkuitua izoztu du eta zirkuitu oso teknikoa ere ez denez, eta elkar aurreratzeko aukerak eskaintzen dituzten zenbait zuzengune zabal ere badaudenez, nahiko parean ikusten ditut 2 euskal txirrindularien aukerak. Hankak lurrean, bietako norbait top20an sartzea arrakasta litzateke.

Aurrean baina, belgikarrak ikusiko ditugu, Zdenek Stybar txekiarraren baimenarekin. Denen gainetik baina, 3 izen ikusten ditut: Niels Albert, Zdenek Stybar eta Sven Nys. Lehenengoa aurtengo denboraldian indartsuena izan dugu eta sasoi puntu onean iritsiko da. Pasa den igandean Holandan ospatu zen Munduko Kopako azken froga ere berak irabazi zuen eta era horretara Munduko kopa bereganatu. Horregatik, nire kinielan lehenengo aukera litzateke.

Azken urteko Munduko txapeldun Zdenek Stybar txekiarra era aurrean izango da zalantzarik gabe. Aurten ez du iazko nagusitasuna erakutsi, denboraldi hasieran izan zuen lesio bat tarteko eta mentalki ere %100an ez da ibili orain arte. Badirudi burua errepidean egin behar duen debutean izan duela eta ez dakit entrenamenduak ere aldatu ez ote dituen errepidera begira. Gaurkoan ez dut zalantzarik hanka eta buruan iazko txapela izango dituela.

Eta azkenik, ezin aipatu gabe utzi azken hamarkadan ziklokrosean nagusi izan den Sven Nys ere. Beste biak baino ia hamar urte zaharragoa da flandriarra eta ikaragarrizko nagusitasuna erakutsi badu ere urteetan, ez du zortea izan Munduko Txapelketetan. Izan ere behin bakarrik izan dugu munduko txapeldun, 2005an. Denboraldi hasieratik amaieraraino lehiakorra izan ohi da eta neguko espezialitate honetako txirrindularirik maitatu eta errespetatuena da duda barik. Fisikoki beste biak baino koska bat beherago badago ere, bada kontutan hartzeko datu bat: zirkuitu honetan irabazi zuen 2005an munduko Txapelketa eta duen eskarmentuari motibazio berezi hau gehitzen badio, goian ikusi dezakegu. Pertsonalki, urrezko domina irabazten ikusi nahi nuke.

Bigarren lerro batean, Bart Wellens, Kevin Pauwels eta Francis Mourey frantziarra aipatuko nituzke. Aurtengoan, Lars Boom holandarra ez dugu irteeran izango eta ezin outsider-en taldean aipatu. Errepideko denboraldia buru-belarri prestatzearren, ez du aurten ia lokatzik zapaldu.

Gizonezkoen txapelketa gaur eguerdiko 14:00tan ospatuko da. Zuzenean ikusi nahi dugunok, beste behin ere, internetez jarraitu beharko dugu. Ohikoa den bezala, Teledeporte-k diferituan emateko asmoa du. Bitartean, ezer berririk esatea espero ez zen, eta ezer interesgarririk esan gabe amaitu zen Contadorren prentsaurrekoa zuzenean eman zuen atzo telebista kate berberak. Zorionez, badirudi emakumezkoen froga goizeko 11.00tan zuzenean emateko asmoa dutela.