Espainiako Itzulia Euskal Herrian

Vuelta 1978Askok jada jakingo duzuenez 2011ko Vuelta-ko nobedade bat Euskal Herrian etapa batzuk jokatuko direla izango da. Orain dela 33 urte ez zela Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen Espainiako itzulia. Azken aldiz igaro zenean etapa bertan behera geratu behar izan zen jende talde batek ez ziolako tropelari aurrera egiten utzi Durango ingurutik. Amaiera eman goizeko sektore horri eta autobusetan hoteletara itzuli behar izan ziren txirrindulariak. Arratsaldeko erlojuz kontrako saioari hasiera eman zitzaion baina arazoak egon zirelako jendearekin baita ere bigarren sektorea bertan behera gelditu zen.

Euri asko egin du harrezkero. Testuinguru politikoa erabat aldatu da. Kirolari dagokionez ere Euskal Herritarrak inoiz baino aurreiritzi gutxiago dute Espainiako koloreak defendatzeko orduan: Eneko Llanos gasteiztarrak eta Virginia Berasategi bilbotarrak Espainiako selekzioarekin Europako triatloi luzeko txapeldunak izan ziren Gasteizen (azken honek berriki adierazi du Deia egunkarian gustura asko parte hartuko zuela Euskadiko selekzioa egongo balitz), milaka Bilbotar edo Athletic zale bere taldea animatzera joateko prest daude Espainiako Errege kopako finalera, Leire Olaberria gipuzkoarrak brontzezko domina bat lortu zuen Beijingo joko olinpikoetan Espainiako koloreak defendatuz, Xabi Alonso futbolaria munduko eta Europako futbol txapelketako Espainiako selekzioko partaidea izan zen… Adibideak jarraituko banitu jartzen orri ugari beharko nituzke.

Euri asko egin du azken aldiz Espainiako itzulia Euskal Herritik igaro zenetik. Zorionez edo zoritxarrez. Argi dago erabaki politiko bat izan zela Vuelta berriro ez itzultzea gure lurretara beti egon delako lasterketan arrisku bat zoritxarrezko zerbait gertatzeko (Espainiako beste lurralde batzuetan bezala baina gune geografiko honetan arrisku maila altuagoa arrazoi bereziengatik).

Oraindik giroa ez dago bero, lasterketa irailean igaroko da hemendik. Espainiako itzulia gure lurretatik igarotzeak ez dio askori sorpresaz harrapatu jakina den zerbait zelako. Orain askoren galdera edo apustua da ea munduko txirrindularirik onenetakoak normaltasunez igaroko diren edo zerbait gertatuko den gure errepidetara iristen direnean. Zoritxarrez ez daukagu kristalezko bola bat etorkizuna iragartzen laguntzen diguna (horrek ere bizitzari puntu berezi bat ematen dio non adierazten digun momentu oro disfrutatzen saiatu behar dugula). Baina pentsa dezakegu zer gertatu daitekeen.

Probokazioak alde guztietatik egongo dira. Bai lasterketa boikoteatzeko baita hiriburuko edo agintarien propaganda gure buruan sartzeko. Gustatuko litzaidake normaltasun osoz doan lasterketa bat ikustea behingoan Espainiako gizartea jabetzeko Euskal Herriko jendea heldutasun bat daukala eta Madriletik inposatzen diren gauzak onartzen dituztela puntu jasangaitz bateraino. Gustatuko litzaidake ikustea baita ere adierazpen askatasuna errespetatu egiten dela eta edozein iritzik lekua duela bai lasterketa barruan baita honetatik kanpo ere.

Kirola beti nahastu da politikarekin, zoritxarrez. Nork ez du gogoratzen Esperanza Agirre Espainiako ereserkia kantatzen Alberto Contadorrek talde kazakhstandar batekin Tourra irabazi ostean? Edo zelan erabili zen Espainiako munduko futbol txapelketako garaipena aipatzeko ekonomiak hobera egingo zuela??? (hiruko erregela erabiliz Brasil munduko superpotentzia ekonomikoa izan beharko litzateke). Horregatik esperantza txiki bat daukat guztia normaltasunez joango dela. Gainera kontutan izanda euskal zalegoa munduko onenetakoa dela merezi du Vuelta bezalako lasterketa batek Euskal Herriko errepideak zeharkatzea.

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.