#486 Tropela.eus podcastak: 2021eko Italiako Giroa errepasoa – 18. etapa

Bettiolek (EFN) Giroko 18. etapa poltsikoratu du

Aurreko podcastean esandakoaren kontra, 2021eko Italiako Giroko 18. etapa honetan ihesaldian izan da garailea. Gainera errenta handia lortu dute tropelak patxadaz hartu baitu. Aurrean indartsuena etapa garaipena lortzeko Bettiol (EFN) izan da. Sailkapen nagusian aldaketarik ez eta Bernalek (IGD) jarraitzen du lider.

Gaurko etapak emandakoa eta bihar eman dezakeenaren ingurukoak bildu ditu Iban Perezek (@piban) podcast berri honetan.

2021eko Munduko Txapelketak Bilbon jokatuko dira [inozentada]

2020ko Vuelta San Mamesen (argazkia: El Correo)

Tropelak jakin berri duenez, hurrengo urteko Munduko Txapelketak Bilbon jokatuko dira. 1997an Donostian ospatu ondoren, 24 urte beranduago euskal errepideetara itzuliko da ekitaldia. Juan Mari Aburto gaur eguerdian agerraldia egitekotan da Julian Erasorekin batera, OCETAko presidentearekin, prentsa ohar bidez jakin dugunez.

Izan ere, txapelketen antolakuntzaren ardura OCETAk bere gain hartuko du. “UCIk badaki mundu mailako antolakuntzarik onena gurea dela, batez ere ardo eta pintxo kontuetan!” kontatzen zigun Julianek algaraka. “Serio jarrita, badakizue nola hurrengo urtean Itzulia Basque Country eta Clásica San Sebastian Regionez gain, maiatzean Itzulia Woman ere antolatzekoak garela, emakumezkoen World Tour mailako hiru eguneko lasterketa” azaltzen digu Julianek, aitortuz helduen ingeleseko klaseak hartzen ari dela lasterketen izenak egoki esateko. “Hiru ala lau lasterketa antolatu, kasik berdin kostako zaigu!” dio Julianek. “Webgunea ere laster izango dugu prest. Badakizue, bisualagoa eta informazio garrantzitsuarekin, hau da, egun ditugun webguneak bezain onak” baieztatzen digu.

Jakitun zareten moduan, Bilbok Tourraren irteera hiri izateko asmoak ez dira ezezagunak. Hori dela eta, txapelketak antolatzea bitarteko pausu moduan beharrezkoa dela aipatzen digute udaletik. “Ez dago zalantzarik esperiantzia handiko lantaldea duela OCETAk eta esku onetan uzten dugula ekitaldiaren ardura” aipatzen digu udaleko ordezkariak. “Oso present dugu Sergio Padillari gertatu zitzaiona eta horregatik rotaflexak erosteko partida berezi bat gehitu dugu aurrekontuan” ziurtatu digute.

Ibilbidearen informazio zehatzak – GPS tracking eta abarrak – gaur bertan argitaratuko duten webgunean ikusgai izango direla bermatzen digute. Hori bai, oraindik ez dago argi webgunearen izena zein izango den, zalantzan baitira “campeonatosdelmundoBilbao2021.es” edo “GreatBilbao2021RoadWorldChampionship.eus” domeinuen artean. Hau guztia gaur bertan jakingo dugu.

#392 Tropela.eus podcastak: Iñigo Sarriegui medikuarekin COVID-19 eta txirrindularitza mintzagai

Podcast honetan Iñigo Sarriegui beasaindarra elkarrizketatu dute Eneko Garate (@egarate), Imanol Llucia (@imanolllucia) eta Egoitz Lizasok (@elizaso). Iñigo aurreko urteetan SKY eta ondoren INEOS izan den taldean aritu da. Berarekin bizi dugun egoeraren inguruan solasean aritu gara.

#391 Tropela.eus podcastak: 2020ko Paris-Niza eta koronabirusa

Berriro ere Iban Perez (@piban), Imanol Llucia (@imanolllucia) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira podcast honetan 2020ko Paris-Nizak eman duena, eta nola ez, ezinbestean koronabirusa izaten ari den eragina gizarte osoan, eta guri dagokigunez, txirrindularitzan.

Euskadi. Auzolana?

Duela egun batzuk Telegramen dugun Tropela faktorea taldetxoan sortu zen galdera: zergatik Euskal Herriko talde zein lasterketen inguruan beti ditugun diru arazoak, eztabaidak, euren arteko xextra ez hain ezkutuak eta bestelako jarrera kontrajarriak.

Nik sare sozialetan denetatik irakurri dut. Honetan ere teoria konspiranoiko asko, errudunak izen-abizenekin jarriz, pertsona, enpresa zein erakunde. Funtsean baina, arazo desberdinak ikusten ditut nik gaiaren inguruan eta ez dut jende askok bezain argi nor diren errudun edo erantzule nagusiak. Hona hemen eragin handia duten zenbait faktore, ez bakarrak, baina gutxitan aipatzen direnak:

1) Alde batetik, babesletzak askotan profesionaltasun gabe kudeatu izan dira hemen. Txirrindularitzan behintzat bai, baina nago beste zenbait arlotan ere horrela dela. Enpresek dirua jarri dute ez errentagarritasun helburu zehatzekin, fabore bat egiteko baizik, ondo geratzeko edo arrazoi emotiboak tarteko, eta ez erabaki arrazionalengatik. Babesletza horietan ez da marketin ildorik lantzen, ezta beraren inpakturik neurtzen beharrezko neurri zuzentzaileak hartzeko. Bihotzaz, intuizioz, datuei garrantzirik eman gabe. Eta garaiotan, zifrak handitzen diren heinean, hori arazo bat da. Batzuetan klientelismo hutsa ere izan da, beste batzuetan harreman publikoen barne koka genezakeen inbertsio neurgaitza. Akaso hemengo kultura enpresariala da, herrialde anglosaxoi edo Europako beste zenbait lekuekin alderatuz desberdina. Bai, han ere badaude Tinkov, Andy Rihs eta halakoak, baina ez dira guztiak. Logika ere badu horrela izatea Euskal Herrian: produktu industrialak garatzen dituzten enpresek gehiago bilatzen dituztelako harreman publikoetarako espazioak sortzea babesletzekin (administrazio publiko zein beste enpresekin harremanak limurtzeko), kontsumitzaileei zuzentzen diren enpresek baino, zeinek azken erabiltzaileari bideraturiko marketin estrategiak gehiago darabiltzaten. Azken hauek, gainera, epe labur edo ertainera askoz ere neurgarriagoak dira.

2) Epe luzera, administrazio publikoek txirrindularitza profesionala lagundu izana ere lasta bihurtu da. Hau da, behin horrelako laguntza emanda askok pentsatzen dute eskubidea dutela Jaurlaritzarengandik laguntza zuzena jasotzekoa, ordain gisara edo (bost axola proiektua bera, lan ona egiten duten ala ez: batek Emakumeen Bira delako, besteak Itzulia, edo besteak Euskadi ala Basque Country). Ez da fiskalizazio egokirik egin administrazioen partetik. Ez dut diruaren erabilera irregularrik eman denik esan nahi, ez baitakit, baina baldintzarik gabe eman izan da dirua sarritan. Tropelan ongi ezagutzen dugun adibide bat erabiliz, Jaurlaritzak adibidez ez dio hizkuntza erabileraren inguruko gutxiengorik eskatzen lasterketa antolatzaileei. Antolatzaileek ere ez dute Jaurlaritzari ere beren inbertsioen eraginaren berririk eman beharrik ere. Lau datu orokor agian bai, baina Jaurlaritzak ere ez die exijitzen taxuzko txostenik lasterketen eraginaren inguruan. Zer ekarri du guzti honek? Beren lana hobetzeko pizgarri falta, amateurismo gaizki ulertua, eta administrazioekiko gehiegizko dependentzia, orain ordaintzen ari garena.

3) Eta azkenik, guk ere badugu gure ardura. Zalego mota bat ere oso kaltegarria izan daiteke. Puristak gara txirrindularitza taldeei dagokionez, ez dugu halakorik buruan beste kirolei dagokionean, Athletic-en salbuespenarekin agian. Hau da, Vaughters batek edo Lefevere batek ez dizkio mugarik jartzen babesle bilaketetan herrialdeari, zer esanik ez fitxaketetan. Hemen denak behar du “euskal”, babesletik hasi eta masajistaraino. Eta nik uste Ineos oso britainiarra dela, Deceuninck oso belgikarra eta EF oso amerikarra. Baina hemen askok herejeak ez dituzte barkatzen. Gogoratu nola Igor Gonzalez Galdeano egindako fitxaketak tarteko, nola gurutziltzatu zen askoz lehenago hartu behar zen erabaki bat aurrera eraman izanagatik. Gauza asko egingo zituen gaizki, baina hobe beharrez ongi harturiko erabaki horregatik da madarikatua. Higuitak Fundazioarentzat edo Barceló, Samitier eta abarrek Muriasentzat ere lan ona egin dute eta apenas egon da kritikarik. Denborak arrazoia eman dio. Behar lukeen bezala, bestalde.

Guzti hori esanda, Eusko Jaurlaritzaren lematik haratago, zergatik auzolana? Zergatik elkarlana? Zergatik elkartu behar zuten Murias eta Fundazioak? Zergatik OCETA lasterketen monopolizatzaile? Erabaki horiek hartzen edo bultzatzen dituenak kirol hau oso gutxi ezagutzen duelakoan nago, eta oso gaizki aholkatuta dagoela.

Bitartean, isil-isilik, eztabaida mediatiko eta negar-eskaeren jokoan erori gabe, Lizarte taldeak eman du pauso bat aurrera. Datorren urtean Kern Pharma enpresak babesturiko kontinental mailako talde bat gehiago izango da errepidean. Hori da berri onena. Jon Odriozola ere baikor entzun dugu Vuelta amaieran taldearen jarraipenari dagokionez. Ea ba Euskadi Fundazioa zein Euskadi-Muriasek ere jarraitzen duten, dela kontinental mailan, dela profesional kontinental mailan, eta egin beza norberak bere bidea.