2020ko Vuelta San Mamesen (argazkia: El Correo)

Tropelak jakin berri duenez, hurrengo urteko Munduko Txapelketak Bilbon jokatuko dira. 1997an Donostian ospatu ondoren, 24 urte beranduago euskal errepideetara itzuliko da ekitaldia. Juan Mari Aburto gaur eguerdian agerraldia egitekotan da Julian Erasorekin batera, OCETAko presidentearekin, prentsa ohar bidez jakin dugunez.

Izan ere, txapelketen antolakuntzaren ardura OCETAk bere gain hartuko du. “UCIk badaki mundu mailako antolakuntzarik onena gurea dela, batez ere ardo eta pintxo kontuetan!” kontatzen zigun Julianek algaraka. “Serio jarrita, badakizue nola hurrengo urtean Itzulia Basque Country eta Clásica San Sebastian Regionez gain, maiatzean Itzulia Woman ere antolatzekoak garela, emakumezkoen World Tour mailako hiru eguneko lasterketa” azaltzen digu Julianek, aitortuz helduen ingeleseko klaseak hartzen ari dela lasterketen izenak egoki esateko. “Hiru ala lau lasterketa antolatu, kasik berdin kostako zaigu!” dio Julianek. “Webgunea ere laster izango dugu prest. Badakizue, bisualagoa eta informazio garrantzitsuarekin, hau da, egun ditugun webguneak bezain onak” baieztatzen digu.

Jakitun zareten moduan, Bilbok Tourraren irteera hiri izateko asmoak ez dira ezezagunak. Hori dela eta, txapelketak antolatzea bitarteko pausu moduan beharrezkoa dela aipatzen digute udaletik. “Ez dago zalantzarik esperiantzia handiko lantaldea duela OCETAk eta esku onetan uzten dugula ekitaldiaren ardura” aipatzen digu udaleko ordezkariak. “Oso present dugu Sergio Padillari gertatu zitzaiona eta horregatik rotaflexak erosteko partida berezi bat gehitu dugu aurrekontuan” ziurtatu digute.

Ibilbidearen informazio zehatzak – GPS tracking eta abarrak – gaur bertan argitaratuko duten webgunean ikusgai izango direla bermatzen digute. Hori bai, oraindik ez dago argi webgunearen izena zein izango den, zalantzan baitira “campeonatosdelmundoBilbao2021.es” edo “GreatBilbao2021RoadWorldChampionship.eus” domeinuen artean. Hau guztia gaur bertan jakingo dugu.