10. Tourrean, Tropela eta Laboral Kutxa elkarlanean

Laboral Kutxa SariaDakizuen moduan, aurtengoa Tropelak lehiatuko dugun 10. Tourra izango da. A ze marka!! Hori gogorarazteko harro aldatu dugu goiburuko logoa 10 zenbaki dotorea gehituz. Eta beti esan ohi dugun moduan, hein handi batean zuei eskerrak! Eskerrik asko guztioi hainbeste urtez zintzo Tropelan parte hartzen jarraitzen duzuelako!

Berrikuntza eta aldaketa ugari jasan ditu Tropelak urte guzti hauetan zehar eta aurtengoa ere ez da aparte izango. Urte guzti hauetan zehar makina bat babesle eta laguntzaile izan ditugu – eskerrik asko zuei ere!! – eta aurtengoan, modu berezian, Laboral Kutxarekin gauzatu dugu elkarlana. Izan ere, Laboral Kutxak Frantziako Tourreko lehiaketan babestutako sailkapen propio bat izango du Laboral Kutxa Saria izena duena. Erabiltzaile guztiok zaudete gonbidatuta sailkapen horretan parte hartzera eta sari zoragarriak irabazteko lehiatzera: Orbea bizikleta, Forum Sporten gastatzeko bonoak, … Gainera Laboral Kutxa Saria sailkapeneko erabiltzaile guztien artean maillot eta kuloteak ere zozketatuko dira.

Gure aldetik Laboral Kutxari eskerrak eman nahi dizkiogu gugan jarri duen konfiantzagatik eta Tropelako lehen sailkapen babestua berea izateagatik.

Zorte on guztioi eta goza dezagun hamargarren aldiz Tourraz Tropelan!

 

Zer egin erlojuaren kontrako taldekako etapekin? [Inkesta]

Aspaldidanik daukagu zalantza erlojuaren kontrako taldekako etapetan puntuak banatu ala ez. Funtsean dagoen zalantza, ordea, ez da puntuak banatzea ala ez, baizik eta banatzekotan nola banatu.

Hori dela eta atzo Twitter bidez “inkesta express” bat egin genuen bi galderekin:

1. Erlojuaren kontrako taldekako saioetan puntuak banatu bai ala ez?
2. Nola eta zenbat banatu?

Hainbat erantzun jaso genituen (eskerrik asko erantzun zeniguten guztioi!) eta denetarik. Erantzun horiekin eztabaida gure blogera ekartzea nahi genuen eta inkestatxo bat antolatu dugu zuen iritzia jasotzeko asmotan.

Zuen iritziak entzuteko irrikitan gaude!

Phinney atzoko faboritoetan nagusi

Atzoko lehen etaparako hiru faboritoak aipatu zituen Vaughtersek twitter bidez eta baita asmatu ere. Phinney (BMC, %14), Thomas (SKY, %21,3) eta Rasmussen (GRM, %2,7) izan ziren bere txioko izenak, baina ordena zehaztera ez zen ausartu. Hala ere, Rasmussenek irabaztea nahiko zuela pentsatu behar bere taldeko txirrindularia izaki.

Askok Thomas jotzen zuten faborito. Romandiako aitzin etapa irabazi zuen eta horrek abantaila ematen zion, baina gogoratu Romandiakoan zenbait txirrindularik euripean jokatu zutela atzo ez bezala. Dena den, Thomasek ez zuen hutsik egin eta denborarik onena jarri zuen.

Ez nuke aipatu utzi nahi Navardauskasen (GRM, %0,1) marka denbora luzez gainditu ezineko marka izan zela.

Continue reading “Phinney atzoko faboritoetan nagusi”

Euskaldunen puntu banaketa Munduko Txapelketan

Datorren astean zehar jokatuko dira aurtengo Munduko Txapelketako lasterketa ezberdinak. Hitzordua Kopenhagenen da aurten. Tropelako lehiaketan iaz bezala elite mailako erlojuaren kontrako saioa eta errepidekoa jokatuko dira. Lehena asteazkenean jokatuko da eguerdiko 12:30etatik aurrera eta bigarrena, errepidekoa, igandean goizeko 10:00etatik aurrera.

Ohi bezala bai erlojuren kontrako saioan bai errepidekoan, lehen 25 txirrindulariei banatuko zaizkie puntuak gure arauetan agertzen dugun moduan. Lehen euskaldunari dagokionez, ordea, erlojuaren kontrako saioan ez dira 50 puntuak banatuko euskaldun bakarra arituko baita, Jonathan Castroviejo.

Errepideko lasterketan bai, igandean lehen sailkatzen den euskaldunari 50 puntu emango dizkiogu. Gogoratu bi izango ditugula lehian, Imanol Erviti eta Juanma Garate.

Zorte on guztioi eta gozatu Kopenhageneko Munduko Txapelketaz!!

#45 Tropela.net podcastak: 21. etaparen kronika

Axier Sukia eta Egoitz Lizasok (@elizaso) Tourreko 21. etaparen kronika egiten dute podcast honetan. Etapa esprintean erabaki da eta boskarren aldiz Cavendish izan da garaile. Maillot berdea ere erabakitzeko zegoen eta ingelesak eraman du etapa garaipenarekin batera.

Hala ere, podcast honetan “Gure Tropela” atalean Tropelako sailkapenari azterketa sakonago bat egin diote solaskideek. acascarla izan da garailea aurtengo Tour honetan Evans, Andy Schleck, Frank Schleck eta Samuel Sanchez bizkarrezurrean oinarritutako kinielari esker. Podcastean bizkarrezur hori eta gehiagoz aritzen dira.

Aurreko podcastak hemen dituzu.