Columbia-High Road ase ezina

Siutsou. 8. etapan garaipenaEtapa mugitua izan zen atzokoa. Ihesaldi desberdinek tropela zatitzea ekarri zuten eta helmugaratu zen tropel nagusia 45 bat kidekoa izan zen. Noski, multzo honetan ez zeuden ez Petacchi, ezta Cavendish ere, beraz, ez gintuen harritu azken kilometroetako ihesaldi batek garaipena bereganatzea.

Colle de Galloren igoeran Garzelli, Horner, Leipheimer, Pellizotti, Rogers, Arroyo, Cunego eta Boasson (bezperako garailea) zortzikote arriskutsua tropelaren aurretik zen. Lortutako errentarekin Leiphemier birtualki lider izan zen karreraren une batean, baina LPR taldeak gogor ekin zion lanari zortzikotea harrapatzeko. 16 kilometrotan aurreko txirrindulari guztiek bat egin zuten eta Liquigas tropela kontrolatu nahian jarri zen buruan. Columbia-High Roadek Cavendish tropelean ez zuenez, ihesaldi saiakera egin zuen Siutsou txirrindulari bielorrusiarrarekin helmugarako 15 kilometro faltan. Lonbardiako itzuliko ibilbide zaila egin behar zuten azken kilometroetan eta ibilbideak ihesaldiari mesede egin zion. Bide estu, kurbatu eta har-bideek tropelari oztopo gehiago eragin zieten Siutsouri baino. Azkenean Siutsou 21 segundoko errentarekin helmugaratu zen Columbia-High Road-i aurtengo Giroko hirugarren garaipena emanez. Eta beharbada kontutan hartu beharreko beste datu bat: bigarren eta laugarren postuak ere Columbia-High Roadeko bi kidek eskuratu zituzten, Boasson eta Rogersek.

Atzoko etapak, ordea, alde ilun bat ere utzi zigun. Culmine di San Pietroren jaitsieren Pedro Horrillo txirrindulari ermuarrak 80 metrotako pendizetik behera erori zen. Gorputz osoan jaso zituen hausturak eta berehala bidali zuten erietxera. Koma egoeran aurkitzen da baina heriotza arriskutik kanpo omen dago. Gure animorik beroenak Rabobankeko txirrindulari euskaldunari.

Cavendishen ordez Boasson Hagen

Boasson Hagen. 7. etapan garaipenaZalantzarik gabe eguneko Giroko notizia Astanak egin duen protesta ekitaldia izan da beraien babesleek soldata ordaintzen ez dielako. Horrek, ordea, ez dio gaurko etaparen lehiari garrantzirik kentzen.

Eguneko ihesaldia Huzarksi, Klimov, Isaichev eta Faccik osatu dute. Zuten errenta ez zen helmugara iristeko bestekoa; bazirudien gaurkoan tropelak lasterketa lehiatzeko gose zela eta serio kontrolatu ditu iheslariak. Cavendish eta Petacchi tropelean ziren esprinta lehiatzeko prest, batez ere Cavendish, 6 etapa lehiatu ostean garaipenik ez baitu eskuratu aurtengo Giroan. Baina ez, 30 kilometro inguru falta zirela Bertolinik lasterketaren gidoia aldatuko zuen ihesalditxoari ekin dio maldan behera helmugarako. Maisuki ekin dio jaitsierari, bakarrik hasiera batean, minutu inguruko errenta lortzeraino. Tropela, berriz, euritan, beharrezko babes neurriak hartuta jaitsiera motelagoa egin du.

Oraindik geratzen ziren kilometro kopurua ikusita, txirrindulari tropeletik ihesteari ekin diote. Lehenik Hunter eta Brutt izan dira, ondoren Vigano eta Boasson Hagen. Laukoteak bat egin eta Bertolini harrapatu dute. 50 segundoko errenta izatera ere iritsi da boskotea eta hauen artean lehiatu dute lasterketa. Grivko ere saiatu den arren, tropela eta iheslarien artean geratu da helmugan.

Cavendish, beraz, gaurko etapa lehiatzeko aukerarik gabe geratu da, baina Boasson Hagen taldekide gazteak bere ezaugarriak ondo baliatuta garaipena eman dio Columbia-High Road taldeari bigarrenez aurtengo Giroan.

Egia izan gogoa nuen Cavendish-Petacchi lehia ikusteko. Ez dut oso garbi hurrengo esprintean zein gailenduko den eta egia esan horrek jakin mina sortu dit. Dudarik gabe, ordea, pozgarria da iheslariek garaipenak eskuratzea bestela lasterketek erakargarritasun guztia galduko bailuke, Tourrean bizi izan ditugun zenbait etapatan kasu.

Italiarrak nagusi oraingoz

2009giro_etapa6_scarponiGaurkoan ihesaldia espero genuen eta hala izan da. Bonnafond, Gatto eta Klostergaardekin batera Kiryienka eta Scarponi txirrindulariak ihesaldiari ekin diote. Zalantzarik gabe azken bi hauek zerbait egingo zutela garbi zen eta ihesaldiak helmugaratzea lortuko bazuen bi hauen artean izango zela etapa garaipena. Halaxe suertatu da. Hochkrimm lehen mailako portua Scarponi eta Kiryenkak tandemak igaro du, eta azken kilometroetan, matxura eta ezintasunak jota, Scarponik etapa garaipena lortu du tropelari 32 segundoko errenta atereaz.

Dagoeneko sei etapatatik lau italiarrek irabazi dituzte: Petacchik bi, Killerrak bat eta Scarponik gaurko bestea. Menchov (atzoko erakustaldi bikainaren ondoren) eta Cavendish (lehen eguneko taldekako erlojupeko etapa garaipenaren ostean) dira italiarren artean txertatu direnak.

Atzo Euskal Herriko egunkari batean italiarrek Giroan duten protagonismoaz irakurri nuen. Ez zen, ordea, txirrindulari italiarrak laudorioztatzeko, dopinarekin erlazionatzeko baizik. Paperezko prentsa honen arabera, italiarrek erabateko askatasuna omen dute Italian eta horregatik omen dabiltza bertako txirrindulariak lasterketaren buruan. Benetan harritu egin nituen horrelakoak irakurtzea ez baitzen iritzi artikulua, bezperako etaparen kontakizuna baizik. Askorako eman dezake aipu honek, baina ez da post honen helburua. Egia dena da italiarrak ohi bezala lasterketaren lehen postuetan ikusten ari garela lehen aste honetan, baina gai izango al dira maila honi eusteko geratzen diren etapa guztietan?

Di Lucaren poza eta Armstrongen porrota

Di Luca lider 5. etapanBagenekien amerikarra Giroa lehiatzerako moduan ez genuela ikusiko, baina nik bederen ez nuen uste mendiko bigarren etapan ia 3 minutu galtzerainoko iritsiko zenik. Askok gogoan izango duzue Armstrongen harrotasuna norainokoa zen eta seguru naiz berak ere ez zuela uste hain pattal ibiliko zenik. Atzokoan ikusi zen talde buruari jarraitzeko gauza ez zela eta gaur konfirmatu egin da bere ezina. Ondorioz 6. postutik 22.era jaitsi da sailkapen nagusian.

Spoltoreko txirrindulariaz ezin gauza bera esan. Gaurkoan etapa garailea Menchov izan bada ere, atzoko esprinta eta gaur Lövkvisteri ateratako errentari esker, Killerrak kendu dio protagonismoa lasterketaren lidergoa eskuratu baitu. Lasterketa erabakigarria izan ez bada ere, oraindik goiz baita, txirrindulari bakoitzaren indarrak nola diren ikusteko baliagarria izan delakoan naiz.

Petacchi 2 – Caven…

2009giro_etapa3_petacchiCavendish atzokoak ezustean harrapatu bazuen, gaurkoak lur jota utzi behar izan du ingelesa. Edo ez du ahaleginik egin lehen taldean sartzeko? Romandiako etapa batean gertatu zitzaion bezala, multzo nagusitik eta, beraz, etaparen lehiatik kanpo geratu da gaurkoan ere ingelesa. Ezinak jota? Konfiantza falta?

Kontuak kontu, bigarrengo esprinta eta La Speziatako esprinter beteranoak eraman du garaipena poltsikora. Bigarren garaipena jarraian pronostiko askoren kontra. Eta ez hori bakarrik, baita hain desiratua den maillot arrosa ere. Hori bai, biharko etapan maillota beste norbaiti eman beharrean aurkituko dela seguru, bihar hasiko baitira lehen igoerak. Hala ere, Petacchik bihar harro eramango du maillota soinean, italiar askoren pozerako.

Azken bi egun hauek ikusi ostean, ez litzaidake batere harrituko Cavendishek itzulia uztea erabakiko balu Tourraren aitzakian.