Petacchi 2 – Cavendish 2

Cavendish. 11. etapan garaipenaGarbi genuen bi esprinter hauen arteko lehia izango genuela aurtengo Italiako Giroan eta hala gertatzen ari da. Hasera batean italiarrak sorpresa eman zigun eta bi etapa garaipen eskuratu. Bazirudien Cavendishek ezin ziola jarraitu, baina azken etapa hauetan esperotako maila ematen hasi da.

Gaurko ibilbideak ez zuen zailtasun berezirik Monte Turchino izan ezik. Ez zegoen garbi ihesaldiren bat gailenduko zen ala esprinta izango zen. Aurrez saiakera portu honetan izango zirela pentsa bazitekeen ere, ihesaldi saiakera nagusiak porturako igoera hasi aurretik izan dira. Lehenik Isaichev errusiarra saiatu da. Xacobe Galiziako txirrindulariak 70 kilometro inguru egin ditu bakarrik, baina Monte Turchinoko malda hasieratan harrapatu dute. Ondoren Marzano italiarra saiatu da, baina Lampreko txirrindulariaren ahalegina ere ezerezean geratu da. Azkenean tropelak bat eginda gainditu du portua.

Tontorretik helmugara 20 kilometroko tartea geratzen zen eta ezohikoa suertatzen bazaigu ere, Armstrong tropelaren buruan jarri da jaitsierari abiadura emanez. Talde lana zirudien, izan ere Popovychek bere ihesaldi saiakera egin baitu baina emaitzarik gabe.

Azken kilometroetan esprinterren taldekideek gogor egin dute lan eta anabasa momentu bat ere izan dela esan daiteke. Leku bilatze horretan, ordea, Cavendishek duen abilezia agerian geratu da berriro ere eta garaipena poltsikoratu du. Berarentzat bigarren garaipena eta Columbia-High Roadentzat bostgarrena oker ez banaiz. Bigarren Farrar (oso ondo ari den esprinter estatu batuarra) eta hirugarren Pettachi izan dira. Sailkapen nagusian aldaketarik ez da izan.

Dirudienez faboritoek biharko indarrak gordetzen saiatu dira. Beharko dituzte, 60 kilometroko erlojupekoan bi igoera egin beharko baitituzte eta guztien artean sailkapen nagusiko lehiak urduritasuna zabalduko baitu.

Cavendishen ordez Boasson Hagen

Boasson Hagen. 7. etapan garaipenaZalantzarik gabe eguneko Giroko notizia Astanak egin duen protesta ekitaldia izan da beraien babesleek soldata ordaintzen ez dielako. Horrek, ordea, ez dio gaurko etaparen lehiari garrantzirik kentzen.

Eguneko ihesaldia Huzarksi, Klimov, Isaichev eta Faccik osatu dute. Zuten errenta ez zen helmugara iristeko bestekoa; bazirudien gaurkoan tropelak lasterketa lehiatzeko gose zela eta serio kontrolatu ditu iheslariak. Cavendish eta Petacchi tropelean ziren esprinta lehiatzeko prest, batez ere Cavendish, 6 etapa lehiatu ostean garaipenik ez baitu eskuratu aurtengo Giroan. Baina ez, 30 kilometro inguru falta zirela Bertolinik lasterketaren gidoia aldatuko zuen ihesalditxoari ekin dio maldan behera helmugarako. Maisuki ekin dio jaitsierari, bakarrik hasiera batean, minutu inguruko errenta lortzeraino. Tropela, berriz, euritan, beharrezko babes neurriak hartuta jaitsiera motelagoa egin du.

Oraindik geratzen ziren kilometro kopurua ikusita, txirrindulari tropeletik ihesteari ekin diote. Lehenik Hunter eta Brutt izan dira, ondoren Vigano eta Boasson Hagen. Laukoteak bat egin eta Bertolini harrapatu dute. 50 segundoko errenta izatera ere iritsi da boskotea eta hauen artean lehiatu dute lasterketa. Grivko ere saiatu den arren, tropela eta iheslarien artean geratu da helmugan.

Cavendish, beraz, gaurko etapa lehiatzeko aukerarik gabe geratu da, baina Boasson Hagen taldekide gazteak bere ezaugarriak ondo baliatuta garaipena eman dio Columbia-High Road taldeari bigarrenez aurtengo Giroan.

Egia izan gogoa nuen Cavendish-Petacchi lehia ikusteko. Ez dut oso garbi hurrengo esprintean zein gailenduko den eta egia esan horrek jakin mina sortu dit. Dudarik gabe, ordea, pozgarria da iheslariek garaipenak eskuratzea bestela lasterketek erakargarritasun guztia galduko bailuke, Tourrean bizi izan ditugun zenbait etapatan kasu.