Tropela Elkartearen eta Euskal Herriko Itzulia zein Donostiako Klasikoaren arteko elkarlana eten da

Duela 4 urte OCETA elkartearekin (Organizaciones Ciclistas Euskadi / Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak) hasitako elkarlanarekin ez dugula jarraituko jakinarazi nahi du Tropela Elkarteak.

Tropela Elkartea OCETArekin lanean hasi aurretik egoera hau zen:

*  Euskal Herriko Itzuliak eta Donostiako Klasikoak ez zuten webgune propiorik. Egunkari baten azpidomeinu bat erabiltzen zuten webgune ofizial gisa, komunikazioa batez ere gaztelera hutsean izanik eta apenas eguneratua

*  Lasterketek ez zituzten sare sozialik

 

Hori horrela, eta OCETArekin adostasunean, Itzulia zein Klasikoarentzat webgune propioak garatu zituen eta kudeatzen aritu da Tropela Elkartea ordutik, baita sare sozialak zabaldu ere. Gorabeherekin, tartean arlo digitalari ematen zaion garrantzi txikia eta aurrekontu eskasa (Tropela Elkarteak bere gain hartu ditu garapenaren eta kudeaketaren hainbat gastu), baina 4 urtez Itzuliaren eta 3 urtez Klasikoaren webgune zein sare sozialen atzean egon gara.

Gure kudeaketa digitalaren ezaugarri aipagarrienak honakoak izan dira:

* Eleaniztasuna. Euskara ardatz izan duen baina 3 hizkuntzetan eman den komunikazio digitala (euskara, gaztelania, ingelesa)

* Profesionaltasuna. Txirrindularitzaren eta teknologia berrien azken aurrerapenen jarraipena eta ahal zein heinean aplikazioa, World Tour mailako beste lasterketen pare

* “Itzulia” zein “Klasikoa” marka edo izenen erabilera, lasterketen identitate propioa indartu eta nazioarteko eragina handitzeko

 

Aurten baina, antolakuntza barruan izan den egitura aldaketarekin batera egoera guztiz aldatu da. Norberak bere irakurketak egingo ditu, baina gure ikuspuntutik ezin dugu esan onerako izan denik. Hasieratik konfiantza falta ikaragarria eta gure lanaren inguruko ezagutza falta handia sumatu genuen oraingo zuzendaritzaren aldetik.

Aurtengo Itzulian lanean aritu gara, OCETAk hala eskatuta, baina antolakuntzaren ikuspegia oso desberdina dela nabarmen ikusi dugu. Arestian aipatutako kontuez gain, biziki kezkatu gaitu antolakuntzak hizkuntza kudeaketaren inguruan azaltzen duen arduragabekeriak. Horren adibide argiak dira prentsa arduradun berriaren izendapena eta euskarazko domeinuen eta traolen erabileraren inguruan etengabe azaldu dizkiguten zalantzak.

Egoera deseroso honetan, Tropela Elkartearen eta OCETAren arteko lankidetza hemen amaitzen dela jakinarazi nahi dizuegu. Tropela Elkartea, beraz, ez da Euskal Herriko Itzuliko eta Donostiako Klasikoko webgune zein sare sozialen arduradun izango, nahiz eta guk horretarako gogoa adierazi eta proposamen sendo bat aurkeztu antolakuntzari.

Eta ezin uka kezkatuta gaudela. Azken urteetan egindako lana, eta euskarari, internazionalizazioari eta teknologia berriei dagokienez emandako urratsak ezerezean geratzeko arriskua hortxe baitago.

Tropelaren jarraitzaileei honen berri eman beharrean sentitu gara eta 4 urte hauetan proiektu honetan lagundu gaituzten kide, garatzaile, kazetari, argazkilari, txirrindulari, talde eta beste hainbat lagunei gure esker ona adierazteko ere aprobetxatu nahi genuke. Beraiek gabe ezinezkoa izango baitzen urte hauetan egindako lana burutzea.

Guk zabalduriko bide eta lan ildoak mantenduko diren esperoan, onena opa diegu Itzulia eta Klasikoari, gu guztion lasterketak baitira.

 

PDF Euskaraz

PDF Castellano

#160 eta #161 Tropela podcastak: 2017ko Flandriako Tourra eta Euskal Herriko Itzulia

Hemen dituzue bai bihar jokatuko den Flandriako Tourreko podcasta bai astelehenetik aurrera izango de Euskal Herriko Itzuliaren podcastak. Seguru lagungarri zaizkizuela zuen kinielak egiteko. Zorte on!!

#160 Tropela podcastak: 2017ko Euskal Herriko Itzulia

Itzulia 2017Iban Perezek (@piban), Lander Garrok (@landergarro) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) aurtengo Euskal Herriko Itzuliaren kinielari errepasoa ematen diote podcast honetan. Zalanzarik gabe Tropelako kiniela egiteko podcast lagungarria. Continue reading “#160 Tropela podcastak: 2017ko Euskal Herriko Itzulia”

Santamarinaren urtea

Luis Pedro Santamarina hil zen egunean, bigarren iritsi zen helmugara, eta lehenengoak kendu zizkion titular guztiak, normalean gertatu ohi den moduan. Lehenengoa Roger Walkowiak izan zen, aurreko batean hemen aipagai izan genuena. Gertatzen dena da, oraingo honetan, helmuga heriotza zela, denok berdintzen gaituen lurralde hori; eta, beraz, zorretan geunden Santamarinarekin, merezi duelako nor izan zen gogoratzea eta bere urterik emankorrena errepasatzea.

Joan den otsailaren 6an hil zen, Portugaleten, hantxe bizi baitzen, gallartarra izan arren. 74 urte zituen, eta, bere eskelak gogorarazten zuen moduan, Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen lehen euskal herritarra zen. 1970ean gertatu zen hori.

Werner taldean (argazkia: Harrie Lemeer)

Continue reading “Santamarinaren urtea”

Itzulia-Bira: emakumezko eta gizonezkoen eliteko lehen lasterketa mistoa [inozentada]

Basque Team2016a badoa eta 2017a hasterako berri azpimarragarri bat eman beharrean gara. Izan ere, askoren ezustekorako, baita UCI berarentzat ere -ez du aipamenik egin oraindik ekimen honetaz, baina zerbait esango duela espero da-, elite mailako lehen lasterketa mistoa jokatuko da gure lurretan, Euskal Herrian.

Continue reading “Itzulia-Bira: emakumezko eta gizonezkoen eliteko lehen lasterketa mistoa [inozentada]”