Itzulia-Bira: emakumezko eta gizonezkoen eliteko lehen lasterketa mistoa [inozentada]

Basque Team2016a badoa eta 2017a hasterako berri azpimarragarri bat eman beharrean gara. Izan ere, askoren ezustekorako, baita UCI berarentzat ere -ez du aipamenik egin oraindik ekimen honetaz, baina zerbait esango duela espero da-, elite mailako lehen lasterketa mistoa jokatuko da gure lurretan, Euskal Herrian.

Aurten egutegiari dagokionez inoiz baino gertuago izan dira Itzulia eta Bira. Biak lasterketak apirilean jokatu ziren eta 2017an ere bai. Zehazki esateko, gizonezkoen lasterketa apirilaren 3tik 8ra eta emakumezkoena egun gutxi batzuk beranduago, 13tik 17ra. Horien tartean kokatu dute klasiko moduan lehiatuko den lasterketa hau, “Itzulia-Bira” izenez ezagutzera emango dena. Igandea izango da lehiaren eguna, apirilaren 9an hain zuzen ere. Agerian geratu da, horrenbestez, 2016an bi lehiaketak hilabete berean lehiatzeko asmoa 2017an ikusiko dugunaren aurrekari intentzionatua izan dela.

Arduradunek ez dute xehetasun gehiegirik eman, baina Tropelak jakin ahal izan duenez 10 bat talde izango lirateke lehian zehazteko badago ere. Talde hauek herrialdeka banatuko dira eta 8 txirrindularik osatuak izango dira, 4 emakumezko eta 4 gizonezkoz. Nola ez, Euskal Herriak bere taldea izango duela azpimarratu du Jon Redondok, Eusko Jaurlaritzako gazteria eta kirol zuzendariak. “Ekimenaren berri jakin genuenean ez genuen zalantzarik izan. Alde batetik ekitaldiari babes osoa emango diogu txirrindularitzaren historian mugarria izango den ekimen honi. Bestalde, taldea propioa izatea ere bermatuko dugu Basque Team marka erabiliz. Euskal Herria nazioarteko txirrindularitzaren erreferentzia izango da 2017ko apirilean inoiz baino motibo gehiagorekin”.

Informazio gehiagoren bila, Haimar Zubeldiarekin jarri gara harremanetan. Kasualitatez Jakan aurkitu dugu Markel Irizarrekin batera denboraldi berriari begira lanean. “Bai, Markelek eta biok bagenuen ekimenaren berri baina publiko egin arte ezin ba ezer esan” aipatzen zigun Haimarrek parre txikia antzematen zitzaiola. “Pentsatzen dut Itzulian izango garenon artetik aterako direla 4 txirrindulariak eta garesti izango da lau plaza horietako bat lortzea, izan ere horrelako ekimenaren aurrean denok nahiko dugu parte hartu. Nik behintzat bai taldeak arazorik ez badit jartzen behintzat!” baieztatu digu usurbildarrak. “Nik jai izango dut Paris-Roubaixen izatea tokatuko baitzait. Ezin bada bi lekuetan aldi berean izan!” esan digu Markelek amorrazio puntutxo batez. Hala ere, biak ala biak gustora agertu dira horrelako ekimenean Euskal Herria aintzindari izango delako. “Pentsa, Jens Voigti komentatu genion asteburuan eta bizikleta hartzeko prest agertu da alemaniarrak taldea osatzeko norbait beharko baluete ere! Gure Voigt…” aipatzen zigun Markelek.

Emakumezkoen erreakzioak ere jaso nahi izan ditugu eta horretarako Leire Olaberriarengana jo dugu. Berriki ama izan da -zorionak bide batez, Leire!- eta bera ez dela lehian izango baieztatu digu. “Hori bai, hesien bestaldean behar den edozertarako prest izango naiz, esatari lanetarako edota antolakuntzari laguntzeko. Gainera ikusita zein txirrindulari bikainak ditugun, seguru nik baino maila hobea emango dutela” aipatzen zigun harro gipuzkoarrak.

Kontuak kontu, lasterketa forma hartzen ari bada ere, oraindik ez dago guztia zehaztua. Horren adierazgarri lasterketaren arauak zehaztu gabe daudela da, batez ere irabazlearena. Lasterketa mistoa izanda araudi berezia behar dela adierazi du antolakuntzak. Horrela, irabazlea helmuga lehen zeharkatzen duena izango bada ere, ezingo du bakarrik pasa garaipenaren marra. Jakin ahal izan dugunez, kopuruak zehazteko badaude ere, seguruenik 2 emakumezko eta 2 gizonezko izan beharko dira elkarrekin marra pasatzerakoan. Hau da, tropeltxo berean talde bereko lau kidek izan beharko dute, erdiak emakumezkoak eta beste erdiak gizonezkoak garaipena eramateko. Alderaketa egiteagatik erlojuaren kontrako saioen antzekoa izango da baina erlojuaren kontra izan gabe. Esanda bezala, ordea, horrelako kontutxoak argitzeko izango ditu antolakuntzak hurrengo asteak ekitaldiaren eguna iritsi aurretik.

Tropela, bere aldetik, lasterketa denboraldiko egutegian sartzeaz gain, webgune ofizialaz arduratuko da Itzulian eta Biran egin ohi izan duen moduan. Guretzat ere ohore bat izango da horrelako ekimen bateko parte izatea. Ea ba guztia ondo ateratzen den!