5. etapa: Gasteiz – Zalla

Aditua EH ItzuliaAri da Euskal Herriko Itzuliaren amaiera iristen eta oraindik ez dago batere argi zein izango diren podiumean izango diren txirrindulariak. Denbora tarte oso txikiak dira aurrenekoen artean eta behin honez gero larunbateko erlojupekora arte bere horretan jarraituko dutela uste dut.

5. etapak amaiera bihurri samarra izan arren ez zait iruditzen sailkapen nagusiko aurrenekoen artean diferentziak sortzeko adinakoa izango denik. Ziurrenik, izango dira oilarren arteko erasoak baina etapa honetan baino zailtasun handiagoek denbora tarterik lortu ez badute harritzekoa izango litzateke Avellaneda edo Beci bezalako mendatetxoetan hori lortzea.

Sailkapen nagusirako aukerarik ez duten txirrindulari batzuek osatutako ihesaldi batek bere helburua lortzeko agian etaparik aproposena dugu hau, hala ere, litekeena da azken kilometroetan, Freireren Rabobank edo Valverderen taldekideek esprinta ziurtatzeko ahaleginak egitea eta dakizuen bezala, tropelean esprintean iristeko aukera hartzen bada, ibilbidearen zailtasunak oztopatzen ez badu behintzat bere helburua lortzen duela.

Kuriositate gisa, adi egon etapako azken kilometroei, bereziki Avellaneda eta Beci mendateei, larunbateko erlojupekoan izango duten ibilbidea errepikatuko baitute.

4.etapa: Lerin – Gasteiz

Aditua EH ItzuliaEtapa ohikoa dugu Gasteizen amaitzen dena. 3 etapa gorabeheratsu izan ondoren lasaitasun pixka bat etorri behar luke laugarren etapa honetan, bai behintzat sailkapen nagusira begira dabiltzan gizonen artean.

Herrerako mendatea izango dute etaparen erdialdera. Tropela multzo dezentetan apurtzeko adinako gogortasuna izan arren, helmugatik hain urruti egoteak interes apur bat galdu araziko dio, hala ere, etapa ehiztariek mendate hau baliatu beharko lukete ihesaldi bat sortu eta aurrera egiteko.

Biharkoan, etaparen kontrolaren gakoa Euskaltel Euskadi taldearen baino gehiago Rabobanken gainean izango da. Arrazoia? Garbia, euren taldean Oscar Freire izanda eta beretzat aproposa gerta daitekeen helmuga bat izanik, bihar tropel buruan laranja kolorezko maillot asko ikusi dugula uste dut, Euskaltelekoak batetik, Rabobankekoak bestetik.

Tropelean ez da gizon azkar gehiegi, Oscar Freirez aparte eta gelditzen direnetatik azkarrenetakoak sailkapen nagusiaren lehian sartuak dira, Valverde, Rebellin edo Perdigueroren kasu eta ikusi beharko da esprintean sartuaz euren sailkapen nagusirako aukerak arriskatzeko gogorik izango duten.

1. Freire
2. Leukemans
3. Bru

Zuen aukeraketa hau izan da Tropelean

Zuen egindako aukeraketaren arabera gehien aukeratu dituzuen txirrindulariekin osatutako taldea honako hau litzateke:

HAUTAGAIAK: A.Valverde, S.Sanchez, A.Contador eta D.Di Luca.

EUSKALDUNAK: P.Vila, A.Osa, J.Bru eta D.Etxebarria.

BESTEAK: O.Freire, J.Voigt, R.Serrano, L.Piepoli, J.Rodriguez, J.L.Rubiera eta A.Gomez Marchante.

Zuen kiniela honen antzekoa al da?

Beherago jartzen dizkizuegu txirrindulari bakoitza zenbat aldiz aukeratua izan den erakusten duen zerrenda. Informazio horrekin hurrengo egunetan nork puntuatzea komeni zaizuen atera dezakezue.

Continue reading “Zuen aukeraketa hau izan da Tropelean”

3. etapa: Segura – Lerin

Aditua EH ItzuliaBigarrengo etapak sailkapen nagusia irabazteko aukera dutenen gizonen zerrenda asko txikitu du. Ez da erraza izango hirugarren etapak, gaur lehenengo taldean iritsi direnetako norbait jokoz kanpo uztea baina helmugara eramango gaituen aldapa aurrenekoen artean segundutxo batzuk ateratzeko baliagarria gerta daiteke. Segundo gutxi izango dira, noski, aldapa motza delako baina segurutzat jo daiteke segundo gutxiren aldeak bederen izango direla.

Interesgarria gerta daiteke etapa garaipenaren lehia. Euskaltelek du momentu honetan lasterketako liderra baina ikusi beharko da lidertza horri eusteko esfortzu extra bat egiteko prest dagoen edo ez. Izan ere, liderra taldean du baina Contador bere denbora berdinean da eta hainbat eta hainbat txirrindulari bi segundo eskasera, beraz ez daukat hain garbi lidertza mantentzeko zenbaterainoko lana egiteko prest izango diren eta beste talde batzuen laguntzarik jaso ezean, urrutitik sortutako ihesaldiren batek helmugan bere saria izan dezake.

Denak azkeneko aldapara batera iritsi ezkero Gomez Marchantek irabaztea gustuko izango nuke, atsegin dudan txirrindulari bat baita eta gainera aurreneko bi egunetan aldapa gora indartsuenetarikoa dela demostratu duena. Oraingo honetan beraz, buruarekin baino bihotzarekin pronostikoa eginaz:

1. Gomez Marchante
2. Valverde
3. Rebellin

Azkenean 1.112 partehartzaile!

Atzo goizeko txanpa ederraren ondoren, 1.125 partehartzaile zeundeten Tropelean, izena emateko epea itxi genuenean. Erabiltzaileak gainetik aztertu ondoren 13 erabiltzaile eta beraien kinielak ezabatu egin ditugu. Batzuk, datu oso desegokiak zituztelako edota datu gehiegi falta zitzaizkielako eta beste batzuk, pertsona berak erabiltzaile bat baino gehiago sortu dituela konturatu garelako. Ongi dakizuen bezala, pertsona bakoitzak kiniela bakarra egin dezake gure lehiaketan. Beraz, azkenean izugarrizko arrakasta, 1.112 erabiltzaile… Orain, onenak irabaz dezala!