Quintanaren erakustaldia denboraldi hasieran

Gaur jokatu da Tour de La Provenceko etapa erregina, 3. etapa. Bertan Mont Ventoux handian zuten helmuga. Kolonbiarrak etapa eta lidergoa eskuratu ditu igoera amaitzeko 7 km-ren faltan jotako erasoari esker. Astanako “motorrek”, lider zen Vlasov eta Lutsenkok (AST), eta Carthyk (EF1) osatzen zuten hiruko tropeltxoa ere ez da gai izan tarterik murrizteko.

Vlasov ezezagun bat genuen lider maillotaz gaurko etapan. Astanak bazirudien kontrolpean zuela lasterketa, baina ezustean, lehengo Quintana (ARK) bat azaldu zaigu. Eraso erabakigarri bat jo eta tartean handituz – 1’28″ko tartea bigarrenarekiko helmugan! – harri eta zur utzi gaitu. Ni behintzat bai eta ez naiz bakarra izan gure Tropelako Telegram taldean ikusi dugun moduan. Pentsa, lasterketa egoera eta erreferentziak gaizki hartuak izan badaitezke ere, diote igoeraren errekor berria ezarri duela Quintanak Pantanira berarena ere hobetuz.

Ez atera lekuz nire hitzak. Ez dut dopin kontuekin lotzerik nahi, datua bera dena baita. Norberak bere iritzia izango du. Nik garbi dudana da talde aldaketak itxura batean mesede egin diola Quintanari eta aurtengo Tourrari begira Quintanak lanak txukun egin dituela dirudiela, bai behintzat gaur arte.