#343 Tropela.eus podcastak: 2019ko Frantziako Tourra errepasoak – 2. etapa

2019ko Frantziako Tourreko 2. etapan ere protagonista Jumbo Visma taldekoak izan dira. Taldekako erlojupekoa jokatu da eta talde herbeheretarra nagusi izan da. Horrenbestez Teunissenek (TJV) lidergoa sendotzea lortu du. Bigarren sailkatu da Ineos taldea eta hirugarren Deceuninck – Quick Step.

Hau guztia eta biharko etapak eman dezakeenaren berri Iban Perezek (@piban) ematen digu podcast berri honetan.

Rap batekin hasi zen dena

Errepideko denboraldia hasi berri denean, marka batzuek egin dute posizionamendua. Zenbaki politak lortu dituzte denbora gutxian. Lau dira nabarmendu diren taldeak, lorturiko garaipenei esker: Astana (15), Deuceninck-Quick Step (13), Michelton-Scott (11) eta UAE-Team Emirates (10). Gainerakoak koska bat beherago daude, sasoiko lehendabiziko lasterketetan.

Garaipen zakua ikusita, Euskal Herriko hainbat txirrindulari dituen taldea da zer esana ematen ari dena. Ezizen ugari irabazi dituzte, batez ere, denboraldi berrian. Esaterako, #AstanaMotors eta #Eustana. Eta dena rap batekin hasi zen. Ahaztuko ez dugun bideo hori. Alexander Vinokourov ziklista ohia eta Astanako burua dute MC nagusi.

Ion eta Gorka Izagirrek asmatu dute talde aldaketarekin, eta seguru Euskal Herriko gainerako kideek eskertu dutela. Anai bakoitzak itzuli bana eskuratu du dagoeneko: Ionek Valentziako Volta eta Gorkak Proventzako Tourra. Baina guztira, zazpi itzuli irabazi dituzte zeru-urdin kolorekoek. Kolonbian, Omanen eta Ruandan onenak izan dira, txirrindulari hainbaten biziberritzearekin.

Harbideetako klasikoetan ere muturra sartu nahi izan dute, momentuz, lorpenik gabe. Oraindik egutegi luzea dute aurretik, harbideetan ez bada, muinoetan gailentzeko. Gero gerokoak. Alegia, hiru itzuli handiak.

Tropela.eus atariaren lehia osasungarria ere hastear da Strade Bianche klasikoarekin. Akaso, komeni da Astanako baten bat, gutxienez, aukeratzea.

argazkia: pezcyclingnews.com